Ingurumena zaintzen duten etxeak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko api. 25a, 14:02

Energia aldetik eraginkorrak izango diren etxebizitzak eraikitzen dituzte Ekoetxe enpresako kideek. Bizkaian hasi ziren lanean eta urtebete da Andoaingo bulegoa zabaldu zutela.

Eraikuntza enpresa da Ekoetxe, baina ez dituzte edonolako etxebizitzak eraikitzen. Andoaingo bulegoan egoten da Oihana Arrizabalaga eta hark eman ditu Ekoetxek egiten dituen etxebizitzen inguruko azalpenak: “Energetikoki eraginkorrak izango diren etxebizitzak egiten ditugu 2010 urteaz geroztik. Horrez gain, erabiltzen dugun eraikuntza sistema ere berezia da; modulu bidez altxatzen ditugu etxeak. Modu horretan, eraikuntza prozesua asko azkar dezakegu, betiere kalitate ona eskainiz. Modulu bidezko sistema ez da nahastu behar aurrefabrikatutako etxeekin. Gure kasuan, etxeak eraikitzeko behar ditugun materialak ia bukatuta ateratzen dira fabrikatik eta horrek asko errazten du eraikitzeko prozesua, baina kalitateari kalterik egin gabe”.

Sei hilabetean, etxea egina
Bezeroa bulegoan sartzen denean hasten da Ekoetxeko kideen lana: “Bezeroak nolako etxea behar duen, zein gustu dituen..., hori guztia aztertzen dugu proiektua lantzen hasi aurretik. Moduluka lan egiteak ez du inondik inora esan nahi etxe mota zehatz batzuen artean aukeratu behar denik, bezero bakoitzari bere etxea diseinatzen zaio. Egin behar dugun etxearen diseinua eta proiektua amaituta, eraikuntza prozesuari ekiten diogu eta sei hilabeteren buruan, giltzak emateko moduan izaten gara”.

Energia aldetik eraginkorrak
Sistema energetiko bereziak jartzen dizkiete etxebizitzei. Hala azaldu du Oihanak: “Sistema bereziak diseinatu eta ezartzen ditugu. Bezero bakoitzari eta etxebizitza egingo den tokiari ondoen egokitzen zaion sistema bilatzen dugu. Etxe bakoitzak behar duen energiaren zati handi bat berak sortzea da helburu nagusia”.
Energia aldetik eraginkorra izan dadin, bi baldintza bete behar ditu etxe batek: “Batetik, ahalik eta energia gehien sortzeko gaitasuna izan behar du, baina beste alde batetik, energia horren galera eragotzi behar da. Horretarako, oso isolamendu ona ematen diegu etxebitzei”.

Geotermia
Energia iturriei dagokienez, sistema ezberdinak erabiltzen dituzte Ekoetxeko kideek: “Geotermia erabiltzen dugu etxe askotan. Lurrari darion berotasuna erabiltzen duen sistema da hori. Lurrean egindako zuloen bidez jasotzen dugu energia hori eta etxean erabiltzeko moduan bideratzen dugu. Galdara elektriko batean biltzen da energia hori guztia, oso indar gutxi kontsumitzen du eta asko sortu. Horrekin sor dezakegu etxerako ur beroa, berogailurako indarra, etab. Bezeroarentzat, ohiko galdararen erabilera bera du, baina aurrezpen handia ekartzen dio. Kostaldean dauden etxeetan, bestalde, oso egokia da aerotermia izeneko energia sorgailua. Eguzki plakak ere jartzen ditugu, laguntza gisa”.

Prezioa
Kostu aldetik, etxe hauek ohiko eraikinen pare dabiltza: “Metro karratuen arabera aldatzen da hori, etxe arruntetan gertatzen den bezala. 160.000 euro ingurutik hasi, eta bezeroak nahi duen prezioraino irits gaitezke. Solairu bakarreko etxebizitzak, bikoak, handiak, txikiak, itxura modernokoak, klasikoak..., bezeroaren beharretara egokitzen dugu guztia”.  Eraikitzeko behar diren baimen guztiak eskatzeko prozesua ere Ekoetxeko lantaldeak bidera dezake, bezeroak hala nahi badu. “Gure lantaldean bi arkitekto daude eta haiek egiten dituzte egin beharreko eskaera guztiak. Ohiko etxebizitza bat egiteko behar diren baimen berberak behar dira gure etxebizitzak eraikitzeko ere”.
Hormigoia eta egurra erabiltzen dituzte, batez ere, ekoetxeak altxatzeko. Oihanak azaldu du horren arrazoia: “Bi material horiek tartekatzen ditugu gehienbat. Izan ere, hormigoi hutsa erabiliko bagenu, leiho txikiagoak egitera behartuta egongo ginateke. Egurra tartekatzeak, leiho zabalagoak eta kristal gehiago jartzeko aukera ematen digu, modu horretan argia hobeto aprobetxatuz. Etxearen barnealdeko espazioak hobeto aprobetxatzeko modua ere ematen digu bi materialak erabiltzeak”.

Andoaingo bulegoa
Urtebete daramate Andoaingo bulegoan eta pixkanaka, ari zaie jendea gerturatzen: “Baserriaren ondoan etxebizitza berria egin nahi duen jendea gerturatu zaigu, eta baita baserri zaharra berritu nahi duena ere. Gipuzkoan arazo bat dugu; ez dago lursail handirik etxebizitza berriak egin ahal izateko. Mota honetako etxebizitza bat egitea ez da pisu bat erostea baino garestiagoa, baina lursailik ez dago, eta dagoen pixka hori oso garestia da. Horrek zailtzen du pixka bat gure jarduna Gipuzkoan. Bizkaian ez dugu horrelako oztoporik, sail handiak daudelako bertan”.
Bada bigarren etxebizitza baten bila Ekoetxera gerturatzen denik ere. Hala azaldu du Oihanak: “Nafarroan edo beste edozein zonaldetan bigarren etxebizitza bat egin nahi duen jendea gerturatu zaigu. Kasu horietan, etxe txikiak nahi izaten ditu jendeak normalean, solairu bakarrekoak”.

Lantalde zabala
Hogeita lau langile ari dira Ekoetxen: “Mungian eta Gernikan daude bulego nagusiak. Bertan sortu zen Ekoetxe enpresa eta Andoainen dugu Gipuzkoako egoitza. Denera hogeita lau langile ari gara: Arkitekto, ingeniari, barne-diseinatzaile, komertzial, administrari... Epe laburrean bulego berriak irekitzen joateko asmoa ere badugu”.
Energetikoki eraginkorra izateari geroz eta garrantzia handiagoa ematen zaio gizartean: “Pixkanaka barneratzen ari garen kontzeptua da. Legeak ere geroz eta gehiago agintzen du eraginkortasunaren aldeko jarrera, eta geroz eta gehiago zaintzen da arlo hori. Badirudi epe ertainean diruz lagunduko direla modu honetako energia sistemak eta horrek bultzadatxoa emango dio”.

Energia sistemen aldaketa
Ekoetxe enpresak eskaintzen dituen zerbitzuen artean sartzen da dagoeneko eginda dauden etxeetan energia sistema berriak jartzea ere: “Inbertsio handi xamarra eska dezake horrek, baina epe luzera begira, asko aurrezten da. Baserri eta bestelako eraikinietan egin dezakegu hori. Kasu bakoitzari irtenbide egokiena bilatzen diogu eta batez beste, kontsumitzen den energian %80ko aurrezpena lor dezakegula kalkulatzen dugu”.
Energia ez galtzea ere oso garrantzitsua da eraginkortasuna bilatzen denean: “Horretarako, oso ondo isolatzen ditugu etxeak. Horrez gain, etxearen barnealdea aireztatuko duen sistema berezia jartzen dugu etxean. Guk eraikitako etxeetan ez dago leihoak ireki beharrik kanpoko aire garbia etxera sar dadin. Hodi berezi batzuk jartzen ditugu etxe guztietan aireztatzea modu egokian gerta dadin. Energiarik galdu gabe, eta etxeko tenperaturan eragin gabe, barneko airea kanporatu eta kanpoaldekoa sartzea lortzen dugu”.

Bezeroaren gustukoa
Etxeen itxurari dagokionez, bezeroak aukeratzen du nolakoa egin nahi duen: “Guk baditugu proposamen batzuk, baina ez dira finkoak. Bezeroak nahi duen bezalakoa izan daiteke bere etxea. Eraikitze prozesua hasi aurretik, goitik behera jakingo du bere etxea nolako izango den”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!