Bigarren edizioa, borobila

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko api. 25a, 13:56

Aurreko igande eguerdian Xoxokan marka guztiak hautsi zirela esan daiteke. Zentzurik zabalenean esan daiteke, gainera. Kirol mailari dagokionez, irabazleek iazko markak nabarmen jaitsi zituzten. Parte hartzeari dagokionez, ia laurehunera iritsi zen. Zaletuei dagokionez, Xoxokara bidean bide bazterrean pilatu ziren ehunka ibilgailuak zenbatzea besterik ez dago. Eta amaitzeko, antolatzaileei dagokienez, probaren alor teknikoan eta logistikoan aurrerapen handiak egin dituzte aurten.


Urnietako mendi lasterketak, beraz, etorkizun oparoa izateko baldintza guztiak betetzen ditu. Hurrengo edizioetarako marketing kanpaina onena, gainera, lasterkariek eurek egingo dute. Oihana Kortazar munduko txapeldunak Urnietakoa "Zegama-Aizkorri txikia" zela zioen helmuga zeharkatu eta segundu gutxira. Probaren publizitatea egiteko nekez aurki daiteke esaldi hobeagorik. Euskal Herritik kanpo ere zeresana eman dezake, lasterketa osoa buruan egin zuen Pere Aurell katalanari zoragarriak iruditu baitzitzaizkion ibilbidea eta ibilbidean jasotako animo guztiak.
Andoaingo, Urnieta eta Buruntzaldeko kirolariek ere gustukoa dute, parte hartzea handia izan baitzen. Aurtengo edizioan urnietarren emaitza aipatu behar da, bereziki. Lehen bederatzietan hiru herritar sailkatu ziren. Beraz, herriak kontutan hartuta, Urnieta garaile. Ez da txantxarako datua, lehen postuetan sailkatutakoen denborari erreparatuta.
Probaren antolatzaileak, Urnietako Udala eta Aspanogi, beraz, pozik egon daitezke. Bigarren edizioa borobila izan da, alor guztietan. Zorionak!

Jokin Lizeaga, txapelduna
"Urnietak behar zuen horrelako lasterketa bat, mendia hain gertu edukita"


Marka berria jarri zuen Lizeagak Xoxokako helmugan, ia bi minutu inguruan jaitsiz iazko marka. Helmuga zeharkatuta, urnietarrak eskuak altxa ondoren txaloak itzuli zizkien bertaratu ziren guztiei. Iritsi eta berehala, honako adierazpenak egin zituen: “Herrian txapeldun izan naiz herrikide eta lagunen aurrean. Lasterketa festa batean bilakatu du, eguraldiak ere lagundu du. Urnietak behar zuen horrelako lasterketa bat, mendia hain gertu edukita”.
Lasai ibili haiz, ez? galdetu zion ETBko kazetariak, irribarrea atera zitzaion erantzun aurretik: "Beno, lasai-lasai... egia esan ez. Hasieratik pixka bat estutu dut Adarrara iristeko denbora tarte bat aurreikusita nuelako. Horregatik Adarraraino nahiko bizi joan naiz, atzetik zetozenei nahikoa denbora atera diet. Bigarren zatia, berriz, lasaiago egin dut lehen kilometroetan ateratako denbora hori baliatuz. Erraza izan dela pentsa daiteke, baina ia ia dena emanda burutu dut lasterketa osoa”.
Ondo aurkitzen dela aitortu zien bertara hurbildu ziren kazetariei, "nahiko ondo nago. Orain dela sei aste Senperen Ionut Zinka txapeldunari irabaztea lortu nuen. Arazotxoak izan ditut azken egunetan, baina orain ondo aurkitzen naiz. Ea Zegaman aurreko urtean bezain ondo nabilen".
Pozik irabaztearekin, eta eskertuta jasotako animo guztiekin. Zenbat urnietarren animoak jaso dituzu?, galdetu genion Aiurritik. "Ikusi, ikusi... asko ez. Baina sumatu bai. Denek ere nire izena edo abizena oihukatzen zuten, eta baten baten ahotsa ere antzeman dut. Pozgarria da, gutxitan bizitzen den esperientzia. Objetiboki pentsatuz, ia larehun lasterkariren aurrean irabazle izatea gauza handia da. Baloratzekoa da, eta herrian garaile izatea are gehiago.

Endika Garcia, bigarren
"Gogorra izan da baina oso polita"


Lasartearra, txapeldun-ordea, zazpi minutura iritsi zen. Helmuga zeharkatu eta arnasa hartzeko tartea hartu zuen, kazetarien aurrean hizketan hasi aurretik. Gogorra izan al da, Endika?, galderari azkar erantzun zion, "bai, motel! Hemen aldapa gora ez zegok korrika egiterik! Dena oinez". Garciak ere probaren hasieran indartsu ateratzea erabaki zuela aitortu zuen. Inguruak ezagutzen ditut eta gogorra zela esan zidaten, baina ez nuen pentsatzen hainbesterako izango zenik. Gaur, beherantz dena korrika, baina aldapa guztiak oinez jaitsi ditut. Gogorra, gogorra izan da baina oso polita".
Jokini jarraitzea ezinezkoa zela zioen, "beste maila batean dago. Ziurrenik horrelako probetan estatu mailako onena izango da. Bigarren egin dut eta oso pozik nago. Irabazi izan banu bezala".

Josu Goñi amezketarra hirugarren postuan iritsi zen, bi ordu azpitik sartu zen. Semea besoetan hartuta zeharkatu zuen helmuga. Oso pozik zegoen, iazko marka hobetu zuela gogoraraziz.

Pere Aurell, bosgarren
"Lehen aldiz etorri naiz hona, eta ikusgarria izan da"


Seigarren sailkatuari eskerrak eman nahian, eskutik heldu zion hankako txipa kentzen zieten bitartean eta ia lurrera erori ziren biak. Nekeak jota zegoen katalana, baina pozarren: "Gogorra izan da, bai. Polita, oso polita iruditu zait. Bukaera ez nuen horrela izango zenik imajinatzen, amaierako igoeratxo horiekin. Lehen aldiz etorri naiz hona, eta ikusgarria izan da jendea txoko guztietan animoak ematen. Eskertzekoa da, bereziki ezinak jota zaudenean ikusleen bultzada aurrera jarraitzeko lagungarri delako".
Pozik egoteko beste arrazoi bat ere bazuen, "lesio batetik irten berria, eta hanketako minik ez dut izan".
   
"Zer esan behar dut nik ba?", Unai Ezeiza urnietarrak helmuga zeharkatuta mikrofonoaren aurrean ere korrika egiten jarraitu zuen. Eskaini zituen hitz gutxitan gustura zegoela adierazi zuen, "ondo joan da. Iaz ez nintzen atera, eta oso polita izan da. Gogorra egin da, bai".

Oihana Kortazar, txapeldun
"Zegama-Aizkorri txikia dela esango nuke"


Oihana Kortazarrek iazko marka zazpi minututan jaitsi zuen: "Asko gustatu zait, pila bat. Oso lasterketa teknikoa da, Zegama-Aizkorri txikia dela esango nuke. Bereziki, Adarra igo ondoren egiten den jaitsiera hori eta gero Zegamako lasterketa etorri zait burura. Eskertzen dut lasterketa bat edo beste etxean egitea, zaletuen animo piloa jaso ditudalako. Denei eskerrak eman nahi dizkiet, asko animatzen dute".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!