Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin martxan jarritako Aurten noraino? kanpainaren helburua, Tolosaldean 6.000 lagun baino gehiagok errenta aitorpena euskaraz egitea da. Iaz, 5.200 baino gehiago izan ziren aukera hori egin zutenak, aurreko urtean baino 681 lagun gehiago. Aurten, kopuru hori gainditu daitekeela sinetsita, 6.000ra iristea da erronka. Eskualdeko herritar guztiek kanpainaren berri izan dezaten, 10.205 eskuorri banatuko dira, eta 266 kartel jarri hormetan.
Euskaraz nola egin
Errenta aitorpena euskaraz egitea, gaztelaniaz egitea bezain erraza dela azaldu dute bultzatzaileek eta deklarazioa egiteko hautatzen den moduaren arabera, (mekanizatua, gestoriaren bidez, Foru Aldundiaren egoitzara joanda…), euskaraz egin nahi dela esatea besterik ez legokeela. Errenta aitorpenaren autolikidazio proposamena etxean jaso dutenen kasuan, proposamen batzuk gaztelaniaz idatzita iristen direla kontuan izanik, proposamena berretsi nahiz deklarazioaren behin betiko bertsioa euskarazkoa izateko bide ezberdinak jarrai daitezkeela iragarri dute:
- Telefonoz 902 100 040 zenbakira deituta. Bertan, autolikidazio proposamena berresteko aukera eskatu ostean, ondorengo mezua entzungo da: “Ogasun eta Finantza Departamentuarekin euskaraz egin nahi baduzu sakatu 1”.
- Internetez, www.gipuzkoa.net /ogasuna/errenta webgunean, autolikidazio proposamena onartzeko atalean sartu behar da. Identifikatu eta gero, hirugarren pausoan hizkuntza aukera daiteke.
- Mekanizatuan egiteko hitzordua eskatu behar da lehendabizi 902 100 040 telefono zenbakira deituta, edota internet bidez www.gipuzkoa.net webgunean. Kasu guztietan euskaraz egin nahi dela adierazteko modua dago.
Emaitzak hobetuz
2009az geroztik, hauek dira Aduna, Amasa-Villabona, Asteasu, Larraul eta Zizurkilgo datuak. Ikus daitekeenez, urtez urte, errenta aitorpena euskaraz egiten dutenen kopurua gora doa.
Herria 2009 2010 2011
(Euskaraz) (Euskaraz) (Euskaraz)
Aduna 57 %24,05 61 %25,20 74 %30,20
Amasa-Villab 370 %11,70 430 %13,61 477 %15,24
Asteasu 154 %20,32 195 %25,72 213 %27,45
Larraul 12 %10,71 17 %14,53 27 %22,88
Zizurkil 225 %15,18 232 %15,88 271 %18,09
Andoainen ere bai
Dastatu zure etekin bikoitza! Euskaraz errentagarriagoa! lelopean, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina jarri dute martxan Buruntzaldeko Udalek: Andoain, Astigarraga, Lasarte-Oria, Hernani, Urnieta eta Usurbil. Hauxek dira, urtez-urte, Andoaingo datuak:
Herria 2009 2010 2011
(Euskaraz) (Euskaraz) (Euskaraz)
Andoain 732 %9,02 777 %9,66 880 %11