Garitano Ahaldun Nagusia, Asteasun

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko mai. 7a, 10:19

Martin Garitano Gipuzkoako Ahaldun Nagusia Asteasun izan zen apirilaren 25ean. Gipuzkoako herri txiki eta ertainetara bisitaldi sorta egitekoa da Garitano eta Asteasu izan da bere bisita jaso duen lehendabiziko herria.

Goizean iritsi zen Martin Garitano Gipuzkoako Ahaldun Nagusia Asteasura. Pili Legarra alkateak egin zion harrera eta, elkarrekin, Pello Errota ikastetxera joan ziren. Eskolako txoko guztiak ezagutu ondoren, ikasleen galderei erantzun zien Ahaldun Nagusiak: “Oso galdera zorrotzak egin dizkidate, oso ondo prestatutakoak”, aipatu zuen. Eguerdian, udaletxeko langileekin bildu zen lehenik  eta ondoren, Asteasuko enpresarien kezkak entzun zituen.

Baserritarrekin
Arratsaldeko lehen orduan herriko baserritarren egoera ezagutzeko aukera izan zuen Martin Garitanok. AHTaren obrak herrian izaten ari diren eragina bertatik bertara ikusteaz gain, baserriak egun bizi duen egoeraren berri entzun zuen Aitor Usandizaga asteasuarraren ahotik.
Arratsaldean, gaztetxera hurbildu zen Garitano. Herriko gazteek euren ekimen eta asmoen berri eman zioten Ahaldun Nagusiari. “Harrituta utzi nau Gaztetxeko kideek duten barne antolakuntzak. Horrek ere, neurri handi batean bermatzen du Asteasu bezalako herri txikien biziraupena”, aipatu zuen Garitanok. Ondoren, udaletxeko areto nagusira gerturatu zen, herritarren kezka eta galderei erantzuna emateko asmoz.

Herritarrekin
Martin Garitanok, bere bisitaldiaren zergatia argitzeko hartu zuen hitza: “Askotan, Foru Aldundia eurengandik oso hurrun dagoen erakundea dela sentitzen dute herritarrek. Ikuspegi hori aldatu nahian hasi ditugu bisitaldi hauek. Aldundiaren egoitza Donostian dago, baina erakundea ez da donostiarra soilik, Gipuzkoako herri guztiak ordezkatuta daude bertan eta hori islatu behar dugu. Asteasun hasi dugu gure bisitaldi sorta eta Eskoriatza izango da hurrengoa”. Urteotan bizi dugun krisialdi ekonomikoa ere ahotan hartu zuen Martin Garitanok bere aurkezpenean: “Aldundia oso garai zailetan hartzea egokitu zaigu. Krisialdi latza bizitzen ari gara. Argi dago gauzak beste era batera egin behar direla; orain arteko ereduak ez du balio eta tokian tokiko garapena landu behar da”.

Elkarteen aurkezpena
Garitanok herritarrekin egindako bileraren barnean, Asteasun lanean ari diren elkarte ezberdinak aurkeztu zizkion Pili Legarra alkateak. Sagain mendi taldea, emakume taldea, Aitzondo elkarteko txirrindularitza saila, Atzapar eskupilota taldea, Usarrabi kantujira, Ebia kultur taldea eta eskolako Behatokia. Taldeotako ordezkariek hitza hartu zuten euren elkarteen inguruko berri eman eta Garitanori euren kezka eta eskaerak luzatzeko.

Galderak erantzunez
Aurkezpenak amaituta, herritarrei hitza hartzeko aukera eman zitzaien. Krisia eta egoera ekonomikoaren inguruko galderak izan ziren gehienak eta Garitanok, eredu aldaketa baten beharra azpimarratu zuen: “Argi dago orain arteko ereduak porrot egin duela eta beste baten bila hasi beharra dagoela. Ezin dugu onartu, esaterako, AHT bezalako ekimen batean horrenbeste diru xahutzea, beste premia larriagoak daudenean. Pixkanaka, ari dira sortzen beste eredu bat erabiltzen duten mugimenduak; ‘indignados’ delakoa esaterako. Hemen inguruan, kooperatiben munduak ere beste eredu bat islatzen du”. Baserritarren egoera latzaren inguruan galdetuta, Foru Aldundiko Nekazaritza zuzendaria den Juan Karlos Zuloagak hartu zuen hitza: “Egia da baserritarren egoera oso zaila dela. Kanpotik datorren produktua saltzen da merkatuan eta prezio baxuak zail egiten die bertako baserritarrei euren produktuen salmenta. Gizartearen konpromisoa lortu behar dugu; eros ditzagun bertako produktuak. Horrez gain, baserritarrek euren produktuak merkaturatzeko bide berriak bilatu behar dituzte. Zuzeneko salmenta izan daiteke irtenbidea. Lan handia dago egiteko alor honetan. Gipuzkoan, potentzial handia duen sektorea da; lanpostu asko sor daitezke lehen sektorean”.
Asteasun kezka sortzen duen beste gai baten inguruko azalpenak ere jaso zituzten herritarrek: “Garraio publikoaren inguruko aurreproiektua aztertzen ari gara. Aurreproiektu horretan zerbitzu berriak aurreikusten dira Asteasurako. Vilabonara joateko autobus gehiago egongo dira eta Elizmendira igotzeko zerbitzua ere martxan jartzea aurreikusten da”, azaldu zuten.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!