Ion Ander Iriarte eta Ion Sasiain pultsulari bikainak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko api. 25a, 10:23

13 urtez geroztik praktikatzen dute halterofilia Ion Ander Iriarte billabonatarrak eta Ion Sasiain zizurkildarrak. Gora-behera batzuk medio, urte batzuetan geldirik egon badira ere, orain buru-belarri entrenatzen dabiltza Danok Danena halterofilia taldean. Kirol honen inguruko xehetasunak kontatu dituzte.

Zer da halterofilia? Zertan oinarritzen da?
Ion Sasiain:
Halterofilia edo pisu altxatze olinpikoa ahal bezain beste pisu barra batean altxatzean datzan kirola da. Barra horren muturretan disko batzuk jartzen dira, eta disko horien pisuaren batuketak adierazten duen pisua altxatu behar da. Bi modalitate daude: arrankada eta bi denbora. Lehenean, etenik gabe, barra, lurretik, besoak guztiz luzatuta, buru gainera igo behar da mugimendu bakar batean. Bigarrenean, beste hainbeste egin behar da, baina desberdintasun batekin: besoak barrarekin buru gainera luzatu aurretik, barra bera, sorbalden altuerara altxatzen da.
Ion Ander Iriarte: Halterofilian, gainontzeko kirol askotan bezalaxe, kategoriaka lehiatzen dugu. Kategoria horiek norberaren pisuaren eta adinaren arabera banatzen dira. Puntuazioak markatzen dituen taula bat izaten dugu eta bertan, kategoria, adina eta altxatutako pisua hartzen dira kontuan.

Zuen ibilbidean, hainbat titulu eskuratu duzue. Laburpentxo bat egingo al zenukete?
I.A.I.:
2006an eta 2007an, 77 kiloz azpikoen kategorian, Espainiako txapeldun izan nintzen. 2006an Europako txapelketa jokatu nuen Suedian. Ondoren, utzi egin nuen eta orain urte eta erdi berriz ekin nion lehiatzeari.
I.S.: 17 urtez azpiko eta 20 urtez azpiko kategorietan Euskadiko txapeldun izan nintzen. 2004an, 17 urtez azpikoan, Espainiako bigarren geratu nintzen. 2005ean, Espainiako txapeldun izan nintzen 17 urtez azpiko eta 62 kiloz azpikoen kategorian. Ansoainen jokatu zen txapelketa hartan, Espainiako errekorra egiten saiatu nintzen, baina ez nuen lortu. Eskumuturreko minez nenbilen eta azkenean eskafoide karpoa puskatu nuen, hau da, eskumuturreko hezurra. Ondorioz, bi urtez geldirik egon behar izan nuen. 2008 eta 2009an, junior mailan, Espainiako hirugarren postua eskuratu nuen.

Txapelketa bat aipatzekotan, zein nabarmenduko zenukete?
I.S.:
Berezien artean, 2012an Vallecasen jokatutakoa aipatuko genuke. Ion Ander eta biok ginen han. Taldekako sailkapenean bosgarren postuan sailkatu ginen finalera eta azkenean, hirugarren postuan amaitu genuen, izugarria izan zen. Gainera, gure lagunak animatzera joan ziren hemendik eta horrek asko lagundu zigun. Txarrenen artean, bestetik, 2003ko Espainiako txapelketa aipatuko nuke. Irabazteko aukera asko nituen eta teknikako proba egin ondoren, ukondoa puskatu nuen.
I.A.I.: 2004ko Espainiako txapelketan izugarrizko hanka sartzea egin nuen. 77 kiloz azpiko eta 15 urtez azpikoen kategorian, finalaren aurretik arrankada modalitatean dagoeneko Espainiako lehen postua eskuratua nuen. Izugarrizko aukera izan nuen bi denboratan txapeldun izateko, baina oso txapelketa txarra egin nuen eta 0 punturekin geratu nintzen.
Apirilaren 6an Villabonako Olaederra kiroldegian jokatu zen txapelketan emaitza paregabeak lortu zenituzten. Espero al zenuten?
I.A.I.: 85 kiloz azpikoen mailan Euskadiko txapeldun geratu nintzen eta sailkapen orokorrean, bosgarren. Arrankadan 110 kilo jaso nituen eta bi denboran, berriz, 138. Villabonan jokatutakoa Espainiako txapelketaren barnean sartzen zen. Ion eta biok finalerako sailkatu ginen, baina ni, lana dela eta, ezingo naiz joan maiatzean Madrilen ospatuko den Espainiako txapelketara. Ez nuen emaitza hori lortzerik espero. Goiza lanean pasa nuen eta nahiko nekatuta nengoen.
I.S.: 77 kiloz azpikoan bigarren postua eskuratu nuen eta sailkapen orokorrean hirugarrena. Madrilen jokatuko den Espainiako txapelketarako buru-belarri entrenatzen nabil eta ondo egitea espero nuen, baina ez nituen emaitza horiek espero.

Zer behar da txapelketak prestatzeko?
I.A.I.:
Denbora. Izerdi asko atera beharra dago. Horrez gain, muskulatura aldetik ere oso prestatua egon beharra dago. Kirol honen giltza, norberaren gaitasunaz gain, konstantzia da, emaitza onak lortu ahal izateko urte guztian entrenatu beharra dago.
I.S.: Egun, astean hiruzpalau egunetan entrenatzen dugu, norberarentzat aproposak diren entrenamendu taula batzuk jarraituz. Normalean, sei hilabete behar izaten dira txapelketa bat  ondo prestatzeko.

Txapelketa baten hasieran zer da pentsatzen duzuena?
I.S:
Lehenik eta behin, txapelketa guztien aurretik, epaileen aurrean pisatu egiten gara. Pisaketek ordubeteko iraupena izaten dute. Askotan, behar baino pisu gehiago emanez gero, ordubetean, pisua galtzen saiatzen gara. Pisatu ondoren, nik behintzat, jan egiten dut.
I.A.I.: Ondo aterako dela pentsatu behar da. Lasai hartu eta mentalizatu.

Dopinaren aurkako frogarik egin al dizuete inoiz?
I.A.I.:
Niri ez.
I.S.: Dagoeneko lauzpabost egin dizkidate.
I.A.I.: Kirol guztietan egin beharko liratekeela iruditzen zait. Dopinarekin dabilen jendeak eskuraezinak diren markak jartzen ditu eta hori ez da kirola.
 I.S.: Bat nator Ion Anderrekin. Askotan, txapelketa nazionaletan jendea erakartzeko interesa dela eta, askok izugarrizko markak egiten dituzte. Ondoren, Europako txapelketetara joan eta izugarrizko beherakada ematen dute. Berehala antzematen da nor dabilen dopinarekin eta nor ez.

2013 urteari begira, zein egutegi duzue?
I.S.:
Lehen aipatu moduan, maiatzaren 25ean, Madrilen, norbanako Espainiako txapelketa jokatuko dugu. Azaroaren erdialdean, berriz, kluben arteko txapelketa izango dugu eta hau ere Madrilen izango da. Kluben arteko sailkapena lurraldeka egiten da eta urtean lau liga izaten dira. Lehena, aurrekoan Villabonan jokatu genuena izan zen. Datorrena, Basaurin izango da. Hirugarrena, Villabonan, Santio jaien baitan eta laugarrena oraindik zehazteko dago, baina kanpoan izango da. Urtea amaitzeko, Eguberrietako saria jokatuko da abenduan Zizurkilen.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!