Antzerkia herrian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko api. 25a, 14:00

Urteroko moduan, Zizurkilgo Udalak antzerki astea antolatu du; aurtengoa XI. edizioa izango da.

Zizurkil herri antzerkizalea izan da betidanik. Egun dagoeneko ez badago ere, garai batean, amateur talde bat ere izan zen herrian. Zizurkilgo Udaletik adierazi dutenez, “antzerki astearen bitartez, herritarrei herrian bertan antzerkiaz gozatzeko aukera eman nahi diegu, horregatik, adin guztietarako egokia den egitaraua osatu dugu”. Ainhoa Larrea kultura teknikariak azaldu duenez, “herri txikietan horrelako gauzak antolatzea ez da erraza; gainera, aurtengo aurrekontua iazkoa baino murritzagoa izan da, baina hala ere, programazio txukun bat prestatu dugu. Berrikuntzen artean, apirilaren 27an ospatuko den Bakarrizketa afaria aipa daiteke”.

Haurrak ere antzezle
Urteroko legez, Pedro Mari Otaño eskolako 6 eta 12 urte arteko ikasleek euren tartea izan dute antzerki astearen barruan. Ostegun goizean, Lehen Hezkuntzako lehenengo mailakoek (LH1) Barraskiloa izeneko obra antzeztu zuten eta Lehen Hezkuntzako seigarren mailakoek (LH6), bestetik, Urrezko baloia antzezlana. Joxean Gorriti, LH1 mailako haurren irakasleak azaldu duenez, “garrantzitsua da haurrentzat horrelako proiektuetan parte hartzea. Gainera, oso ondo pasatzen dute. Asko direnez, antzerkirako ikasi behar izaten dituzten testuak oso txikiak izaten dira eta erraz ikasten dituzte”. Musika, dantza eta antzerkia uztartuz, moldatutako ipuinen antzezlanak egiten dituzte: “Antzerkia gure ikasturteko programazioaren barruan dagoenez, klase orduetan entseatzen dugu. Horrez gain, mozorroak ere eurek egiten dituzte. Aurten, animalien paperak egitea egokitu zitzaienez, eurek margotutako maskarekin antzeztu zuten”.

Bakarrizketa afaria
Apirilaren 27an, larunbatarekin, Jon Zubiaga Gose taldeko kideak Unai Iturriaga bertsolariak sortutako Buah Txabal bakarrizketa saioa eskainiko du. Gazteei, euskararen inguruan, hizkuntza ohituren eta jarreren inguruan, argi eta garbi, itzulingurik gabe, konplexurik gabe, ausardiaz, hitz egingo eta pentsaraziko dien obra da Buah Txabal. Oro har publiko gazteari zuzendutako antzerki lana da, baina ez bereziki gaztetxo-gaztetxoei, 17 urtetik aurrerako publikoari baizik. Eta hortik gora, euskaldun ororentzat, obran azaleratzen diren egoerak ez baitira, soilik, gazteen artean ematen.  Hauxe da obraren sinopsia: Garikoitz Kortabitarte, goitizenez Beti, hogei urte bueltako gaztea da. Bere goitizena beti lokalean sartuta egotetik datorkio. Bart, salbuespen moduan, herrira atera da parrandara eta tragedia bat gertatu zaio: mugikorra galdu du. Zergatik da, ordea, mugikorra galtzea halako tragedia Betirentzat? Garikoitzek horren zergatia kontatzen duen bitartean, euskararekin duen harreman gatazkatsua, bere izaera xelebrea eta lokaletako gazteen gaineko topikoen parodia muturreraino eramango du.
Afaria gaueko 21:00etan izango da Atxulondo tabernan eta postreen garaian bakarrizketaz gozatzeko aukera izango da. Afarirako txartelak Atxulondo eta Iriarte tabernetan eskura daitezke 15?ren truke.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!