Aztergai ugari apirileko udal batzarraldian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko api. 18a, 11:07

Andoaingo Udabaltzaren osoko bilkura egin zen apirilaren 10ean. Hainbat gai jorratu zituzten, herriari lotutakoak zein orokorragoak. Besteak beste, udal tasen igoera, euskararen udal erabilera plana, Alzheimerra, frankismoaren krimenak… ika-mikarik handiena ehizaren inguruko gaiak eragin zuen zinegotzien artean.


Andoaingo Udalean Hizkuntza Ofizialak erabiltzeko irizpideak (HOEI) onartzea izan zen lehen aztergaia. Bi errealitate kontuan hartzen ditu planak, batez ere: Udalak herritarren hizkuntza eskubideak eguneroko jardunean egiazki bermatu behar dituela, eta, udalaren ardura dela erabilera areagotzea bere barruko jardunean. Planak Bildu, EAJ eta PSE-EEren aldeko bozka jaso zuen; PP abstenitu egin zen.

HAURTZAINDEGIKO ETA
UDAL MUSIKA ESKOLAKO TASAK
Gobernu taldeak proposatuta, Galardi haurtzaindegiko eta udal musika eskolako udal tasak IPC-aren arabera igotzea eskatu zuen. Oposizioaren ezezkoarekin topo egin zuten. Beraz, tasak iazko berberak izango dira.  

GIZARTE MAILAKO MOZIOAK
EAJk Gizarte Zerbitzuen inguruko bi gai eraman zituen udabaltzara. Lehenak, Alzheimerra zuen aztergai: gaitz horrek sortzen duen arazoaren aurrean kezka agertzea eta Andoain “Alzheimerrarekiko Herri Solidarioa” dela adieraztea eskatzen zuen. Aurrera egin zuen mozioak oposizioko alderdien bozkarekin eta Bilduren abstentzioarekin.
Bigarren mozioak, Aldundiaren Mendekotasun Arretarako Gipuzkoako Hobekuntza Foru Plana zuen hizpide. Mozioak oposizioko hiru alderdien babesa jaso zuen; besteak beste, Andoaingo Udalak Aldundiari eskatzen dio  plan horren prozesua geldi dezan, “aurretik, Udal ordezkari guztiekin eta udalaren ardurapeko egoitza duten gainerako hamasei alkateekin prozesu amankomun bat adostu arte”.  
Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereila argentinarraren Aldeko Plataformak zazpi puntuko mozioa aurkeztu zuen; Andoaingo Oroituz elkartea ere plataformako kide dela esan behar da. Mozioak, batik bat Errepublikaren aldeko eta altxamendua eta ondorengo diktaduraren aurkako jarrera erakusteko eskatzen zion Udalari, eta aldi berean, bere laguntza eta atxikimendua ematea Argentinan Maria Servini epaileak ireki duen kereilari, zeinaren bitartez genozidioaren eta gizateriaren aurkako frankismoaren krimenak ikertzea duten helburu. Bilduk eta PSEk alde bozkatu zuten, PPk ezezkoa eman zuen, eta EAJ, berriz, abstenitu egin zen.
Espainiako Udalerrien eta Probintzien Federazioari atxekimendua indargabetu zen, bestalde, Bildu eta EAJko zinegotzien aldeko bozkarekin;  PSE-EE eta PP aurka agertu ziren.


DENBORAZ KANPO AURKEZTU
ZUTEN EHIZTARIEN MOZIOA
Ehizaren inguruko mozioak eragin zuen eztabaida handiena, aurreko asteazkeneko udalbatzan. Andoaingo Fielato izeneko ehiztari kirol elkartea izan zen mozioa aurkeztu zuena. Batik bat, elkarteak honako eskaria egin zuen: 2003ko irailean Gipuzkoako Aldundiak Goiburu auzoan ezarri zuen segurtasun eremua murriztea. Horretarako, Udalak Aldundiari eskaera egin ziezaion eskatu zuten. Elkarteak adierazi zuenez, hainbat nekazari eta abeltzainekin izandako harremanetan, ohartu omen dira basurdeek eta azeriek eragindako kalteak saihesteko komenigarria izango litzatekeela aipatu auzoan segurtasun eremua  murriztea.
Lehenbizko ika-mika mozioa aurkezteko erabili den moduak ekarri zuen. Alkateak kritikatu zuen udabaltza ospatu baino bost ordu lehenago aurkeztu zela, eta gaztelania hutsean, gainera. Oposizioko alderdiek mozioa udalbatzan sartzea erabaki eta bozketan aldeko jarrera erakutsi zuten. Bilduk ezezkoa bozkatu zuen.
Azkenik, Tibeten inguruko mozioak ekarri zuen lau alderdien arteko adostasun bakarra. Aho batez herri horren giza eskubideen eta askatasunaren aldeko adierazpena onartu baitzuten.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!