Peroteko langileak epaitegietarako bidean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko mai. 8a, 12:07

Zizurkilgo Huyck Wangner, Perot, enpresako langileek borroka etengabean jarraitzen dute, urtarrilaren 18an zuzendaritzak aurkeztutako 75 langile kaleratzeko erabakiari aurre eginez. Bigarren negoziazio epea amaitu da eta ez dute adostasunik lortu.

Urtarrilaren amaieran greba orokorrean hasi zirenetik, dagoeneko, ia hiru hilabete igaro dira. Urtarrilaren 21ean, astelehenarekin, enpresako kontseilariek eta hauen abokatuek bilera batera deitu zituzten Zizurkilgo lantegiko ordezkariak. Bertan, ustekabeko berria eman zieten: 81 langiletatik 75 kaleratuak izango zirela, hots, lantegia itxi egingo zutela. Donostian egindako bilera hartan emandako arrazoiak, nagusiki, bi izan ziren: alde batetik, papergintzaren sektorea eta multinazionalak jasaten ari diren krisia eta, bestetik, Zizurkilgo lantegian dagoen makineria zaharkituta dagoela eta hau eraberritzeko gehiegizko inbertsioa egin beharko litzatekeela. Haien esanetan, 19 eta 24 milioi euro inguru beharko lirateke makina berriak erosteko. Arrazoi horiek medio, Zizurkilen egiten den lana beste herrialde batzuetako lantegietara eramateko asmotan dira multinazionalaren jabeak, besteak beste, Austria eta Alemaniara.

Auzitara
Negoziaziorik gabe hilabete igaro ondoren, martxoaren 6an, kaleratze agirien zain zeudela, enpresak atzera bota zuen Lan erregulazio txostena edo EREa. Pare bat aste beranduago, martxoaren 25ean, bigarren EREa aurkeztu zuten enpresako ordezkariek. Bigarren negoziazio epea ere amaitu da; egin beharreko bilerak egin dituzte, baina ez dute akordiorik lortu langileen eta enpresaren artean. Apirilaren 19an izan zen azken bilera eta langileek ezetza eman zioten enpresaren azken proposamenari: 13 langilerentzako lanpostua atzerrian eta lan egindako urte bakoitzeko 40 eguneko kalte-ordainak, 18 hilabeteko mugarekin. Dagoeneko, langileei kaleratze gutunak iritsi zaizkie eta orain auzitarako bidea hartuko dute.

Alemaniara bidaia
Egoera honi aurre egin nahian,  hiru hilabete hauetan, hainbat ekintza burutu eta bitarteko desberdinak erabili dituzte Zizurkilgo Huyck Wangner lantegiko kideek. Besteak beste, apirilaren amaieran, enpresako 25 langile Alemaniara joan ziren, Reutlingen herrira hain zuzen. Bertan kokatzen da enpresa kateko plantarik garrantzitsuena. Zizurkilgo enpresako langileak bertako langile batzordearekin eta IG Metall sindikatuarekin batu ziren eta gustura etorri ziren bertan jasotako harrerarekin eta egindako lanarekin. 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!