Kopatik kanpo senior mailako taldea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko mai. 8a, 13:53

Urnieta Balerdi Harategia senior mutilek ondo hasi zuten partida, baina ez ziren gai izan Hondarribia mendean hartzeko eta Kopatik kanpo daude partida baten faltan.

Gogotsu hasi ziren jokatzen Urnieta Balerdi Harategia taldeko senior mutilak, baina pixkanaka hondarribiarrak gehiago zirela erakutsi, eta 19-24 garaitu zituzten urnietarrak. Ondo hasi zuten lehen zatia, baina atsedenaldirako 9-15 ihes egin zuten markagailuan hondarribiarrek. Bigarren zatian hiru gol azpitik egon zen Urnietako taldea, baina luze gabe berriro errenta handia hartu zuten bisitariek. Ondo ibili ziren defentsan, baina erasoan ez ziren behar bezala aritu, batez ere hegaleko postuetan. Gainera, Hondarribiko atezainak partida ona jokatu zuen. Emaitza horrekin Kopatik at daude Urnietarrak, nahiz eta jokatzeko partida bat gehiago izan.

Urnieta Mecanizados Kamox kadete neskek partida zirraragarria jokatu zuten Ereintzaren aurka, eta Federazioko Trofeoa irabazi dute garaipenari esker (14-13). Ondo hasi ziren urnietarrak, baina segituan jabetu ziren ez zela partida erraza izango. Jaurtiketa asko erratu zituzten horietako asko zazpi metrotatik eginak, eta lehen zatia 6na bukatu zuten. Bigarrenaren hasieran aurretik jarri zen Ereintza, baina defentsa lana eta azken uneko kontraerasoei esker partida irauli zuten urnietarrek, eta trofeoa eskuratu.

Urnieta Guria Kafetegia infantil mutilek ezin izan zuten ezertxo ere egin Elgoibarren aurka, eta 14-29 galdu zuten etxean. Urnieta Bosteko jatetxea infantil neskak partida osoan irabazten joan arren 12-13 galdu zuten Bera-Beraren aurka. Luzeegi egin zitzaien bigarren zatia, eta ezin izan zituzten bi puntuak eskuratu nahiz eta gehiago merezi. Azkenik, Urnieta Guria Kafetegia infantil neskek 16-7 hartu zuten Urola mendean, bigarren zatian eginiko lan bikainari esker.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!