Iñaki Gorostidi adunarrak harri-jasotzearen munduan ibilbide luzerik egin ez bazuen ere, historiarako geratuko den marka ezarri zuen: esku batez, bera halako bi eta 31kg gehiago jaso zituen, 27 urterekin. 19 urterekin hasi zen Iñaki Gorostidi harri-jasotzearen munduan murgiltzen. 20 urterekin, ordea, utzi egin zuen eta boxeoari ekin zion: “Profesional moduan 33 borrokaldi egin nituen. Aurrera biderik ikusten ez nuenez, berriz ere harri-jasotzeari ekin nion eta orduan egin nuen aipatutako marka hori”. Lesio gogor baten ondorioz, betirako utzi behar izan zion harriak jasotzeari: “Orduz geroztik behin baino gehiagotan galdetu izan diot nire buruari, hik, Iñaki, harri-jasotzen jarraitu izan bahuen noraino iritsiko ote hintzen?”.
Harri zaharra eta harri berria
Harri-jasotzearen historian harri berriarekin jaso den pisurik handiena 329kg-koa da; harri zaharrarekin, bestetik, 250kg-koa. Harri batetik bestera desberdintasun handiak daudela aipatu du Iñakik: “Harri zaharra behean bi eskuzulo dituen harri pusketa bat da. Harri berriak, aldiz, atzeko aldean hutsunea izaten du eta 200kg-tik gorako harriak, normalean, berunarekin betetzen dira. Beruna erabiltzen orain 40 urte inguru hasi ziren”. Eskuzuloek tamaina jakin bat izaten dute eta hori neurtzeko Iñakik badaki era bitxi bat: “Entzun izan dut, lehen garai batean, urarekin neurtzen zela eskuzuloen tamaina. Litro eta erdi ur sartzeko adinako zuloak izan behar zuten”.
Gazteak prestatzen
Larunbat arratsaldetan entrenatzaile lanetan aritzen da Iñaki Gorostidi. Bere iritziz, egun, “kirolariek prestatzeko aukera gehiago daukate, baina hori norberak ikusi behar du. Prestakuntza aldetik orain gimnasiora ere joan daitezke. Gure entrenamendua mendira joatea izaten zen eta astean bitan harriarekin ibiltzea, besterik ez. Horrez gain, gaurko entrenatzaileak ere hobeto prestatuta daude”.
Herri-kirolen beherakada
Harri-jasotzea, beste kirol asko bezalaxe, “beherakadan” dagoela aipatu du Gorostidik: “Telebistak, onurak ekartzearekin batera, kalteak ere eragin ditu. Gaur egungo herri-kirol saio gehienak telebistaz igortzen dira eta horrek jende asko plazetatik kanpo utzi du”. Hala ere, Gorostidiren aburuz, “herri-kirolak Euskal Herritik kanpo gehiago saldu beharko lirateke. Herri-kirolak dira euskara hutsean egiten diren kirol bakarrenetakoak. Herri-kiroletan dago benetako herri bat, eta hemendik kanpo ez dira saltzen. Iparragirrek zioen moduan, ‘Eman ta zabal zazu frutua’. Aurreko batean, italiar batzuk etorri ziren gure baserrira. Larunbat arratsaldea zenez, entrenamendua ikusi zuten eta harriturik geratu ziren, txundituta. Oraintsu arte herri-kirolak basakeria moduan ikusi izan dira, baina futbolak ez al du oldarkortasun handiagoa sortzen? Futbol partida batean jendea maldizioka ikusten da askotan, herri-kiroletan, berriz, animoka. Non dago beraz, basakeria? Horrez gain, datu esanguratsu bat aipatu nahiko nuke: Harri-jasotzen oraindik ez da heriotzik izan”.
VII. Gorostidi harria
Muxkil elkarteak antolatutako urteroko ekitaldi honetara 700 lagun inguru gerturatzen da. Aurtengo protagonistak, Aimar Irigoien, Urpe, Urtzi Telleria, Joseba Urrutia, Iban Ugartemendia, Jesus Mª Izeta III.a, Unai Lertxundi, Jokin Eizmendi, Joseba Ostolaza eta Aimar Galarraga izango dira. Harri-jasotzaile bakoitzak, bi eskuen laguntzaz, bost minututan 175kg-ko harriarekin ahalik eta jasoaldi gehien egin beharko ditu. Horrez gain, sari berezi bat egongo da 185 kiloko zilindro zaharra esku bakarrarekin jasotzen duenarentzat. Lehen aipatu bezalaxe, VII. Gorostidi Harria Txapelketa maiatzaren 5ean, igandearekin, jokatuko da Adunako pilotalekuan. Ikusleek borondatea soilik ordaindu beharko dute erakustaldia ikusi ahal izateko. “Orain zazpi urte antolatu genuen lehenengoz txapelketa. Gure asmoa, lehen ere harri-jasotzaile onak izan zirela erakustea da. Ea aurten baten batek nik jarritako marka hura apurtzen duen”.