Villabona.dok dokumentalen zikloa aurkeztu dute

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko api. 26a, 15:04

Fikziozko filmeez gain, beste proposamen batzuei ateak zabaldu asmoz, maiatzaren 6tik ekainaren 10era dokumental zikloa antolatu du Villabonako Udaleko Kultura Sailak. 

Otsailean, hamaboskarian jakinarazi genuenez, udazkenetik aurrera Gurea zinemak proiektore digitala izango du. Horren harira, gaur eskainitako prentsaurrekoan, Nora Urbizu kultura zinegotziak azaldu duenez, “hori apustu handia da gurea bezalako herri batentzat. Konfiantzaz egingo dugu apustu hori, ikusleek gure ahalegina estimatzen jakingo dutela seguru gaudelako”.

Lehen aipatu moduan, maiatzaren 6an hasi eta ekainaren 10ean bukatuko da villabona.dok zikloa. Bertan proiektatuko diren dokumemtalak azken bi urtetan ekoiztutakoak izango dira. Joxean Cubero kultura teknikariaren hitzetan, “pelikulak ikusteko modu kolektibo hau bultzatu nahi dugu, herritarren arteko harremanak eta eztabaida piztuko dituelakoan”.

Guztira, gai desberdinak lantzen dituzten 6 film aurkeztuko dira; saio guztiak astelehenetan, 21:00etan, izango direlarik. Pelikula bakoitzaren sarrera 3€koa izango da. Horrez gain, zikloko dokumental guztiak ikusteko aukera ematen duen bono bat ere egongo da salgai 12€tan. Biak ala biak, Gurea antzoki-zinemako leihatilan eskura daitezke.

Hona hemen programazioa:

Maiatzak 6: Hijos de las nubes.

Maiatzak 13: Habia una vez una isla.

Maiatzak 20: Pura vida.

Maiatzak 27: Ziztadak.

Ekainak 3: Mujeres sin pausa.

Ekainak 10: Comprar, tirar, comprar.

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!