"Gure bide galduak" antzezlana, larunbat honetan Urnietako Saroben

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko api. 25a, 18:59

Larunbat honetan 19:00etan hasita, euskal antzerkigintzan ikus daitekeen antzezlan interesgarrienetakoa Urnietan bertan izango da. Bost aktore eta zuzeneko gitar doinuekin sortutako antzezlana da “Gure bide galduak”, Dejabu konpainia gazteak Urnietan taularatuko duena.

Antzezlanaren haria Franco hil ondorengo lehen urteetan kokatuta dago eta, sinopsian adierazten denez, “utopia, amets eta desenkantuari buruzko kontakizuna da”.
Taulagainean honako aktore hauek arituko dira: Miren Alkala, Iñigo Aranbarri, Maria Alonso, Urko Redondo eta Ainara Gurrutxaga.  Haiekin batera Arantxa Vicedo musikaria.
Ikusleen eta kritikaren txaloak jaso ditu, horren adierazgarri iaz Donostia Antzerki Saria 2012 jaso zuten.
Urko Redondo aktoreari antzezlanaren inguruan galdetuta, zera dio:

Kritikaren zein publikoaren onespena lortu duzue eta hori ez da beti gertatzen.
Urko Redondo. Oso gutxitan gertatzen da eta, noski, oso pozik gaude. Antzezlan honekin taldea handitu egin dugu, aktore gehiagorekin ari gara eta musikari batekin. Euskal Herrian antzerkiarekiko eta kulturarekiko bizi dugun desertu honetan, noizbehinka argia ikusi ahal izatea oso pozgarria da; egin duzun lan horrek erantzun ona izan duela ikustea.

Urte ilunak izan ziren. Baina zuen antzezlanak badu samurtasunetik ere...
U.R. Antzezlana martxan jartzerakoan, pertsonaiak sortu behar dituzu eta pertsonaia horietan   oinarritzen da antzezlana. Eta pertsonok, orokorrean, behar jakin batzuk ditugu.
Orduko iluntasunak islatu ditugu baina hau antzerki-jolasa denez, komizitatea ere badago antzezlan honetan.

70eko hamarkadan ume batzuk izango zineten zuek...
U.R. Taldekide batzuk jaio ere ez ziren egin oraindik... Errenterialdekoak gara eta urte haietako mugimenduak oihartzuna izan du luzaroan. Oso presente sentitu izan dugu betidanik. Gu txikiak ginenean ere, oraindik mugimendu handia zegoen sozialki, politikoki, euskararen alde... Bagenuen erreferentzia hori. Garai hartaz, garai hartako jendeaz, eta garai hartako ilusioaz hitz egin nahi genuen. Orduko ia galdera berdinei erantzun beharrean gabiltzala iruditzen zaigu eta akaso horregatik hasi ginen antzezlan hau prestatzen.

Sarrerak salgai:
Liburu azoka, Sarobe.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!