Jende ugari hurbildu zen Larraulera igande goizean. Aiztondo pilota topaketako finalak zeuden jokoan, eta ikusle mordoa batu zen Murgilazpi pilotalekuan. Nesken arteko pala txapelketako finalak ere ikusmin ederra sortu zuen.
Alkiza, Asteasu, Larraul eta Zizurkilgo pilotariak lehiatu dira Aiztondoko pilota topaketan. Martxoaren 3an jokatu zituzten lehendabiziko partidak eta geroztik, astebukaeraro izan dituzte norgehiagokak. Maiatzaren 5ean, igandearekin jokatu ziren finalak eta erakustaldi polita eskaini zuten pilotari gazteek.
Lau maila
Goizeko 10:00etan hasi ziren partidak. Aurrebenjamin mailakoek, txikienek, ekin zioten lanari. Herriko ordezkariak aritu ziren lehian eta ez zuten txalo eta animoen faltarik izan. Ugaitz Belauntzaran eta Ander Tello larrauldarrak galtzen hasi ziren, baina, urduritasuna mendean hartzea lortu zutenean, neurketari buelta eman eta garaipena lortu zuten Urtzi Sorarrain eta Iñaki Auzmendi alkizarren aurka. Lau pilotariek txalo zaparrada handia jaso zuten amaieran.
Lehia estuak
Oso partida lehiatuak izan ziren maiatzaren 5ekoak. Benjamin mailan, 16 eta 12ko emaitzaz lortu zuten garaipena Ander Perurena eta Urtzi Eraunzetamurgil zizurkildarrek. Gorka Ugartemendia alkizarra eta Unai Elduayen adunarra izan zituzten aurkari. Partida polita jokatu zuten lauek ere.
Alebin mailako pilotarien arteko lehia izan zen eguneko estuena. Hamabosna berdinduta egon ondoren, Zizurkilgo bikoteak lortu zuen azken tantoa egitea. Honenbestez, Aimar Esteban eta Xabi Lasa izan ziren garaile, Jurgi Mujika eta Aritz Elduayen adunarren aurka. Lan ederra egin zuten eta ikusleek, txalo zaparrada eskaini zieten lauei.
Laurogei pilotari
Alkiza, Asteasu, Larraul eta Zizurkilgo pilotalekuetan jokatzen da Aiztondoko pilota topaketa eta herriak txandakatu egiten dira finala antolatzeko garaian. Aurten, Larrauli egokitu zaio ardura hori hartzea. Kategoria ezberdinetako 80 pilotari inguru aritu da lehian eta oso giro onean joan da txapelketa. Haurrak gogotsu aritu dira txapelketa osoan zehar. Guraso eta lagunen animorik ez dute falta izan guztiek ere. Antolatzaileak berriz, datorren urteko txapelketari begira jarrita daude dagoeneko.
Aurtengo txapelketak berezitasun nagusi bat izan du gainera. Urte batzuez parte hartu gabe egon ondoren, aurten berriro ere Asteasuko haurrak txapelketan aritu dira. Asteasu Aiztondo Zerbitzuen Mankomunitatetik kanpo geratzeak ekarri zuen etena, baina aurten, berriz ere parte hartzeko aukera izan dute pilotari asteasuarrek.
Infantilak
Infantil mailako pilotariak izan ziren eskuz jokatzen azkenak. Yeray Arruti eta Jon Irazu adunarrak Iker Mujika adunarraren eta Julen Alberdi zizurkildarraren aurka aritu ziren. Oso neurketa parekatua izan zen hau ere. Azkenean, ordea, bi adunarrek osatutako bikoteak lortu zuen garaipena, 18 eta 15.
Neskak, bikain
Nesken pala partidak jarri zion amaiera atzo Larraulen antolatutako pilota festari. Zizurkildarrak aritu ziren lehian. Leire Perurena eta Ainhoa Lakunza batetik, eta Janire San Sebastian eta Itxaso Erasun bestetik. Indar eta joko polita erakutsi zuten lau gazteek eta azkenean, Leire Perurena eta Ainhoa Lakunzak lortu zuten 25 tantotara iristea.
Sari-banaketa eginda amaitu ziren aurtengo Aiztondoko pilota topaketak. XVI. edizioa izan da aurtengoa eta dagoeneko hurrengoa antolatzeko gogotsu daude.