XI. Antzerki astea ospatuko da

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko api. 18a, 16:50

Gaur eguerdian aurkeztu dute Alaitz Ormazabal kultura zinegotziak eta Ainhoa Larrea kultura teknikariak XI. Antzerki astea. Apirilaren 22an hasi eta hilaren 27ra bitarte luzatuko da aurtengo egitaraua. 

Zizurkil herri antzerkizalea izan da beti, horren adibide dira, besteak beste, festetetan egindako hainbat eta hainbat parodia. Alaitz Ormazabalek eta Ainhoa Larreak adierazi dutenez, “antzerki astearen bitartez, herritarrei herrian bertan antzerkiaz gozatzeko aukera eman nahi diegu, horregatik, adin guztietarako egokia den egitaraua osatu dugu. Herri txikietan horrelako gauzak antolatzea ez da erraza; gainera, aurtengo aurrekontua iazkoa baino murritzagoa izan da, baina hala ere, programazio txukun bat prestatu dugu. Berrikuntzen artean, apirilaren 27an ospatuko den Bakarrizketa afaria aipa daiteke”.

Hona hemen egunez eguneko egitaraua:

Apirilak 22, astelehena

Musika tresnen fabrika antzezlana, 2 eta 6 urte bitarteko haurrentzat. 15:15ean Atxulondon.

 

Apirilak 23, asteartea

Jolas eta zilarrezko txartela antzezlana, 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzat. 11:00etan eta 15:15ean Atxulondon.

 

Apirilak 25, osteguna

Pedro Mari Otaño eskolako haurren emanaldiak. LH1eko ikasleek Barraskiloa obra antzeztuko dute eta LH6koek, bestetik, Urrezko baloia antzezlana eskainiko dute. Hitzordua, 11:00etan Atxulondon izango da.

 

Apirilak 26, ostirala

Sarean zintzilikaturik, Edurne Agirrezabalarekin. 17:00etan Iriarte Etxean.

 

Apirilak 27, larunbata

Bakarrizketa afaria Atxulondo tabernan. Postreen garaian, Jon Zubiaga Gose taldeko kideak, Unai Iturriaga bertsolariak sortutako Buah Txabal bakarrizketa saioa eskainiko du. Afaria 21:00etan hasiko da eta txartelak dagoeneko salgai daude, 15€tan, Iriarte eta Atxulondo tabernetan. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!