Ione Agirre, arraunean buru-belarri

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko api. 25a, 14:09

Ione Agirre gazte larrauldarra betidanik izan da kirolzalea. Saskibaloia, futbola, herri kirolak, halterofilia..., denetarik probatu ondoren, arraunean bilatu du bere kirolik gustukoena.

Nolatan erabaki zenuen arraunean hastea?
Goretti Amonarriz lagunarekin batera halterofilian aritu nintzen denboraldi batean. Nire amari ez zitzaion kirol hori gehiegi gustatzen eta uztea erabaki nuen. Beste kirolen baten bila hasi nintzen orduan. Arrauna gustuko nuenez, proba egitea erabaki nuen. Tolosako Arraun Klubera hurbildu eta saio bat egin ondoren, entrenatzen hastea erabaki nuen. Iazko ikasturtean izan zen hori eta oso gustura nabil geroztik. Dagoeneko bigarren urtea dut eta aurrera jarraitzeko gogoa dut. Beti izan naiz kirolzalea, baina orain arte ez nuen nire kirol gustukoena bilatu. Orain, argi daukat arrauna dela.

Nola eta non egiten dituzue entrenamendu saioak?
Astean hirutan izaten ditugu entrenamenduak. Arratsaldeko 18:00etan hasi, eta bi orduko saioak egiten ditugu. Tolosako Zerkausiaren azpialdean dago taldearen egoitza eta bertan biltzen gara. Batzuetan batelak uretara atera eta arraunean aritzen gara, eta beste batzuetan korrika egiten dugu, fondo egokia hartzeko. Banku fijoan aritzen gara eta garrantzitsua da arraunketarako teknika ondo menperatzea. Indarra izatea ere beharrezkoa da, baina hori bezain garrantzitsua da birika onak izatea. Ez du ezertarako balio izugarrizko indarra egiteak, lehendabiziko minutuan neka-neka eginda geratzen bazara. Arraunean aritzeko, gorputz osoa landu behar da. Denboraldia aurrera doan heinean, entrenamendu kopurua handitzen joaten gara eta ia egunero joaten gara Tolosara.

Kirol gogorra da arrauna...
Bai, hala da. Denbora asko eskatzen du eta fisikoki prestakuntza handia behar da. Urte garai honetan, txapelketa ezberdinak prestatzen ari gara eta horrek, lotura handia ekartzen du. Astean zehar entrenamenduak eta asteburuetan estropadak izaten ditugu. Beraz, ez dut denbora gehiegirik izaten lagunekin ateratzeko. Hala ere, izugarri gustura nabil. Iaz patroi lanetan aritu nintzen eta aurten, arraunlari gisa nabil. Patroi izatea polita da, baina arraunlari gisa lan gehiago egin behar duzu eta gogorra den arren, niri asko gustatzen zait. Taldeko kirola izatea ere asko gustatzen zait; lagun asko egin ditut arraunari esker.

Zer moduz doa denboraldia?
Ondo. Batel ligan aritu gara orain arte. Orain, berriz, txapelketen garaia iritsi da. Gipuzkoako txapelketa jokatu berri dugu eta laster izango dugu Euskal Herrikoa. Gipuzkoako txapelketan hirugarren sailkatzea lortu genuen, Euskal Herriko txapelketan postu hoberenak lortzen dituzten batelek, estatu mailako txapelketara joateko txartela lortuko dute, eta hori izango da gure helburu nagusia. Gipuzkoako txapelketan ez nuen gure batelean parte hartzerik izan. Lau arraunlari eta patroia joaten dira ontzi bakoitzean eta ni, ordezko gisa geratu nintzen. Hala ere, banekien uretara ateratako taldea oso indartsua zela, eta gustura ikusi nuen estropada lehorretik.
Tolosako batel txapelketa ere aurtengo helburuen artean izango dugu. Oso giro polita sortzen da. Jende asko pilatzen da ibaiaren ertzetan eta asko animatzen gaituzte.

Erraza al da arrauna ikasketekin bateratzea?
Ondo antolatu beharra dago. Azterketa garaia iristen denean, entrenamenduren batera huts egiten dut ikasi beharrekoa ondo prestatzeko. Hala ere, arrauna gustatzen bazaizu, edozer egiten duzu jarraitu ahal izateko. Ondo antolatzea da gakoa.

Nesken arraunketa indartsu dabil...
Bai. Tolosako taldean mutil adina neska gabiltza. Gazte asko ari da izena ematen eta gero eta neska gehiago animatzen da. Pozgarria da hori ikustea.

Ba al duzu beste zaletasunik?
Kirola izan da nire zaletasunik handiena baina beste gauza batzuk ere egin izan ditut. Urte askotan ibili nintzen antzerkian eta gitarra jotzen ikastera ere joan izan naiz. Orain, berriz, arraunean nabil buru-belarri eta ez dut beste gauzetarako denbora gehiegirik.

Zein da zure helburua etorkizunari begira?
Arraunean jarraitu nahiko nuke. Trainera handian lehiatzera iritsi nahi dut, eta ahal bada, Kontxako estropadetan parte hartu. Jende asko dabil arraunean eta badakit oso zaila dela helburu horretara iristea, baina saiatuko naiz. Aurreko batean trainerarekin proba egiteko aukera izan genuen, eta asko gustatu zitzaidan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!