Urkiren XXV. urteurreneko ospakizunak asteburuan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko api. 18a, 11:06

Badator 25. urteurrenaren ospakizun handia Urki Dantza taldea osatzen duten dantzari, musikari, irakasle, guraso eta jarraitzaileentzat.
Hilabeteak daramate asteburu honetarako ekitaldi guztiak prestatzen, eta ez dago zalantzarik ahaztezineko urteurreneko ospakizuna izango dela, eguraldia lagun.

Dantza jaialdia antolatu dute ostiralerako Basteron, eta erromeria giroko festa larunbaterako, Goikoplazan. Ahalik eta ikuskizunik ederrena eskaini nahi da Basterora hurbiltzen diren andoaindarrei, eta horretarako, entseguak bata bestearen atzetik egiten ari dira adin guztietako dantzariak azken asteetan.
Jaialdirako aukeratu den errepertorioan denetarik sartu da, Euskal Herriko zazpi herrialdeetakoak denak ere: Agurra, Orbaizeta, Inauteria (bi Makil-joko eta Polka), Sardinerak, Jorrai-dantza, Zinta-dantza, Paloteo Zuberoa, Xoxo-dantza, Uztai-Txiki, Makil-Txiki, Brokel-Dantza, Bizkaiko dantzak (banakoa, binakoa, launakoa, Ezpata-dantza), Arratiako jota eta porrusalda eta Soinu-zaharrak.
Larunbatean, arratsaldeko 17:00etan hasita, urteurren festa deitu dioten ekitaldia izango da. Goikoplaza dantzaz bete nahi da egun horretan. Besteak beste, Ingurutxo erraldoi bat dantzatu nahi da, nahi duen ororentzat irekia dagoena. 18:00etan, berriz, erromeriari ekingo zaio, Ingo al deu? taldeak girotuta. Jan-edanik ere ez da faltako; izan ere, afari-merienda txiki bat ere prestatu dute Urkiko kideek. Besteak beste, bost bat pintxo mota ezberdinekin gozatzeko aukera izango da. 
Urki taldeko arduradunek herritar guztiei luzatu diete ekitaldietan parte hartzeko gonbidapena, eta batez ere 25 urtetan taldeko partaide eta bidelagun izan diren horiei.

Urki taldea, dantza familia
Kopuruz handia da Urki dantza taldea. Ia ehun dantzariz osatzen da egun: Sei-zazpi urtetakoak: hamar (zortzi mutil, bi neska); zortzi-bederatzi urtetakoak: hogeitazortzi (hamasei neska, hamabi mutil). Hamar-hamaika urtetakoak: hogeita bat (hamabi neska, bederatzi mutil); hamabi-hamairu urtekoak: zortzi (neskak); hamalau-hamasei urte bitartekoak: bost; eta azkenik, helduak: hogei (hamarna neska eta mutil).
Irakasleak ere ez dira gutxi. Txikienekin Asier Garmendia, Izaskun Beraza, Begoña Igartua eta Jokin Otamendi aritzen dira. Handienekin, berriz, Asier Garmendia, Maite Sagaseta eta Jokin Otamendi. Karmen Rodriguez eragile lanetan. Musikaren arloaz, azkenik, Fernando Gonzalez, Joxema Setien eta Juanto Olazagirre arduratzen dira.

GAZTEEN IRITZIA

Adei Rodrigez eta Oier Parada hamaika urteko dantzariak dira, eta bost urte daramate Urkin. Asier Garmendia maisu dutela, Agurra eta arku dantza ikasteari ekin diote azken asteetan, Basteroko emanaldian eskaintzeko. Arku dantzarekin gozatzen ari omen dira; “dantzaren zati batzuk jolasak dirudite” Oierren esanetan. Ostiral gauean ikuslez lepo jarriko den Basteron dantza egin beharrak ez die batere urduri jartzen. Nahiko ohituta omen daude Basteroko oholtzara igotzera jadanik. Adeik musika eskolarekin perkutsioa jo izan du maiz bertan, eta baita antzerkia egin. Oier, berriz, saxofoia joaz eta abesbatzarekin abestuz iaiatu du jendeaurrean.
Asier Oria eta Damian Kelly bederatzi urteko dantzariak dira. Agurra eta Jorrai-dantza ikasten ari dira azkenaldian, Jokin Otamendi dantza maisuarekin. Ordu beteko saioa daukate astero; gustura igarotzen dute ordu hori, harreman ona daukatelako taldeko hamabi mutilek elkarren artean. Hala ere, Damianek zera dio: “ulertzen dugu entseguak beharrezkoak direla dantzak ondo ikasteko”. Pittin bat urduri daude egunotan, jabetzen baitira berezia dela ostiraleko jaialdia. Asierren kasuan, aita eta ama ez ezik izeba eta amona ere joango dira Basterora; dioenez, familiko kide ugari azalduko dira, Aizpea arrebak ere dantzatu behar baitu.
Udane Oiartzabal eta Izaro Tapia, zazpi urteko dantzariak dira. Begoña Igartua dute irakasle, eta gogor eta gogoz entsaiatzen dute beraiek aitortu dute moduan. Ikastetxe ezberdinetatik etortzen dira, eta elkarrekin ondo pasatzen dutela dio Udabek.
Bi dantza saioetan hartu dute parte aurten, Alegin eta Andoaingo zahar egoitzan. Basteroko ostiraleko emanaldiari begira, polkak eta Makil dantza aritu omen dira entsaiatzen. Izarok dioenez ¨Begoña irakasleak esan digu nahiko ondo ikasi ditugula bi dantzak, bakar-bakarrik falta zaigula iladak ondo errespetatzea”.
 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!