Herri eta hirietako ur zikinak bildu eta garbitu ondoren, ibaira itzultzea da araztegien egitekoa, Adunakoaren kasuan Oria ibaira. Gipuzkoako araztegi nagusien sarea hamahiru azpiegiturek osatua dago, eta Uralde da haietako azkena. Araztegi hauei esker, ibaien egoerak hobera egin du azken urteotan: guztietan arrainak daude eta zenbait espezie ezagun, izokina esaterako, berreskuratzen ari dira.
Adunako araztegiak, garbiketa sistema berria erabiliko du, indar fisikoez gain, sistema biologikoak ere batzen dituena, SBR izeneko sistema hain zuzen. Gipuzkoan, sistema hau erabiliko duen hirugarren araztegia da.
Etxeetako eta enpresetako ura
Etxeetako ur zikinaz gain, zenbait industrigunetakoa ere jasoko da Adunan. Ordea, zenbait industria motak erabiltzen duen ura ezingo da Uralden jaso, tratamendu berezia behar duelako. Papertegiak, esaterako, behartuta daude euren garbiketa sistema izatera. Industria mota horrek ur asko erabiltzen du eta araztegian jasoko balitz, gainezka egingo luke. Oso ur zikina sortzen duten industriek ere beste irteera batzuk eman behar dizkiote ur horri. Gainerako enpresek, bestetik, Gipuzkoako Ur Kontsortzioari baimena eskatu behar diote euren urak araztegira bideratzeko. Euri ura ere ondo bideratu eta araztegira ez iristea da helburua.
Araztegia datu bidez
• Hoditeria: Guztira, 33,8 kilometro luze izango du ur zikinak araztegira ekartzeko hoditeri sareak. Sare nagusia izango da hori, herri barruko hoditeria Udalen esku geratzen da.
• Hodiak: 1200mm-ko diametroa dute Legorretatik datozen hodiek eta 800mm-koa Andoaindik datozenek.
• Azalera: 20.000 metro karratuko azalera hartuko du Adunako araztegiak, lau futbol zelaik adina.
• Ur kopurua: Eguraldi lehorrarekin, segunduko 325 litro ur sartuko dira araztegian, euri egunetan, 1476 litro segunduko.
• Langileak: Gaur egun zortzi langile ari dira lanean araztegian.
• 19 herri: Hauexek jasoko dute araztegiaren zerbitzua: Abaltzisketa, Aduna, Alegia, Altzo, Amezketa, Andoain, Anoeta, Asteasu, Baliarrain, Belauntza, Hernialde, Ibarra, Ikaztegieta, Irura, Legorreta, Orendain, Tolosa, Amasa-Villabona eta Zizurkil. Guztira, 60.658 biztanle.
• Aurrekontua:
Hoditeri sarerako: 61.361.000 euro.
Araztegia eraikitzeko: 24.788.416 euro erabili dira Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Ur Kontsortzioak ordaindu dute erdibana.