Iluntzeko 20:30etan abiatuko da estrainekoz kalejira elegantea, dotore jantzitako festazaleekin osatu nahiko luketena. Jai batzordeko kideek ekimen berria martxan jarri dute Ormaiztegin edota Azpeitin egiten duten antzera. Etorkizunera begira, ahal dela, “Elegante eguna” jai egitarauan txertatzen jarraitu nahi dute. Aurten ikustekoa izango da herrikideen erantzuna zein izango den, baina arrakasta izateko beti ere adin guztietako herrikideen parte hartzea beharrezko izango da.
Horixe da aurtengo jai egitarauaren berrikuntza nabarmenetakoa. Ez da bakarra, ordea. Tabernarien arteko pintxo lehiaketa edota gazteen arteko herri kirol jaialdia aipa daitezke ere. Hitzordu berri guztien helburua bikoitza da: batetik, jaia etengabe eraberritzea eta, bestetik, parte hartzea sustatzea.