Udal aurrekontua onartu ezinik da gobernu taldea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko api. 24a, 19:50

Udal gobernu taldeak hilabete honetan 2013ri dagokion udal aurrekontua onartzeko asmoa bazuen ere, oposizioko alderdi guztien aurkako jarrera aurkitu du. Gauzak horrela, eta azken orduko aldaketarik ez badago, iaz onartutako diru kopuruetara mugatu beharko du Bilduk zuzentzen duen Gobernu taldeak. Aurrekontuaren luzapena litzateke hori, bi hitzetan.

Bideoa | Agerraldiaren kronika:

Ana Carrere alkateak asteazkenean egindako agerraldian atsekabetuta zegoela aitortu zuen, “gaurko agerraldi honetan esan beharra dugu udaleko alderdi guztiekin iritziak partekatzeko lehen bilera erronda egin eta gero, atsekabetuta aurkitzen garela. Oposizio itxia aurkitu dugu, eztabaidatzen sartzeko inolako borondaterik gabe. Udal gobernuari desadostasunak sortzea ulergarria zaio; horregatik gara alderdi ezberdinetakoak. Baina gaur gaurkoz 2013rako udal aurrekontuen proposamenari ezezkoarekin erantzun diotenean, ez ditugu haien argudioak ezagutzen. Ez digute arrazoirik eman eta hori gutxi balitz negoziatzeko asmorik ere ez dutela azaldu digute”. Aurrekontua negoziatzeari ateak itxi dizkiotela, finean.

Oposizioko kideen jokabidea larritzat definitu du, “haien jarrerak ondorio larriak izango ditu Udalaren martxan, baina batez ere herritarrei egingo die kalte. Auzoz auzo parte hartze egitasmoa martxan jarri berri dugu eta herritarrek beraien eskaera eta lehentasunak argiro azaldu dizkigute. Bada, aurrekontuen blokeoaren ondorioz herritarrek egin nahi dituzten hainbat eta hainbat berrikuntza kinka larrian geratuko dira”.

Alkateak oposizioko kideei arduraz jokatzeko azken deia egin die. Gogoratu behar da Bilduk 2013rako aurrekontua onartzeko gutxienez alderdi baten abstentzioa beharrezkoa duela. PSE-EEk, EAJ-PNVk eta PPk aurkako botoa emanez gero, automatikoki iazko aurrekontuen luzapena gertatuko da.
Egoera horretan udal ekonomia bideratzea zaila izango da. Gastu finkoa urtero igotzen delako, bereziki gastu korrontea eta BEZa. Sarrerei dagokionez, udal instituzioak ere krisi ekonomikoa pairatzen ari dira.
Aurtengo aurrekontua onartu behar bada, hurrengo orduak erabakiorrak izango dira.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!