Zurrumurruen aurkako egitaraua aurkeztu dute

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko api. 22a, 16:23

Amasa-Villabonako Udalak, Tolosaldea Garatzen-ek, Mundu bat Tolosaldean taldeak, eta SOS arrazakeria elkarteak  zurrumurruen aurkako egitaraua antolatu dute, Foru aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Amasa-Villabonako udalean egindako prentsaurrekoan egitaraua aurkeztu dute. 

Eskualdean egindako galdeketa baten arabera, “Etorkinak gizarte laguntzei esker bizi dira”, “Etorkinek ez dute integratu nahi” eta “Etorkinek lana kentzen digute” zurrumurruak dira nagusienak gure eskualdean. Aurreiritzi horiei kontrakotasuna adierazi asmoz, zurrumurruen aurkako lau saio antolatu dituzte.

Sos Arrazakeria elkarteko Anaitze Agirrek adierazi duenez, “zurrumurruek bizikidetza puskatzen dute; bertakoen eta kanpokoen arteko hasutura sortzen dute eta kalte handia eragin dezakete. Hori lantzeko, formazio zabala eman nahi da datozen egunotan. Eskainiko diren saioetan ez dira datuak soilik emango, oinarria hausnartzea izango da”.

 

Jardunaldiak apirilaren 24an, apirilaren 30ean, maiatzaren 10ean eta maiatzaren 15ean ospatuko dira, Mintzolan, arratsaldeko 18:00etan. Izena emateko 943654501 telefonora deitu edo inmigrazioa@tolosaldea.net helbidera idatzi beharko da.

Hona hemen egitaraua:

 

     1.saioa, apirilak 24, asteazkena: Kulturak eta identitateak. Aurreiritziak, estereotipoak eta zurrumurruak. Xabier Aierdi (Begirune).  

-Zer da kultura. Nola egituratzen dira kulturak eta identitate kulturalak.

-Identitatea eta aniztasunaren eraikuntza Mendebaldean. Nola sortzen dugu eta nola eraikitzen dugu bestearen eta gu-aren irudia.

-Aurreiritzi, estereotipo eta zurrumurru kontzeptuen definizioa. Haien eginkizuna aniztasunari buruzko ideologiak eraikitzerakoan.

-Aurreiritzi, estereotipo eta zurrumurruak sortzeko eta hedatzeko espazio eta hedabideen analisi laburra.

 

2.     2.saioa, apirilak 30, asteartea: Zurrumurruen aurkako erantzunak. Agustin Unzurrunzaga (SOS Arrazakeria).

-Tolosaldean ditugu zurrumurru hedatuenen azterketa.

-Bigarren atal batean, zurrumurruak, eta joera hori duten diskurtso politikoak nola erabiltzen ari diren oraingo testuinguruan, politikoki analizatuko dira. Bereziki aztertuko dira Europan hazten ari diren eskuin muturreko korronteak.

 

3.    3.saioa, maiatzak 10, ostirala.

Lehen zatia: Nola funtzionatzen duten zurrumurruek, nola eragiten digun zurrumurruen birusak. Rafa Crespo Ubero (Xarxa Antirumors, Barcelona).

-Nolako erlazioa duten estereotipoek, aurreiritziek eta zurrumurruek desberdintasun sozioekonomikoekin. Dimentsio politikoa.

-Estereotipoak eta topikoak: eragileak, espazioak, sortze eta hedatze-bideak.

-Nola eragiten dioten jende guztiari, eta nola inplikatzen gaituzten guztiok.

-Kulturarteko komunikazioa eta gaitasuna, aniztasunean elkarrekin bizitzeko ezinbesteko tresna.

 

Bigarren zatia: Ekintzarako lanabesak.

-Nola erantzun eta nola geldiarazi zurrummurruen kutsadura Eskubide eta Betebehar Unibertsalen esparruan.

-Estereotipoak, topikoak eta zurrumurruak kudeatzeko esperientzien aurkezpena eta analisia. Adibide praktiko batzuk.

-Sarean lan egiten, erantzuteko eta ekintzarako plataforma.

-Nola hedatu modu positiboan datuak biztanleria osoari.

-Topikoak eta zurrumurruak kudeatzerakoan jendarteko eta pertsonen arteko komunikazioari buruzko orientabideak.

 

4.  4. saioa, maiatzak 15, asteazkena: Zer egin dezakegu Tolosaldean zurrumurruei aurre egiteko?

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!