Herriko plazan, elizaren eta udaletxearen artean dagoen etxean kokatzen da haur txokoa. Komuna, oinetakoak eta berokiak uzteko tokia, berogailua, aire-girotua... 0 eta 11 urte bitarteko haurrentzat egokitu dute lokala, hiru gunetan banatuz. Lurra koltxonetekin estalita, txikienentzako prestatu dute txoko bat. Bertan, peluxeekin jolasteko parada izango dute hiru urte arteko haurrek. Beste txoko batean, zahartxoagoei aukera emanez, lurrean koltxonetak eta esertzeko puf batzuen laguntzaz, irakurtzeko lekua atondu dute. Hirugarren gunea, berriz, 7 eta 11 urte bitarteko haurrei dagokie. Koloredun mahai zabal batekin eta aulkiekin apaindu dute aipatutako gune hau. Mahaiaren ondoan, armairu batean eskulanak eta margolanak egiteko materiala izango dute eskuragarri bertaratutakoek.
Funtzionamendua
Begiralerik gabe kudeatuko dute haur txokoa. Miren Aburuza Udal zinegotziak azaldu duenez, “interesa duten guraso guztiek zerrendan izena eman beharko dute eta 5?ko fidantza baten truke lokaleko giltza emango zaie”. Haur txokoa batez ere negurako pentsatuta ireki dutela azaldu du Mirenek: “Aste guztian zabalik egongo da lokala goizeko 10:00etatik 20:00etara bitartean eta giltza duen orok, ordutegi horren barruan nahi duenean etortzeko aukera izango du. Lokala era egokian manten dadin, arautegi bat prestatu dugu: besteak beste, haur-kotxeak ezin dira barrura sartu eta lokalean ezin da jan”.