Liburuaren eguna ospatuko dute Urnietan larunbat honetan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko api. 25a, 19:02

Iñistorra elkarteak eta Eder liburu dendak liburuen salmentarako postu bana jarriko dute San Juan plazan, beste urte betez. Goiz osoan zehar liburuak erosteko edota pailazoen saiorako sarrerak erosteko aukera izango da, eta iluntzean Iñistorrak antzerki saioa antolatu du Saroben.

Larunbat honetan San Juan plazan, goizeko 10:00etan hasita.

Larunbata giroz beteriko eguna izango da Urnietan, Poxta Zahar elkarteak hamargarren urteurrena ospatuko baitu egun osoan zehar.
Goizetik, eta ekitaldiz beteriko egunari hasiera emanez, liburuak salgai izango dira Iñistorraren eta Eder liburudendaren postuetan.
Bi postuak goizeko 10:00etatik 14:00etara San Juan plazan ipiniko dituzte. Euria egingo balu, ordea, udaletxeko arkupetan. Ederren postuan, eskaintza zabala izango da. Eta Iñistorrren postuan, Kirmen Uribe, Mikel Antza, Pello Lizarralde, Miren Agur Meabe, Eider Rodriguez edo Lourdes Oñederra idazle ezagunen liburuak erosteko aukera izango da. Baita Larramendi Bazkunak argitaratutako hainbat liburu ere.

PIRRITX ETA PORROTX
IKUSTEKO SARRERAK SALGAI

Iñistorrak antolatuta, aurten ere, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek ikuskizun berriena eskainiko dute Egape ikastolako pilotalekuan maiatzaren 22an, arratsaldeko 17:30etan hasita. Saio hori ikusteko sarrerak larunbatean bertan salgai jarriko dira Iñistorraren postuan, 6 euroko prezioan.
Larunbatean saldu gabe geratzen diren sarrerak, astelehenetik aurrera erosteko aukera izango da, Lekaio kultur etxean eta Kantoi tabernan.
Azoka bere horretan antolatu beharrean, Iñistorrak ohiko du ekitaldi osagarriak antolatzea. Iaz, liburu baten irakurketa publikoa eta sagardo dastaketa antolatu zituzten.
Aurten, “Gure bide galduak” antzezlan ezaguna antolatu dute. Saroben eta arratsaldeko 19:00tan hasita, Donostiako Antzerkia Saria jaso zuen lana ikusi ahal izango da Urnietan. Dejabu konpainiaren eskutik 1970eko hamarkadan oinarrituriko Euskal Herria gogora ekarriko dute.

LARUNBATEKO EGITARAUA
Babeslea: Urnietako Udala.

  • 10:00-14:00 Liburuak Eder liburu-dendaren eta Iñistorra elkartearen postuetan . Pailazoen emanaldirako sarrerak bertan salduko dira.
  • 19:00 “Gure bide galduak” antzezlana Saroben. Sarrera: 5 euro.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!