Zizurkil, 11 urte eta gero, Gipuzkoako Herri Arteko pilota txapelketan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko mai. 8a, 14:15

2002an hartu zuen parte, azkenekoz, Zizurkilek Gipuzkoako Herri Arteko pilota txapelketan. 11 urte hauetan, taldea osatu ezinik ibili dira. Aurten, ordea, Zizurkilek izango du bere ordezkaritza. Lehen kanporaketa ostiral honetan jokatuko da, Zizurkilen. 

Lehen parte hartzea 1994an izan zen eta 1998 urtera arte, 5 urtez jarraian, parte hartu zuen Zizurkilek Herri Arteko pilota txapelketan. Azken parte hartzea, esan bezala, 2002an izan zelarik.

Aurten, Herri Arteko txapelketak 46. edizioa beteko du eta Zizurkil beste 22 herrirekin batera arituko da lehian. Parte hartzaileen arabera, “urte askotako lanak, inplikazioak eta pilotarako gogoak lortu dute, berriro ere, Zizurkil bezalako herri txiki batek taldea osatu ahal izatea. Jakinik gainera, biztanle gehiago eta pilotaren munduan historikoak diren Azpeiti edo Andoain bezalako herriak parte hartu ezinik geratu direla taldea osatu ezin izan dutelako”.

Zizurkilgo taldea pilotari hauek osatzen dute: 

Kadete mailan, lehendabizikoz, Mikel Garin eta Jokin Arregi Aundi ariko dira lehian. Jubenil mailan, berriz, Peru Labaka eta Jon Erasun. Azken honek, pasa den astean GRAVN txapelketan bigarren postua eskuratu zuen. Bukatzeko, nagusien mailan, Iñaki Lizaso eta Imanol Arruti lehiatuko dira; hauek, bosgarren aldiz hartuko dute parte Herri Arteko txapelketan.

Aurtengo txapelketako lehen kanporaketa ostiral honetan, maiatzak 10, jokatuko da Zizurkilgo Intxaur pilotalekuan, arratsaldeko 19:00etan. Zizurkildarrek Lezoko taldea izango dute arerio. Antolatzaileek adierazi dutenez, “pilotazale eta zizurkildar guztiak animatu nahi ditugu taldea animatzera etor daitezen”. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!