Ramon Saizarbitoriaren MARTUTENE eleberriak irabazi du 2012ko 111 Akademiaren Saria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko api. 22a, 14:44

Sari banaketa ekitaldia Andoaingo Bastero kulturgunean ospatuko da maiatzaren 29an arratsaldeko 19:30ean

111 Akademiako akademiakideek hautatu eta izendatuta, Ramon Saizarbitoriak idatzi eta Erein argitaletxeak plazaraturiko Martutene eleberriak jasoko du 2012ko 111 Akademiaren Saria (orain arte Beterriko Liburua aipamena gisa ezagutu dena, alegia). Iaz, Harkaitz Canoren Twist-ek saridun izendatzeko bi bozketa txanda nahikoa izan bazituen, aurten Saizarbitoriaren nobelak lehenengo txandan bertan eskuratu du literatur aipamena jasotzeko behar zuen boto kopurua.

Urtarrilaren 15ean abian jarri zen lehenengo bozketa txandan 2012an gogokoen izan zuten liburuaren alde bozkatzeko eskatu zitzaien 188 akademiakideei, eta 111 Akademiaren arautegiaren arabera lehenengo txandan saridun izendatzeko behar den botoen %30a gainditu zuen Martutene-k: jasotako bozen %36,53 eskuratu zuen. Saizarbitoriaren eleberriaren atzetik boto gehien jaso zuen obra Kirmen Uriberen Mussche izan zen, botoen %9,61ekin; nagusitasun handiz gailendu da, beraz, idazle donostiarraren azken lana. Hala, 111 Akademiak Saizarbitoriaren Martutene-ri emango dio 2012ko 111 Akademiaren Saria. Saizarbitoriak 2000. urtea argitaratu zuen Gorde nazazu lurpean liburuak urte hartako Beterriko Liburua literatur aipamena eskuratu zuen.

 

Maiatzaren 29an, Andoainen

Irabazleari saria ematea baino ez da falta, beraz. Maiatzaren 29an ospatuko da 2012ko 111 Akademiaren Saria ezagutzera emateko ekitaldia, Andoaingo Bastero kulturguneko ekitaldi aretoan, arratsaldeko 19:30ean.

 

Izen aldaketa

1996an sortuz geroztik Beterriko Liburua izenez ezagutu den literatur aipamena, 111 Akademiaren Saria izango da aurrerantzean. Bi arrazoi nagusi daude aldaketa horren atzean.

- Batetik, sariaren eta akademiaren arteko lotura indartu nahi izan da, 111 Akademiaren Saria 111 Akademiak hautatu eta ematen duela azpimarratuz.

- Bestetik, sariak bere hastapeneko urteetan zuen eskualdeko izaera aspaldi galdu zuen arren, Beterriko Liburua izenak izaera horren kutsua nola edo hala mantenarazten zuela iruditzen zitzaien akademiako arduradunei. "111 Akademiaren Saria izenak eskualde kutsu hori erabat ezabatu eta Euskal Herri mailako ekimen baten aurrean gaudela hobeki adierazten duelakoan gaude", azaldu du Eloi Egibar akademiaburuak.

Logika berari erantzunez, 111 Akademiak 2012aren amaieran argitaratzeari utzi zion Beterriko Liburua aldizkariari ere 111 aldizkaria izena jartzeko asmoa zuten arduradunek, izen berriarekin batera, argitalpena edukiz zein diseinuz berrituz. "Akademiak egun bizi duen egoera ekonomiko larriak, ordea, asmo hori bertan behera uztera behartu gintuen joan den abenduan. 56. zenbakiarekin amaitu zen Beterriko Liburua aldizkariaren aroa. Gure nahia etorkizunean aldizkari berria martxan jartzea litzateke, aipatu bezala, izen, diseinu eta eduki berriekin, baina une honetan ez gaude, inolaz ere, halakorik bermatzeko moduan".

Halaber, behin sari-emate ekitaldia ospatuta, ikusi egin beharko da aurtengo egoera ekonomikoak gutxieneko ahalegin bati eutsiz 111 Akademiaren jardunari jarraipena emateko modurik uzten duen ala ez. Hala bada, ekimen berririk iragarriko du udazken aldera...

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!