Urnieta London School senior neskek lehen garaipena lortu dute

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko mai. 2a, 21:01

Senior neskak atsedenaldian lau gol azpitik joan arren, norgehiagoka irauli eta bi puntuak etxean geratu dira. Urnieta Balerdi Harategia senior mutilek Kopako lehen partida galdu dute Donibaneren aurka.

Ligaxkako lehen partida irabazi zuten Urnieta London School taldeko senior neskek. Partida askotan ondo jokatu arren, emaitzek ez dute lagundu orain arte Urnietako taldea, baina oraingoan bestelakoa izan da. Urdulizeko taldea garaitu zuten neskek (27-25). Ez zuten lan samurra izan;atsedenaldian lau gol azpitik ziren, baina markagailua iraultzea lortu zuten zaleen babesa eta jarritako grinari esker.

Urnieta Balerdi Harategia senior mutilek, berriz, ezin izan zuten Kopako lehen partida irabazi (22-29). Ondo hasi ziren urnietarrak, bi goleko aldea lortu baitzuten lehen zatian. Donibanek, baina, esnatu eta lehen zatian aurretik jartzea lortu zuen. Hortik aurrera urnietarrak ez ziren gai izan aurrea hartzeko, nahiz eta partidako zati handi ba tean markagailuan gertutik jarraitu.

Urnieta HK 10 hotela jubenil neskek ezin izan zuten ezer egin Ereintzaren aurka, eta 29-23 galdu zuten. Urnieta HK 10 hotela kadete mutilek, berriz, hankapean ibili zuten Irungo taldea, eta 20 goleko errenta atera zieten (42-24). Urnieta Mecanizados Kamox kadete neskek ez zuten behar bezala hasi partida, eta atzetik joan ziren denbora osoan. 29-26 galdu zuten Eibarren aurka, baina sailkapeneko lehen postuari eusten diote oraindik partida baten faltan.

Urnieta Guria kafetegia infantil mutilek bost goleko errentagatik galdu zuten Egiaren aurka (29-24). Joaneko partidan nagusi izan ziren urnietarrak, baina oraingoan mendekua hartu zieten egiatarrek. Urnieta Bosteko jatetxea infantil neskek inongo arazorik gabe garaitu zuten Aloña Mendi etxean (22-7). Azkenik, Urnieta Guria kafetegia infantil neskek partida bizia jokatu ostean gol bateko errentagatik irabazi zioten Leizarani. 17-18 amaitu zuten partida, eta denboraren poderioz hobetzen ari direla erakutsi zuten.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!