Emakumeei auzolanean aritzeko gonbidapena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko mai. 3a, 11:42

Igone Ugaldek auzolanean emakumeen zeregina azpimarratu zuen Burdina elkarteak joan den larunbatean ospatu zuen urteko lehen batzarrean.
Ondare historikoa berreskuratze aldera Burdina elkartearen ekimenetara batu den herritarra da Ugalde, eta bere bizipena azaldu dio Aiurriri.

Emakumea auzolanera biltzeko mezua zabaldu zenuen Burdina elkartearen urteko batzarreko agerraldian…
Igone Ugalde: Halaxe da. Niri egokitu zait gonbidapen hori zabaltzea, nahiz eta hasi berria izan Burdina elkartean. Badakigu historian zehar emakumeak ezinbestekoak izan direla Euskal Herrian burutu diren auzolanetan. Hala ere, gizarteak ez du baloratu izan ekarpen sozial hori behar zuen merezimendua aitortuz. Burdina elkartea ere orain hamar urte sortu zenean, emakumeen parte hartze historiko horri eutsi zion; izan ere, bost sortzaileetatik hiru baitziren emakumeak. Urteetan aurrera, ordea, ikusi da gutxitzen joan dela emakumeen parte hartzea elkartearen ekimenetan.
Gizartean aurrerapauso ugari ematen da berdintasunari dagokionez, baina oraindik estereotipoek funtzionatzen dute, eta horiek auzolanaren arloan ere nabaritzen dira.

Zein dira estereotipo horiek?
I.U.: Bat nabarmena, Burdina bezalako taldeen lana aitzurra erabiltzera mugatzen dela, eta hori ez dela emakumeentzat egokia. Hautsi beharra dago ideia hori, okerra delako. Hasteko, esan behar da Burdinan bertara etortzen diren pertsona guztiak direla ezinbesteko, nork bere ahalmenaren eta ezagutzaren arabera egiten duela lan, inongo obligaziorik gabe; ez dago zertan jakitun izan behar historian, arkeologian, igeltseritzan… Nahikoa da borondatea edukitzea.
Bestalde, lan fisikoa ez da hainbestekoa, eta harriak mugitu nahi ez baduzu, belarrak moztu ditzakezu, ingurua txukundu…  Hamaika eginkizun daude egiteko Burdinan, eta denak ez dira fisikoak; badira, esaterako, gestio lan ugari (administrazio lanak, argazkiak atera, prentsarekin harremanak…).

Zu, zerorri, nolaz hasi zinen Burdina taldearekin?
I.U.: Nahiko berria naiz elkartean, egia esanda. Ez dakit berezia den ala ez nire kasua, baina konta dezaket nola izan nuen Burdinaren berri eta nola jarri nintzen beraiekin harremanetan. Lau urte Andoaindik kanpo egin nituen, eta itzuli nintzenean nahiko galduta neukan herriaren errealitatearen ezagutza. Prentsan eduki nuen lehen aldiz Burdinaren berri, eta oso erakargarria egin zitzaidan betetzen zuen funtzio soziala. Handik gutxira, Joxe Ramon Berrondo Burdinako kidearekin egin nuen topo, bera irakasle den ikastetxean ordezkapen bat egitea egokitu baitzitzaidan. Elkartearen kamiseta zeraman, eta horren aitzakiatan, nire interesa azaldu nion elkarteari laguntzeko prest nengoela adieraziz. Elkartearen ekimenetara azaltzera gonbidatu ninduen, eta erronkari heldu nion.
Harrezkero, iruditzen zait Burdinan parte hartzeak ederki aberastu nauela maila pertsonalean.
 
Azaldu zenezake zertan antzeman duzun aberastasun hori?
I.U.: Elkarteko kiderik ez nuen ezagutzen aurrez, eta erreparo puntu batekin agertu nintzen; ezjakintasuna, lotsa... dena neraman nahasita. Esku zabalik hartu ninduten hasieratik, eta giro ezin jatorragoa topatu nuen bertan. Horrela, ez zait batere kostatu elkartearen dinamikan sartzea poliki-poliki. Karobien, garbitokien eta beste hainbat elementuren berreskuratze prozesuan murgiltzen joan ahala, gero eta handiagoa izan da nire interesa gure herriko ondare arkitektonikoren inguruan; Xabi Txanka edo Joxe Ramon Berrondo bezalako pertsonak ondoan edukita gainera, asko ikasten da.
Herriarena den ondare historikoa berreskuratzeak, baloratzeak… ez dauka preziorik. Are gehiago, eginkizun hori naturan gauzatzen baduzu. Gainerakoei bezala, niri ere nekagarria egiten zait astelehenetik ostiraleko lan profesionala, baina iristen da asteburuko auzolana, eta horrek hauspoa ematen dit, aske sentitzen naiz eginkizun horretan murgiltzen naizenean.
Ez dakit nire bizipenak balio dezakeen, baina zalantzarik gabe gonbidatuko nituzke emakumeak Burdinara etor daitezen. Bere ahalegina gizartearen zerbitzura jarri nahi arren hori nola gauzatu ez dakien horri luzatu nahi nioke gonbita, maila pertsonalean aberastu egingo dela ziur nago.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!