Urnietaketan, horixe da Urnietako Udal gobernu taldeak abiarazi duen ekimen berritzailea, zeinean alkateak adierazpenak egiten dituen eta ondoren bertaratutakoek idatziz egindako galderei erantzuten dien. Lehen esperientzia apirilaren 10ean abiatu zen. 50 lagun ziren hasieran eta ondoren ekimenera dozena bat gehiago batu zen. Urduri antzera abiatu zen alkatea aurkezpenean, baina gerora erosoen galde-erreguen atalean aritu zen.
Konpromiso batekin abiatu zen aurkezpena, “gure xedea udal erakundea herritarrei gerturatzea da. Hau da, udal informazioa gure bizilagunei eskaintzea, gure esku ditugun komunikazio tresnak baliatuz. Baina badakigu hori ez dela nahikoa, horregatik, urtean bizpahiru parte-hartze saio informatibo egiteko konpromisoa hartzen dugu”.
Urnietako udal arduradunak Legegintzaldi Planaren defentsa sutsua egin zuen, hura baita ekinbideak martxan jartzeko saihestezina den gida. Aurrera ateratzen diren ekimen oro plan horren baitatik abiatzen da. Aurkezpenean, besteak beste, udal gobernu taldeko hainbat kide izan zen (EAJkoak guztiak) eta ikusleen artean Bilduko bi ordezkari entzule modura aritu ziren. Mikel Pagolak haiei eta sozialistei keinu bat egin zien, udal ordezkari guztien eta udal teknikarien arteko giroa eta kontsentsua nabarmenduz. Eskerrak eman zizkien batzuri zein besteri.
Gardentasunaren aldeko hitzak eskaini ondoren, legegintzaldiaren helburu nagusiak aipatzearekin batera hogei hilabeteotan egindakoaren azalpenak eskaini zituen.
Agintaldia dinamikoa izaten ari da martxan jarri dituzten egitasmoei dagokionez.
Elkarbizitzaren alorrean bakegintzan sakontzeko Baketik fundazioarekin sinatu zuten hitzarmena, emakumeen eta gizonezkoen arteko Berdintasun plana edota Gazte Lokalen erabilera arautzeko ordenantza.
Mugikortasunari dagokionez, Mugikortasun plana eta zaborren bilketa selektiboa nabarmendu zituen Mikel Pagolak. Horiez gain, herrian hainbat tokitan ipini dituzten segurtasun kamarak edota herriko kamioilarientzako aparkalekua ere aipagai izan zituen.
Udal kudeaketari dagokionez, azpikontrataturiko zerbitzuen dohikuntza edota Herritarren Arretarako Bulegoaren irekiera gauzatu dira agintaldi berrian.
Lekaion urnietar izaerari buruz ere jardun zen, eta besteak beste, Mendi Maratoia edota Marizulo taldearen 1936 ikuskizuna txalotu zituen.
Kudeaketan sakonduz, Jaurlaritzarekin eta Aldundiarekin sinaturiko akordioei esker Osasun Etxearen eta Eguneko Zentruaren irekierak nabarmendu zituen.
Enplegua sustatzeko ekimenak
Langabeziaren arazo larria hizpide izan zuen alkateak. Udalak bere horretan herriko langabeziari aurre egiteko eskuduntza gutxi duela aitortu eta gero, eskualde mailako enplegu plana defendatu zuen. Enpleguari lotuta, udal brigadan lan egiteko lan poltsaren sorkuntza ere aipatu beharra dago.
udal aurrekontua
Urnietakoa izango da Gipuzkoan udal aurrekontua onartzen duen lehenetako herria. Aurrekontua nola egiten den azaldu ondoren, aurtengoa zortzi milioi euro pasatxokoa zela aipatu zuen.
Datu berri berria ere eman zuen, jaso duten datu estatistiko berriaren arabera Urnietan gaur egun 6214 pertsona bizi dira.
ikusleen galderak
Azalpenak eman ondoren, herritarrek galdera egiteko aukera izan zuten: “Zergatik igarotzen dira hogei kamioi orduko Zabaleta kalean barrena, eta noiz arte?”, “Zenbat urte beharko dira Salesiar ikastetxera doan bidean baranda jartzeko?”, “Urnietako behekaldetik goruntza igotzeko arrapala edo igogailua jarri behar al duzue?”, “Bosgarren edukiontziak balio izan al du?” edota “Gazteen etxebizitzak noizko?”. Alkateak banan bana erantzun zituen guztiak.
ALKATEAREN ERANTZUNAK
Erantzun guztien artean, nabarmenenak hauexek izan ziren:
Zabaleta auzotik dozena erdi bat emakume bertaratu zen eta haien guztien kexa nabarmen geratu zen. Alkateak adierazi zuenez, bertatik igarotzen diren kamioien igarobideak hiru norabide ditu: bata, Lasarte aldeko zaborrontzia, bestea, egur enpresa bat eta, azkenik, hormigoi ustiakuntza bat. Guztiek ere Aldundiaren baimena dutela adierazi zuen, errepide horren erantzule Aldundia baita.
Edukiontziaren baliogarritasunaren galderari zera erantzun zion alkateak, “edukiontzi marroia jarri eta lehenengo hilabeteetako emaitza ona da. Hileko organikoa den hogei tona biltzen dira eta, oro har, jasotzen den zabor kopurua ere jaitsi egin da. Hasiera ona izan da, baina ez dugu horretara mugatu behar eta birziklapenean sakondu behar dugu”. Edukiontzi marroietara doan zabor guztiaren %97a organikoa da, beraz ez da datu batere txarra. Gai honekin lotuta, hiru alderdiek adostasun berria lortu dutela aurreratu zuen. Izan ere, taberna edota eskoletan edukiontzi handiagoak txertatzeko akordioa lortu dute.
Mugikortasunari buruz, lehendik ere Idiazabal kaletik “Sindicato de labradores” guneraino joango litzatekeen igogailua txertatzeko egitasmoa badagoela adierazi zuen. Kontua da egitasmo horiek “zazpi zifratakoak direla”, alegia, milioi eurotik gorako inbertsioa egin beharra dagoela. Diru asko ekonomiak oro har bizi duen egoera zaila kontutan hartuta.