Auzolanaren indarra, bizirik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko api. 25a, 14:06

Mende luzeetan, Euskal Herrian oso errotuta egon den ohitura da auzolana. Herribide berriak, etxeak, mendietako garbiketa lanak, jaiak..., auzolanean egiten ziren lan asko eta asko. Egun, antzina izan zuen indarrik ez badu ere, bada oraindik ere auzolanari eusten dionik.

Zizurkilen, esaterako, urtero antolatzen dute auzolan saioa. Duela hamabi urte sortu zen Eskeltzugain abeltzain elkartea. Zizurkilgo Zarate baserria eta Andatza mendiaren artean dagoen gaina da Eskeltzu. Inguru hori larrerako berreskuratzeko lanak egin, eta herriko zortzi baserritarren arteko elkartea sortu zuten larre horien kudeaketa bideratzeko. Gaur egun, hamabi baserritar hartzen ditu elkarteak eta Luis Urkola da lehendakaria: “2001 urteko udaberrian sortu zen elkartea. Eskeltzu inguruko lursailen jabeekin hitz egin, eta lur horiek abeltzantzarako berreskuratzeko lanak egin ziren. Udalak laguntza handia eskaini zuen lan horiek egiteko. Lurjabeek Udalari utzi zizkioten sail horiek hamabost urterako eta trukean, Udalak hartu zuen bere gain garbiketa lanak egiteko ardura. Orain, ganaduarentzako larreak daude bertan; 50 hektarea inguru. Udan behiak eta ardiak ibiltzen ditugu bertan eta neguan, berriz, abereak”.

Askak garbitu, itxitura konpondu...
Apirila bukaeran edo maiatza hasieran eramaten dute bertara ganadua, baina aurretik izaten dute zer eginik; askak garbitu, sasiak moztu, itxiturak konpondu..., lan horiek guztiak egiteko, auzolana antolatzen dute. “Lehendabiziko urtean, sailean han hemenka ageri ziren harriak kentzen aritu ginen eta geroztik, urtero antolatu izan dugu auzolan saioren bat. Elkartean hamabi kide garenez, ez da erraza izaten guztiok egun berean aritu ahal izatea. Data bat zehazten dugu eta norbaiti gaizki badatorkio, beste egunen batean aritzeko aukera izaten du”, azaldu du Luisek.
Aurten, askak garbitu eta itxiturak konpontzen aritu dira: “Itxiturak konpondu ahal izateko, inguruko sastrakak mozten ere aritu ginen”, azaldu du Luisek. Apirilaren 13an elkartu eta lanari ekin zioten goizean goizetik. Lanak ongi banatuta aritu ziren. Eskeltzu saileko gune ezberdinetan banatu, eta taldetan aritu ziren lan ezberdinak egiten. Eguerdirako amaituta zituzten lanik handienak.

Garai bateko ohitura
Luisek ezagutu zituen Zizurkilen auzolanean aritzen ziren garaiak: “Duela hogeita hamar urte pasatxo, gauza asko egiten zen auzolanean. Auzo bakoitzeko bideak konpontzeko, auzoko baserri guztietara zabaltzen zen deialdia. Derrigorrezkoa zen etxe bakoitzeko kide bat lanera joatea. Etxeren bateko inork joaterik ez zuenean, ordezko bat bidaltzen zuten. Udalak jartzen zuen materiala, eta egin beharreko lana herritarren artean egiten genuen. Herriko jaiak antolatzeko ere, auzolanean aritzen ginen. Umore onean egiten genituen lan horiek; urtero lau bat saio antolatzen ziren. Herri txikietan, gauzak egiteko modu egokia dela iruditzen zait”.

Burdina, 10 urte auzolanean
Duela hamar urte sortu zen Andoaingo Burdina taldea, inguruko ondarea berreskuratzeko helburuz; burdinolak, karobiak, lixiba tokiak, askak..., askotariko guneak berreskuratu dituzte, auzolanean. Xabier Arruti ‘Txanka’ da taldearen bultzatzaileetako bat eta hark eman du taldearen ibilbidearen inguruko berri: “Duela hamar urte egin genuen lehendabiziko batzarra, zortzi pertsonekin. Gaur egun, ehun kidetik gora hartzen ditu taldeak. Lan handia egin dugu ondarea berreskuratzen, baina baita jendea erakartzen ere. Ahoz aho, jendearen parte-hartzea sustatu dugu eta horrek balio handia duela iruditzen zait”.

Auzolana berreskuratuz
Ondarea zaintzeaz gain, auzolana berreskuratzeko ahalegin handia egin du Burdina taldeak hamar urteotan: “Gure aiton-amonak izan ziren auzolanean aritu ziren azkenak. Geroztik, oso galdua egon da ohitura hori. Modu honetako lanak egiteko, ordea, ezinbestekoa da auzolanean aritzea, bestela, ezinezkoa litzateke. Gure aurrekoen lekukoa hartu dugu auzolanari dagokionez eta oso aberasgarria da. Lagun berriak egiteko ere balio izan digu”.

Hasiera
Leitzaranen hasi zen Burdina taldearen ibilbidea. Hala laburbildu du Xabier Arrutik: “Bertako historia berreskuratu nahi genuen; jendeak ikusteko moduan jarri. Biskotxeko mehatzeetan egin genituen lehendabiziko lanak. Geroztik, Aduna, Andoain, Amasa-Villabona, Areso, Berastegi, Elduaien, Leitza eta beste hainbat herritako gune ezberdinetan aritu izan gara lanean. Udaletatik deituta joan izan gara herriotako ondarea berreskuratzera: karobiak, lixiba tokiak..., horrelakoetan egin dugu lan”.
Erakunde ezberdinek diruz lagunduta aritzen da Burdina taldea: “Bestela, ezinezkoa litzateke egiten ditugu lanak aurrera ateratzea. Hasieran, etxetik eramaten genituen lanerako behar genituen tresna guztiak, baita hamaiketakoa ere. Orain, erakundeek ematen dizkiguten diru-laguntza horiei esker lortu dugu beharrezko tresna guztiak erosten joatea. Hamaiketakoak eta autoekin batetik bestera mugitzeko behar dugun erregaia ere diru-laguntzekin ordaintzen dugu. Tarteka, bestalde, partikularrek deituta ere egin izan ditugu lanak. Beizamatik, Urkizutik, Asteasutik..., etxeko karobiak berreskuratzeko deitu izan digute”.

Deialdi zabalak
Kalean kartelak jarrita, ahoz aho, edo taldeko kide direnei telefono bidezko mezuak bidalita egiten dituzte lanerako deialdiak: “Auzolana non eta noiz izango den esaten diegu eta taldekideak izena ematen joaten dira. Kalean jarritako kartelen bidez, gainera, kide berriak gehitzen joaten zaizkigu. Momentuz ehun inguru gara eta guztiei asegurua egiten zaie”.
Deialdi berezia egin nahi die Xabierrek emakumeei. “Gure auzolanetan parte hartzera gonbidatu nahi ditut. Dagoeneko bada horretara animatzen den emakume talde bat, baina gehiago izatea nahiko genuke”. Gainerantzean, adin ezberdinetako jendea biltzen du Burdina taldeak: “Hamaika urte inguruko neska-mutilez osaturiko talde bat dugu, baita hamabost urte inguruko beste talde bat ere, hogeita bi urte inguruko jendeak osatutako talde bat lanean ari da eta jubilatuek ere osatzen dute beste taldetxo bat. Talde nagusian, bestalde, lanbide ezberdinetako jendea dabil: topografoak, arkitektoak, informatikoak, arginak, etxekoandreak..., denetarik dago”.

Neguan, azterketa lanak
Aurten, proiektu asko dute eskuartean Burdina taldeko kideek. “Neguan zehar toki ezberdinak aztertzen aritzen gara, zer dagoen begiratzen dugu eta jendeari galdezka aritzen gara. Bildutako datuekien, proiektuak landu eta Udalean zein Foru Aldundian aurkezten ditugu. Aurtengo kanpainan lan asko izango dugu eta kide askoren lanaren beharra izango dugu; burdinola bat, sei karobi, XVI. mendeko bi zubi, bi lixiba toki..., horiek izango ditugu eskuartean, besteak beste. Ia astebukaera guztietan izango dugu zer eginik. Hala ere, argi utzi behar da ez dugula inor nekarazi nahi. Goizeko 8:00etan abiatzen gara Andoaindik eta eguerdiko 12:30erako bueltan etortzen gara, hamaiketakoa eginda”, azaldu du Xabierrek.

Ondarea bistaratuz
Burdina taldean parte hartzen dutenek uste osoa dute honakoan: “Ondarea berreskuratu behar dugu, jendeak ikus dezan. Gure aurrekoek egindakoa, haiek utzitako aztarnak bistaratu behar ditugu, gal ez daitezen”.

Larraulen, su-egurra auzolanean
Negua iritsi aurretik, sutarako egurra auzolanean prestatzen du larrauldarr talde batek. Zuhaitz enborrak ekartzen dituzte, plazaren atzealdean pilatu, eta elkarrekin egiten dituzte egurra moztu eta multzotan banatzeko lanak. Auzolana egin baino aste batzuk lehenago, izena emateko zerrenda jartzen dute Ostatuan eta geroz eta gehiago dira parte hartzera animatzen direnak. Laguntzaileak ere izaten dituzte tartean. Aizkora eta motozerra hotsak ezezik, musika ere izaten dute lagungarri. Auzolanean aritu ondoren, parrilla piztu eta elkarrekin bazkaltzeko tartea hartzen dute.

Bekaiztegiko sagar bilketa, auzolanean
Andoaingo Bekaiztegi baserrian, auzolan saioa egiten dute urtero, sagarra bildu eta sagardoa egiteko. Xabier Arrutik eman du horren berri: “Garai batean bezala, auzolanean egiten dugu sagar bilketa; baita sagardoa ere. Bertan egoten gara Burdina taldeko kideak, baina baita taldekide ez diren beste hainbat herritar ere. Lan egin ondoren, festa giroan egoten gara partaide guztiak, oso giro polita sortzen da”.

Denbora Bankua, auzolanaren beste eredu bat

Duela lau urte sortu zen Aiztondoko Denbora Bankua. Dirurik erabili gabe, zerbitzuen trukatze sisteman datza denbora bankua. Lanorduak, denbora, hartzen da trukerako oinarri gisa. Erabiltzaile bakoitzak bere beharrak asetzeko laguntza eskatzen du eta trukean, denbora eskaintzen dio behar duenari. Auzolana egiteko beste modu bat da, beraz.
Hogeita hamar kidetik gora ditu Aiztondoko Denbora Bankuak eta, pixkanaka, indar handiagoa hartzen ari da. Izena emateko garaian, norberaren eskaintza zein izango den zehaztu behar dute partaideek; sukaldaritza, masajeak, aholkularitza, etxeko konponketak, haur eta adinekoen zaintza..., gauza asko izan daitezke.

Izena emateko
Norbaitek ekimenaren berri izan edota izena eman nahiko balu, Itsaso Gonzalezi deitu beharko lioke 943 693 930 zenbakira.

Hitzaldia zizurkilen
Toni Lodeiroren hitzaldia.  Ideia praktikoak kontzientziaz kontsumitzeko.
‘Gutxiago kontsumitu; hobeto bizi’ izenburupean hitzaldi-tailerra.
Maiatzak 10, ostirala. 19:30
Atxulondo Kultur etxean


AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!