Consuelo Cordobaren aldeko elkartasun azoka, bihar

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko mai. 3a, 12:29

Hutsunea Betez emakume taldeak Consuelo Cordoba Kolonbiarraren, azidoz erasotako emakumearen, aldeko azoka jarriko du Berdura plazan, bihar hilak 4, goizeko 11:00etatik eguerdiko 14:00etara.  

Gai kimiko batez bustita, elbarrituta eta bizitza osorako markatuta, depresio batera bultzatuta ikusten dute beren burua azidoz erasotako biktimek, eta honek beren bizitzak aurrera egitea zaildu egiten du.

Eraso hauen gorakadak, Kolonbiako autoritateen esanetan, 150 erasotara iritsi ziren 2011 urtean, kontuan izan gabe salatuak izan ez ziren guztiak.  

Consuelo Cordoba, “Consuelito”ren kasua bereziki gogorra da. 2001ean bere senarraren erasoa jaso ondoren, 40 ebakuntza baino gehiago egin dizkiote, baina hala ere, bere aurpegiak erabat desfiguratua egoten jarraitzen du. Gainera, aurpegia maskara batez babestu beharra dauka giharrak mantentzen laguntzeko, eta honek oraindik gehiago desitxuratzen du. Egoera honetan, ezin du lanik egin eta eskale modura ibiltzera behartuta dago.

Azoka honen helburua ekonomikoki bera laguntzea da, horretarako, Hutsunea Betez taldeak bigarren eskuko arropa nahiz objektuak jarriko ditu salgai Berdura plazan. Horrez gain, patata tortila pintxoak dastatzeko aukera ere izango da 2€ren truke. Azokan bildutako diru guztia Kolonbiara bidaliko dute, Consuelitori lagundu asmoz. Era berean, EITBko Kolonbiako berriemailea den Arantxi Padilla billabonatarrak egindako erreportaje bat eskainiko dute Udaletxeko balio-anitzeko gelan. Bi emanaldi egingo dituzte, goizeko 11:00etan eta 13:00etan. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!