Villabonako martxa zikloturistarako guztia prest

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko mai. 8a, 12:13

Irrintzi txirrindulari elkarteak antolatuta maiatzaren 12an ospatuko da, zazpigarrenez, Villabonako martxa zikloturista. Antolatzaileetako bat den Gari Bidaurreta billabonatarrak eman ditu martxaren inguruko azalpenak.

Hainbat urtetan geldirik egon ondoren, orain lau urte, berriz ere martxa zikloturista antolatzeari ekin zioten: “Iker Usabiaga gure artetik  joan berria zen eta zikloturismoa oso gustukoa zuenez, bere omenez, hasi ginen antolatzen. Egun, urtero, martxa hasi aurretik familiari omenaldi txiki bat egiten diogu”.
Martxako partaideek 122 kilometroko eta 900 metroko desnibela duen ibilbidea egin beharko dute. Urtetik urtera parte-hartzaile kopurua handiagotuz zihoala ikustean, parte-hartzaile kopurua mugatu egin zuten: “Orain hiru urte 200 lagun baino gehiagok eman zuten izena. Duela bi urte 300 baino gehiagok eta iaz, 460 parte-hartzaile izan genituen gurean. Hori ikusirik, iaz, 500 laguneko muga jarri genuen. Gure helburua guztia ondo antolatuta egotea da eta daukagun antolakuntza taldearekin ezingo genuke 500dik gorako kopurua ondo maneiatu”, azaldu du Garik. Aurretiazko antolakuntza lanetan sei lagun aritzen dira. Egunean bertan, berriz, 50 inguru: “Denen beharra izaten da. Helmugan, esaterako, jende asko behar da. Horrez gain, bide gurutzeetan, autoetan eta hornidura postuetan ere jendea behar izaten da”. Nesken parte-hartzeari dagokionez, urritasuna nabarmena dela azaldu du Garik: “Iaz, 460 parte-hartzaileetatik bost bakarrik ziren neskak. Txirrindularitzari ez dakit zer pasa zaion neskekin. Ez dago neskarik eta ez dakigu zer egin horren alde”.

Martxa berezia
Gari Bidaurretaren ustez, beste martxa zikloturistekin alderatuz berezitasunak baditu Villabonakoak: Ibilbidea, esaterako, oso polita da. Zikloturistentzat ohiko bidea ez denez, parte-hartzaileak gustura ibiltzen dira. Antolakuntza ere aipatzekoa da. Guztia oso ondo seinalizatuta egoten da. Atallun eta Betelun, esaterako, argirik gabeko bi tunel daude eta egun horretarako argiztatu egiten ditugu eta, egia esan, zikloturistek asko eskertzen dute. Bukatzeko, helmugan sortzen den giroa aipatuko nuke. Bertan hamaiketakoa, poltsen banaketa eta zozketa egiten ditugu eta horrek giroa asko pizten du”.

Martxaren nondik-norakoak
Maiatzaren 12an ospatuko den martxarako izen-ematea bi bidetatik egin liteke: aurrez, internet bidez www.kirolprobak.com webgunean edo egunean bertan goizeko 7:00etatik aurrera. Martxari goizeko 8:00etan emango zaio hasiera Malkar plazatik. Ibilbidean zehar,  kotxe bat bidea irekitzen, anbulantziak eta mekanikoak ibiliko dira parte-hartzaileen beharrei erantzunez. Horrez gain, hiru hornidura postu izango dituzte: Saldiasen, Azpirotzen eta Villabonan hain zuzen. Proba amaitzean, parte-hartzaile guztiek Olaederra kiroldegian dutxatzeko aukera izango dute. Informazio gehiago www.irrintzielkartea.net orrialdean aurki daiteke.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!