Iturrigoxo jatetxea berriro ere zabalik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko mai. 8a, 12:11

Otsailean itxi zituen bere ateak Amasako Kultur-Etxean kokatzen den Iturrigoxo jatetxeak. Lokal hori Amasa-Villabonako Udalarena denez, otsailean bertan, Udalak esleipen publikoa zabaldu zuen. Aurrerantzean, Angela eta Alba ama-alabek kudeatuko dute Iturrigoxo jatetxea.

Noiz hasi zineten ostalaritzaren munduan murgiltzen?
Angela:
Orain lau urte sukaldaritza ikastaro bat egin nuen Cebanc-en eta orduz geroztik hainbat tokitan aritu naiz sukaldari lanetan, besteak beste, Hernialdeko Elketa jatetxean sukalde-buru, eta ondoren, Urnietako Zelai jatetxean ibili nintzen. Denborak aurrera egin ahala, nire negozioa behar nuela konturatu nintzen eta orduan hartu nuen Villabonako Or-Konpon taberna. Orain, berriz, bietan arituko naiz.
Alba: Ni beti egon izan naiz amari laguntzen eta orain Iturrigoxon egongo naiz zerbitzatzen.

Zergatik erabaki zenuten Iturrigoxoren lehiaketara aurkeztea? Espero al zenuten irabazterik?
Angela:
Or-Konpon tabernako jangela txikia da eta ez du jatetxe baterako jokurik ematen. Iturrigoxok, berriz, jangela ederra du eta hori ondo aprobetxatuko dugula uste dut.
Alba: Lokal honek jatetxeaz gain mila ekintza egiteko aukera ematen du eta alde horretatik ere interesgarria iruditu zitzaigun. Lehiaketara, noski, irabazteko esperantzan aurkeztu ginen eta gustura gaude emaitzarekin.

Nola kudeatuko duzue Iturrigoxo?
Alba:
Or-Konpon tabernako dinamika bera ibiliko dugu: Plater konbinatuak, bokatak, kazuelatxoak eta eguneko menuak emango ditugu. Asteburuetan, berriz, eguneko menuaren ordez, bereziagoak izango diren asteburuetako menuak emango ditugu. Ordutegiari dagokionez, asteko egun guztietan egongo da zabalik goizeko 10:00etatik itxi arte.
Angela: Gure asmoa, astean zehar tabernako zein jangelako espazioak bat egitea da, baina asteburuetan jangelako espazio hori menu berezietarako uzten saiatuko gara. Hala ere, hori martxaren arabera ikusiko dugu.
Alba: Aurrera begira, gure asmoa jatetxe zerbitzuaz gain, beste zerbait eskaintzea da, hau da, beste ekintza batzuk antolatzea: enpresentzako bilerak egiteko aukerak, zuzeneko kontzertu txikiak... Mila plan dugu buruan eta poliki-poliki horiek gauzatzen joatea da gure helburua; jendea ez dadila soilik, jatera etorri.
Angela: Albak esan duen moduan, gure asmoa besteengandik desberdintzea da. Iturrigoxo ez dadila jatetxe-taberna moduan soilik ezagutu. Iturrigoxo herriaren parte da eta guk egokitu behar dugu herrira, beraz, proposamenak jasotzeko ere prest gaude.

Zer moduzko hasiera izan duzue?
Alba:
Oso gustura hasi gara. Harrera ona egin digute eta egia esan, oso motibatuta gaude. Momentuz, bi urteko kontratua daukagu, baina sei urtera arte luzatzeko aukerarekin.
Angela: Hasiera batean, obra txikiak egin asmoz, irekieraren ondoren ixteko asmoa agertu genuen, baina aldaketa horiek ixteko modukoak ez direla jabetu gara. Denborarekin, beraz, aldaketa txikiak egiten joango bagara ere, dagoeneko erabat irekita daude Iturrigoxoko ateak.

Jendeak zergatik etorri behar du Iturrigoxora?
Angela:
Plateren kalitatea eta prezioa oso egokiak izateaz gain, bertako langileak oso atseginak garelako. Hona etortzen den oro, atsegin handiz eta errespetuz hartuko dugu.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!