Maddi Urbieta
Andoain
“Iaz parte hartu nuen Urnietako mendi maratoian, eta orduko antzeko prestaketa egin dut. Astean zehar bi edo hiru saio egiten ditut asfaltoan, eta asteburuetan mendira abiatzen naiz, oinez edo korrika egitera. Iaz hiru mendi lasterketa egin nituen Urnietakoaren aurretik: Kukuarri (Orio, 10 km.), Arriaran (Beasain, 15 km.) eta Aia (8 km.). Horrela egitea programatua neukan aurten, baina Aste Santuko oporretan, Andorra aldean, 73 km.ko mendi lasterketa bat egitera tentatu ninduten lagunek. Bukatu nuen lasterketa handi hori, gustura bukatu ere, baina orain Adarrako parajeetan gorputzak nola erantzungo didan misterio bat da.
Lehen mendian lagun talde batekin ibiltzen nintzen, mendizaleen modura. Horietako bi mendiko lasterketetan hasi ziren halako batean, eta ni ere atzetik joan nintzen, probatzera. Asfaltoan ez nengoen aspertuta, baina gauza berriak sentitzeko gogoa neukan. Gaur egun elkarrekin joaten gara lasterketa batzuetara; Urnietan, Maddi Arrazola, Iñaki Monasterio eta hirurok izango gara; laugarrena, Urko Mitxelena, berriz, ez dakit oraindik etorriko den.
Niretzat, Urnietakoak badauka aparteko zerbait. Beharbada, ni andoaindarra naizelako eta paraje horiek txikitatik ezagutzen ditudalako izan daiteke. Zenbait mendi lasterketa korritu izan ditut dagoeneko, eta esango nuke Urnietakoan, gutxitan bezala, batek sentitzen duela benetako mendi lasterketa batean parte hartzen ari dela: lokatza nonahi, errekak gurutzatzea…
Mendian, erritmoak, denborak, sentsazioek… aparteko dimentsio bat hartzen dute, asfaltoan hartzen ez dutena.
Mendi lasterketetan garrantzitsua da ezagutzea zure gorputza, kontziente izatea zenbat eman dezakezun. Gogoratzen naiz Urnietan irteeran bertan, korrikalari ugari zenbateko abailan atera ziren; beldur pixka bat eman zidaten, ea ez ote nintzen bakarrik geratuko lasterketan. Hala ere, besteei kasurik egin gabe, nire karrera egin behar nuela erabaki eta izugarri gozatu nuen. Azken postuetan iritsi nintzen, baina zer axola diot horrek?
Mikel Bergara
Urnieta
“Mendiko bizikletan ibiltzen naiz lehiaketetan, jaitsierako modalitatean, baina eskuko hatza hautsita eduki dudanez, bazterrean utzi behar izan dut bizikleta azken hiru hilabeteetan. Ezin geldirik egon, ordea, eta oinez hasi nintzen, Adarrako inguruetan ibilbideak eginez; gero eta azkarrago eta gero eta biziago, eta azkenean, lasterka bukatu behar! Horrela, Urnietako maratoi erdia egitea erabaki nuen. Orain ez bada, inoiz ez, pentsatu nuen, bizkleta berehala hartuko baitut; Irati Xtreme proba gogorra prestatzeko, hain zuzen.
Ondo sumatu ditut bizikletan eta korrika ibiltzearen artean dauden aldeak, azken hilabete hauetan. Jendeak horrela ez uste arren, latza da bizikletako jaitsierako modalitatea. Kontzentrazioa eta forma fisiko ona eskatzen dizu, eta gorputza erabateko tentsioan doa denbora guztian; esaterako, hiru mila metroko gora behera duten probatan, Alpeetan. Nolanahi ere, egia da bizikleta xuabeagoa dela, gorputzeko muskuluek-eta ez dutela halako kolpe bortitzik jasaten, korrika zabiltzanean bezala.
Bizpahiru lesio txikiren ondorioz etsita egon naiz joan den astera arte. Maratoi erdian ez parte hartzea ere ia erabakita neukan, kontua ez baita proban arrastaka ibiltzea. Hala ere, orain bost bat egun azken proba egin dut, eta nahiko ondo sentitu naizenez, aurrera egitea erabaki dut.
Ibilbidea ezagutzen dut, eta badakit zati handi bat oinez, bixi-bixi egin behar dela eta horrek ere animatzen nau parte hartzera, nahiz ez egon ehuneko ehunean. Egia esan, helburu handirik ez diot jarri nire buruari: minik ez hartu eta gozatu bidean, marka pertsonalari erreparatu gabe.
Bizikletako lasterketetan, Joxe Mari eta Migel Angel Pacheco anaiak eta hirurok ‘pika-pika’ eginda ibiltzen gara. Bada, maratoi erdia egitera animatu gara oraingoan, eta pentsatzen dut hara eramango dugula elkarren arteko lehia sano hori. Ederki pasako dugu hirurok lasterketan zehar!