Arkupeetako erromeria berreskuratuz

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko api. 25a, 10:20

Hainbat herritarren nahia betez, Ebia kultur taldearen laguntzarekin, garai bateko arkupeetako erromeria berreskuratzen saiatu dira asteasuarrak. Dagoeneko hiru erromeria egin dituzte eta emaitzarekin gustura daude. Luis Esnaola eta Xanti Azurmendi trikitilariek eta Mikel Maiz Ebia taldeko kideak hartu dute hitza.

Asteasu herri dantzaria izan da beti, trikiti edo ttunttun doinuak ez dira sekula falta izan Ernio mendiaren magalean: Santamañako jaiak, Zelatungo erromeria, Asteasuko arkupeetako erromeriak..., askok eta askok oraindik ere gogoan izango dituzte igande arratsaldetako une haiek. Gaur egun, ordea, egoera oso desberdina da. Erromeriak data jakinetan ospatzen dira, gehienbat herriko festetan, eta gainera, jende gazteak ia ez du dantzarik egiten. Garai zaharrak gogora ekarri asmoz antolatu dituzte arkupeetako erromeriak: “Gure aurreko belaunaldiei entzunda bagenekien, antzina, Asteasuko arkupeetan erromeriak ospatzen zirela. Gure artean hori berreskuratzeko grina sortu zen eta Ebia kultur taldeari laguntza eskatu genion. Horrelaxe sortu dira urteko hiru  erromeriak. Gure helburua, gaur egun gaztetxo diren horiek etorkizunean ere horrelako ekitaldiak antolatzen jarraitzea da, garai bateko ohitura hori gazteei transmititzea hain zuzen”, azaldu du hirukoteak.

Erromerien bilakaera
Urteen poderioz, erromeriek aldaketa nabarmena jasan dute: “Taldeen sorrerarekin bat, trikitixaren partez musika lantzen hasi ziren eta trikitiaren benetako izaera galdu egin zen. Horrez gain, lehen, soinu-joleak festaren atzetik ibiltzen ziren edonon jotzeko nahiarekin. Orain, ordea, atzetik ibili beharra dago. Bestetik, dantzarien bilakaera ere aipatu beharra dago, bai kopuruari eta baita dantza egiteko estiloari dagokionez ere. Lehenengoaren kasuan, dantzari falta dago. Asteasun antolatu ditugun erromerietan, esaterako, 14 eta 25 urte bitarteko gazteen falta izugarria izan da. Dantza egiteko moduari dagokionean ere, aldaketa nabarmena izan da. Lehen, bakoitzak etxean ikasitakoa egiten zuen, amarekin sukaldean ikasitakoa. Orain, berriz, denek berdin-berdin dantzatzen dute”,  adierazi dute.
Gazteak erakartzea da antolatzaileen erronketako bat: “Egungo gazteek beste mila ekintza izaten dituzte aukeran eta horrek ere eragin handia du erromerien beheraldian. Hala ere, gaztetxearen urteurreneko erromerian, izugarrizko giroa sortu zen. Gure helburua, gazte horiek plazara gerturatzea da”, aipatu du hirukoteak.  

Lagun arteko festa
Eguraldiak jendearen erantzuna asko baldintzatzen badu ere, antolatzaileen asmoa herri giroa sustatzea da: “Gure asmoa ez da erromeria soilik egitea, erromeriaren laguntzarekin herrian giroa piztea baizik. Garai batean, arkupean ostatua zegoen; egun, erromeri egunetan txosna txiki bat jartzen dugu eta bertan jan edana eskaintzen dugu”. Luis Esnaola, Xanti eta Gema Azurmendi, Mikel eta Larraitz Alkorta eta Haritz Mujika aritzen dira trikitilari lanetan. Bi ordu inguruko festa honetan, iluntzeko 19:00etatik 21:00etara bitartean, ez da musika faltarik izaten Asteasun. 100 lagun inguru biltzen da arkupeetan jai giroan murgildu asmoz: “Denetarik jotzen dugu: baltsak, pasodobleak, jauziak, fandango eta arin-arinak... Erromeriak antolatzen hasi ginenetik astero entseatzen dugu. Azken erromerian Juan Tapia gurekin aritu zen eta, egia esan, faltan botatzen genuen. Irakaslearekin jotzeak lasaitasuna transmititzen du eta, gainera, berak markatzen du erromeriaren erritmoa”, azaldu dute trikitilariek.

Leku txikiaren xarma
Hasiera-hasieratik antolatzaileek argi zuten erromeria leku txikian egin behar zutela: “Garai batean mandioetan ere egiten omen ziren erromeriak eta gure ustez, hori da sekretua; giro ona leku txikian sortzen baita. Toki txikian zaudenez, ondokoa dantzan hasten denean, batak bestea kutsatzen du eta azkenean, denek dantzan amaitzen dute. Lehenik haurrak hasten dira eta ondoren, haurrek gurasoak ekartzen dituzte. Kate bat sortzen da. Leku zabaletan, berriz, frontoian adibidez, zailagoa da jendea erakartzea”, iritzi dio hirukoteak.

Borondatezko lana
Ebia kultur taldeak antolatutako erromerien antolakuntzan, borondatez, 10 lagun aritzen dira lanean: “Kosturik gabeko festa antolatu nahi genuenez, jendearen laguntza behar genuen eta eskertzekoa da jendearen borondatea. Denen bultzada beharrezkoa da, hauek gabe ezingo litzateke eta festa aurrera atera”.

Aurrerantzean, zer?
Joan den apirilaren 20an ospatu zuten hirugarren erromeria. Lau egiteko asmoan, azkenengoa herriko festetan egingo dutela aurreikusten dute. Orain artekoaren balantze positiboa egin dute antolatzaileek: “Jendearen erantzuna oso ona izan da. Horrela jarraituz gero, proiektu txiki honekin aurrera jarraitzea polita litzateke, baina oraindik goizegi da hori esateko. Mahai baten bueltan eseri eta balantzea egin beharko genuke. Guk gure aldetik, jendea parte-hartzera animatu nahi dugu. Ez dago zertan dantzarik egin, musika entzun eta giroaz gozatzearekin nahikoa da”, berretsi dute Mikelek, Xantik eta Luisek.
    
Elizmendiko Santa Kruz jaiak
Asteasuko Udaleko Festa Batzordeak, Asteasuko Gazte Asanbladak eta hainbat herritarrek prestatu dituzte aurtengo Santa Kruz jaiak. Bi egunetan, maiatzaren 4an eta 5ean, janedana, musika eta kirol saioak ez dira faltako Asteasuko Elizmendi auzoan. Hona hemen egitaraua:

Maiatzak 4, larunbata
16:30    Mus txapelketa herrikoia (Eskola Txikitan)
15:45 - 16:15: Izen-ematea. Orduz kanpo ez da izen-ematerik onartuko. Bikoteko partaide batek asteasuarra izan beharko du.
16:30    Txupinazoa eta Simonen jaitsiera.
Ondoren: Duatloia haurrentzat (Mendiko txirrindularitza eta krosa). Haur jolasak. 
19:00    Haurrentzat zezen txiki eta poneyak.
20:30    Herri afaria Erretore etxean.
23:00    Erromeria: Ansorregi, Larrañaga eta Lutxurdio.
Goizaldera: Txokolatada.

Maiatzak 5, igandea
11:30    Meza Santa Kruz ermitan.
Ondoren: Hamaiketakoa. Toka txapelketa, Laja eta Mikel trikitilariek alaiturik.    
17:30    Herri kirolak. Lapazaran: Iparraldeko jokuak. Harrijasotzailea: Jagoba Otaegi (Euskal Herriko Kintopeko txapelduna).
Ondoren:  Laja eta Mikel trikitilarien emanaldia.
20:00    Simonen igoera.
Ondoren: Laja eta Mikel trikitilariekin erromeria.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!