Senidetze eguna, maiatzaren 25ean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko mai. 9a, 10:24

Hogei urte beteko dira aurten Zizurkil eta El Salvadorreko Segundo Montes komunitatea senidetu zirenetik. Urteurrena gogoan, Senidetze egun berezia antolatu dute aurten.

1993an, Mikel Arrastoa alkate zenean senidetu zen Zizurkil Segundo Montes Komunitatearekin. “Euskal Fondoak gonbidatuta, El Salvadorrera bidaiatu genuen urte hartan. 1992an bake akordioa sinatu zuten El Salvadorren eta gerrate egoeratik ateratzen ari ziren. Egoera politiko berrian, dena egiteko zeukaten; erakundeak sortu, bizitza politikoa abiatu, etab. Komunitate ugari bisitatu genuen bidaia hartan, baina harreman berezia egin genuen Segundo Montes komunitatearekin. Gerrate garaian Hondurasen bizitu ziren komunitate horretako kideak. Valladolideko jesuita bat izan zen Segundo Montes eta lan handia egin zuen El Salvadorrera itzul zitezen”.

Musika, senidetzeko giltza
Bitxikeria batek zabaldu zuen senidetzerako bidea: “Segundo Montesera iritsi ginenean, musika saioa eskaini ziguten harrera egiteko. Saioa amaituta, Euskal Herrian arrakasta handia izango luketela aipatu nien. Hitz haiek izan ziren musika talde hura Euskal Herrira ekartzeko lehen harria. Hiru hilabete pasa zituzten hemen, kontzertuak eskainiz”. Bidaia horretan sortutako harreman sendoak ekarri zuen Zizurkil eta Segundo Montes komunitatearen arteko senidetzea. “1993ko azaroan onartu zen udal plenuan. Senidetzea eskualdera zabaltzea zen helburua eta Aiztondoko zenbait herrirekin egitea lortu zen. Zizurkilez gain, Asteasu, Aduna eta Amasa-Villabona ere senidetuz joan dira geroztik”.

Ekimen ugari
Hogei urteotan, ekimen ezberdinetarako laguntza bideratu du senidetzeak. Hala azaldu du Mikelek: “Proiektu handiak bideratu ditu Euskal Fondoak. El Salvadorreko herritarrak politikarako prestatzeko lanetan aritu ginen lehendabiziko urteetan. Horrez gain, beste hainbat behar ere bazegoen; blokez egindako etxebizitzak eraiki ziren, ur hornidurarako instalakuntzak egin ziren, urtegiak eraiki ziren, emakumeak lan mundura bideratzeko proiektuak gauzatu ziren,... Beste ekimen txikiago batzuk ere izan dira; haurtzaindegietan baratzeak jarri, eskolen arteko senidetzeak bultzatu, ikasleentzako bekak bideratu, etab.”.

Ikasleentzako bekak
Aurtengo erronka nagusia ikasleentzako bekak lortzea izango da: “Familiek ez dute seme-alaba guztiei ikasketak ordaintzeko adina diru. Horregatik, mutilak Estatu Batuetara bidaltzen dituzte bizimodua ateratzera eta neskak bertan geratzen dira. Familiak erabat hausten dira eta egoera horretatik sortzen dira gazte koadrilen arteko bortizkeria edo marak. Egoerari buelta ematen hasteko, ikasketetarako bekak bultzatzea iruditzen zaigu modurik egokiena. Güeñesko Udalak ekin zion ekimen horri eta guk hartuko dugu lekukoa. 1.500 eurorekin, bost ikaslerentzako bekak bidera ditzakegu. Diru kopuru hori lortzea izango da aurtengo erronka nagusia”, azaldu du Mikelek.

Senidetze eguna
Senidetzeari sustrai sendoagoak emateko eta herritarrengan zabaltzeko, Senidetze eguna sortu zen duela bost urte. Maiatzeko azken larunbatean egiten dute urtero, eta Aiztondoko herriak txandatzen joaten dira antolaketa lanak egiteko. Aurten hogei urte betetzen dira Zizurkil senidetu zenetik eta bertan egingo dute ospakizuna. Hala azaldu du Eva Usandizaga zinegotziak: “Ekitaldi ezberdinak antolatuko dira hilabete osoan zehar. Horrez gain, Segundo Montes komunitateko ordezkariak etorriko dira eta bisitaldi ezberdinak egingo dituzte; Larraitzeko natur parkea, nekazal turismoko etxe bat..., beraientzako erabilgarriak izan daitezkeen txangoak egingo dituzte egunotan”.

Senidetzearen inguruko ekitaldi sorta
  • Maiatzak 2, osteguna. “Guk egiten dugu, zuk zergatik ez?” erakusketaren inaugurazioa, Atxulondon.
  • Maiatzak 14, asteartea. Ipuin kontaketa solidarioak Otañon.
  • Maiatzak 17, ostirala. 17:00etan herriko haurrak bertsotan, dantzan eta kantari eta 20:00etan janari trukea. El Salvador eta Euskal Herriko janaria prestatuko da Urkamendin eta Aurrera Plazan dastaketa eskainiko da.
  • Maiatzak 21, asteartea. “Segundo Montes Libre de Analfabetismo” hitzaldia Atxulondon.
  • Maiatzak 22, asteazkena. Bideo emanaldiak 19:00etan Atxulondon: “Retorno a Morazán” eta Gugazeko kortoak.
  • Maiatzak 25, larunbata. Senidetze eguna:
    • 11:00: harrera instituzionala Zizurkilgo Udaletxean. Kataluniatik etorriko den konpartsa batek alaituko du.
    • 12:00: Porrotx, Pedro Mari Otaño plazan.
    • 13:00: Harrera herrikoia, dantzari eta bertsolarien eskutik. Ondoren, talo solidarioak eta Empordako ardo dastaketa.
    • 14:30: Bazkari herrikoia. Ondoren: Fermin Valentziaren kontzertua.

Ekarpenak egiteko kontu korrontean: 2095-5072-63-1063439367.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!