Aurtengo San Juan jaien aurrerapena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko api. 18a, 11:07

Andoaindarren begiak honezkero Santakrutzetan jarrita daude, baina San Juan jaien inguruan ere zer aipatu egon badago. Jaiak aurten ekainaren 21ean hasi eta 25ean amaituko dira.
Udaletik deialdia egin da herritarren parte hartzea eskatuz; ideiak proposatzeko epea irekita dago apirilaren 26ra arte eta, besteak beste, pregolari izateko hautagaiak izendatzeko deialdia egin dute.

Herritarrek jaiei begira proposamenak egiteko aukera dute apirilaren 26ra bitarte. Aurtengo San Juan jaien inguruan Aitziber Ugartemendia kultura zinegotziak argibide gehiago eskaini dizkio Aiurri astekariari.

Pregoilaria da aurten txertatu nahi duzuen berrikuntza  nagusiena…
Aitziber Ugartemendia. Kultura Batzordean zein Jai Batzordean proposatu zen ideia, eta kontrako iritzirik jaso ez zenez, aurrera egitea erabaki da. Aurten ekainaren 21ean hasiko dira Sanjuanak, ostiralarekin, eta pregoiarekin batera izatea nahi genuke. Alde horretatik, proposamena argia da: pregoia irakurri dezala herrian arrazoi bat edo besteagatik estimatzen den herriko pertsonak edo elkarteren batek.
Irudikatzen dugun ekitaldi hori jendetsua, koloretsua, herrikoia da; pregoilariak Goikoplazan, herritarren babesa jasotzea; alegia, herrian mugitzen diren kultur taldeek (txaranga, buruhandi eta erraldoien  konpartsa, txistulariak, musikariak, koadrilak…) eta oro har, herritarrek aitormen publikoa egitea pregoilari horri; azken batean, jai giroa eta poza nagusitzea jai hasiera horretan.
Arratsaldeko 20:00etan egitea proposatzen dugu. Ez da erraza orduarekin asmatzen, baina iruditzen zaigu ordu polita izan daitekeela plazan familia giroan biltzeko.

Zein ezaugarri beharko ditu eduki pregoilariak?
A.U. Izan daiteke pertsona zehatz bat edo elkarteren bat, Andoaingoa dena. Izena emateaz gain, noski, hautatu izanaren zergatiak adierazi beharko dira, zein diren bere merezimenduak, alegia. Andoaingo herriaren eta bere herritarren bizitzan eta ongizatean nahiz kultur mailan ekarpena egin duen pertsona edo elkarteren bat izan beharko luke.
Oraingoz, hiru hautagai aurkeztu dira Jai Batzordean. Baina epea irekita dago, apirilaren 26ra bitarte. Izendapenak Basteron eta udaletxean bertan aurkeztu daitezke. Herriko edonork aurkez dezake, ez dago zertan Jai Batzordeko kide izan beharrik. Ikusiko da zein harrera daukan pregoiak herritarren artean, baina printzipioz, urtero errepikatzea da asmoa.

Jarri da martxan Jai Batzordea. Proposamen ugari egin al da orain arte?
A.U. Bi bilera egin dira orain arte, eta egia esanda, urtero-urtero azaltzen diren herriko taldeak azaldu dira bertara. Oraingoz oso goiz da programa aurreratzeko, besteak beste, apirilaren 26a bitarte jarri baita epea ideiak luzatzeko. Hala ere, esan genezake, iazkoaren egitura nagusituko dela gutxi gora behera. Baiezta dezakeguna, esaterako, iaz arrakastatsu gertatu ziren bi ekitaldiri eutsiko zaiela da: auzoetako jai batzordeen bazkaria da horietako bat, eta jai amaierako Correfoc su ikuskizuna, bestea.

Harridura eragin dio zenbaiti jaiak Sanjuan bezperan ez hasteak…
A.U. Jendeak galdetu du ea noiz hasten diren jaiak. San Juan bezperan hasi izan ohi dira, ekainaren 24a larunbat edo ostiralean tokatu izan denean. Iaz, esaterako, larunbata izan zen San Juan bezpera, baina ostiral arratsaldean txistularien kontzertua eta musika emanaldia antolatu ziren.
San Juan bezpera gau berezia eta magikoa da andoaindarrontzat eta horrek horrela jarraitzea nahiko genuke. Nire ustean, behintzat, batak ez du  bestea kentzen.
Horrenbestez, asmoa pregoiaren ekitaldiarekin jaiari hasiera ematea da eta beti bezala San Juan suaren inguruko ospakizunari eustea.

Jai programa osatzeko dagoen honetan, zein deialdi egingo zenieke herritarrei?
A.U. Argia da herritarrei nahiz herriko edozein elkarteri luzatzen diegun gonbidapena: Jai Batzordeko bileretara etor daitezela eta ondo deritzoten proposamenak aurkez ditzatela. Apirilaren 26an amaitzen da proposamenak egiteko epea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!