LEHEN IRITZIA
Urnieta, memoria medio,... bizikidetza bidean!
FELIPE IZAGIRRE. Munduan eta historian zehar gerrate gogor eta krudelak eman dira eta ondorioak ere ez dira nolanahikoak izan: hildakoak, fusilatuak, torturatuak, zaurituak,... Eta sentimenduei gagozkielarik gorrotoa, mendekua eta abar luzea. Gurean 36ko gerrate zibila izan zen aipatu ondorio gogor eta krudel horiek sortarazi zituenak. Nahiz eta Errepublikaren kontra 1936. urtean izandako altxamendu militarraren ondorioak zuzen zuzenean bizi ez izan (batzuk orduan jaiotakoak baikara eta beste batzuk, berriz, gaztetxoak ziren), altxamendu horren ondorio psikologikoak ezagutu ditugu haur edo gaztetxo batek izan dezakeen kontzientzia mailan.
Nik barkaiztegitarrena ezagutu nuen umetan eta Don Juan apaizaren monagillo nintzaneko oroimenak dituk buruan. Orduan ulertzen ez nuena gero ulertu izan dut. Bazuten arrazoirik! Kasetako Mariak ere garai hartako bidegabekeriak mila aldiz kontatu zizkigun.
Krudelkeria hauek jasan dituzten herriek eta oroimen edo memoria gisa era eta modu askotara islatu dute egoera fisikoa, morala eta pertsonala nahiz taldekoa. Hala nola, izan dira artista bikainak margo bidez oroimen hori eman digutenak. Musika ere tresna egokia da eta musika pieza askok gogorazten digute egileak agertu nahi izan duen tragedia. Antzezlana era bai, noski. Eta horretara nentorren. Urnietako Marizulo taldeak eskaini duen lana nik, neuk, eta ikusmen apaletik diot, bide horretan kokatuko nuke. Ez dut zuzenean ikusterik izan, halabeharrez kanpoan egokitu nintzelako, baina irakurri eta kontatu didatenez ikuskizun ederra izan da, bere gogortasunean, noski. Arrakasta ere dirudienez, bikaina. Honelako antzezlan batek, eta alderdi formalaren estetika eta interpretazio maila onarturik, eduki aldetik badu, nire irudiko terapia kutsu bat ere. Bada psikologia munduan psikodrama deritzan lana, zeina erabiltzen den gure haurtzaroko gabeziak eta arazoak antzezlanaren bidez lantzeko; gabeziak eta doluak ere bai. Gustatuko litzaidake 1936 ikuskizun horretan antzezle gisa aritu den batekin hitz egitea; ea bere papera nola bizi izan duen sentimendu eta bizipen aldetik, bere lana; alegia, apaizarena, alkatearena, soldaduarena, senarra edo semea fusilatu dioten aktore batena. Eta ikusleen artean ere izango zen bat baino gehiago, barne sentimenduen isla, arrazoi bategatik edo besteagatik negar-malkoak isuri zituenik. Beraz, horrelako lan batek badu eraginik oroimen kolektiboan eta herri baten memorian. Kasu honetan, Urnietako herrian.
Aiurrin Luis Mari Zalduaren eskutik irakurri dudanez, “antzezlanak 1936ko gerran indarkeria jasan zuten urnietar guztien aintzatespen publikoa egitea du helburu. Gerra Zibilean izandako bidegabekerien sorburuei buruzko hausnarketa egin nahi dugu gaurko urnietarrekin batera eta, horretarako, gertakariak ahalik eta modu ulergarrienean azaltzen saiatu gara... Ahanztura, min iturburu izateaz gainera, askatasuna urratzen duen zauria da, eta ezin daiteke zauririk senda arantza barruan den artean”. Hitz bikainak eta egungo egoerari ere bete betean dagozkienak. Hitzetik hortzera dabilzkigun esaldiak dira eta iritzi tarte honetan bake prozesua dela eta hainbat bider aipatu ditugunak: errekonozimendua, justizia, memoria eta elkarren arteko kontaketa. Bidea horrela egin genezake bizikidetzan eta herri gisa aurrera egiteko asmoan; amnesiak ez garamatza inora. Horrelako antzezlanak eta beste asko, esaterako, gure artean ditugun talde memorialistak lekuko, lan bikaina egiten ari dira barne arantza horiek atera eta zauriak senda bidean.
Niri, Urnietako Marizuloren lan honen gisakoek, barrena astinduz gain, ideia edo proposamen hauek sortarazten dizkit. Adibidez, horrelako lan bikain baten ondorioz, eta urnietarren barne sentimenduak mugiarazi ondoren, ez legoke gaizki Urnietako Udalak ekintza publiko baten bidez errekonozimendu ofizial bat egitea gerra denboran hil zirenei. Esaterako, oroitarri bat eraikitzea leku seinalatu batean. Eta, nola ez, ez legoke gaizki Urnietako elizak publikoki barkamena eskatzea, barkamena diot elizak erabiltzen duen hitza baita. Horrek asko lagun diezaioke sinesgarritasuna berreskuratzen.
Dena den, ez nuke nahi Marizulo taldearen lana aipatu eta nire hausnarketa eta proposamen xumeak egin ondoren, 1936ko altxamendu faszistaren ondorioz hurrengo urteetan izan diren biktimak eta gaur oraindik bizirik dirauten sufrimenduak eta errekonozimendu memoria aipatu gabe utzi nahi. Euskal Politikoak hor darabiltza aurrera eta atzera bidez ezin eginaz. Baina badira herritarren artean ere talde memorialistak gerra ondorengo krudelkeriak salatu eta memoria eskatzen dutenak. Goldatu izeneko talde horietako bateko partaide naiz eta horixe eskatzen da: errekonozimendua, justizia eta memoria. Urnietan asko gara garai horretan tortura eta kartzela sufritu dugunok. Eta Franco hil ondorengo bateko eta besteko biktimak ere badira. Azken artikuluan Errenteriako Udalaren ekimena goraipatzen nuen. Hor daude ereduak.
Urnietako Marizulo antzezlan taldeari zorionak, eta agian ez horrelako artelan bikainak baina bai beharko genituzkeelako xumeagoak diren ekimenak herriak bizikidetzan bidea egin dezan.
BIGARREN IRITZIA
1936 ikuskizuna
XABIER LASA. Martxoaren 23an Basteron eskaini zuten 1936 ikuskizuna gazi gozoa iruditu zitzaidan, oroimen historikoaren aldarrikapenetan dabiltzan beste zenbaiti bezala. Eta zergatia azaltzera noa.
Hasteko, gozotik badu ikuskizunak. Alderdi askotatik, gainera, Marizulo taldeak Urnietako hainbat kultur eragile eta herritar bildu ditu; berrogeita hamar antzezle taula gainean, musika eta dantza ikusizun ederra... Basteroko eserlekuetatik, eredugarria. Inbidia sanoa sentitu nuen Urnietak berriro ere taula gainean erakutsi duen indarra eta irudimenagatik. Zorionak! Bereziki, gaurko egunean oraindik ere makurra den gaiari ausardiaz heldu izanagatik.
Sentsazio gaziek, berriz, antzezlanaren diskurtsoa eta gidoiarekin zerikusia dute. Ikuskizunean gertakari ugari azaltzen dira eta ez da erraza bere osotasunean ikuspegi bat osatzea. Baina gogoeta ororen gainetik, honako ideia nagusi dela dirudi: bi aldeek urratu zituzten giza eskubideak, denek jokatu zuten gaizto; beraz, omendu ditzagun biktima guztiak gizatasunez. Ikuskizunak, beraz, oinarrizko giza eskubideak hartu nahiko lituzke kontuan, batez ere.
Giza eskubideen ikuspegi hutsetik, nekez aldera aldera daitezke Errepublikaren aldeko miliziano batzuek euren kontura egindako ankerkeriak eta Molaren ejertzitoak sistematikoki Nafarroa eta Gipuzkoako herrietan aurreneko bi hilabeteetan agindu zituen exekuzioak. Molaren agindua argia zen: “Herrietan sartu eta beherala errotik ebaki behar da belar txarra”.
Urnietan, Andoainen, Lasarten edota Zizurkilen desoreka nabarmena da batzuk eta besteek eragindako sarraskiaren artean. Har dezagun Andoaingo adibidea. Andoainen errepublikazaleek ez zuten herritarrik atxilotu edo fusilatu. Aitzitik, Francoren aldekoek berrogeita hamalau herritar desagertarazi zituzten, ehundaka atxilotu, asko eta asko langile batailoietara behartu edo deserriratu...
Jakina, biktima guztiek merezi dute errespetua, eta euren historia azaltzea. Hortik aurrera, baina... konparazio batera, onartuko al genuke frankismo garaiko biktima guztien aldeko omenaldi bat zeinean omentzen dugun meritu zibilaren urrezko domina duen Meliton Manzanas eta, era berean, berak basatiki torturatu zituen –eta oraindik inongo aitormenik jaso ez duten– ehundaka biktimak?
Zenbat bider aldarrikatzen ari garen egia, justizia eta erreparazioa. 36ko Gerrari dagokionez, esaterako, auzotar eta herrikide asko dira oraindik ere “non dira guretarrak?, non gure eskubideak?” galderak egiten jarraitzen dutenak. Agintarien aldetik erantzun egokirik jaso gabe segitzen dute 2013an.
Bestetik ere, antzezlanean Frente Popularrarekiko ematen den irudia topikoetara lotuegia dago. Nonbait ezkertiar milizianoak Oriako langile belarrimotzak, mozkortiak eta eskrupulorik gabekoak ziren, elizarekiko gorrotoa besterik ez zutena. Badirudi topiko horietatik eta bereziki Urnietako erailketen erruagatik libre geratzen diren bakarrak jeltzaleak direla.
Oroimen historikoaren alde urte hauetan guztietan egindako lanaren bitartez ezagutu ditudan ezkertiar milizianoak euren bizia arriskuan jarri zuten Belabieta nahiz Buruntzan, Andoainera gerturatzen ari zen basatikeria gerarazteko. Ezagutu ditudan gudari jeltzaleek ere etsaiari tiro egiteko hartu zituzten armak. Horiek guztiek Iparraldean babesa bilatzeari uko egin zioten.
Aipamentxo hauek egitea egoki iruditu zait, barrenak horrela agintzen zidalako. Gazitik izan zuen, baina baita gozotik ere. Ikuskizun paregabea eskaini zuten urnietarrek. Andoaindarroi lezio ederra eman ziguten. Badugu zer ikasia.
HIRUGARREN IRITZIA
1936: Gazi-gozoak
JON UNANUE. Harridura apur batez irakurri berri dut Xabier Lasak aurreko Aiurrin argitara emandako iritzia Urnietan eta Andoainen martxoan zehar aurkeztu den 1936 antzezlanak sortu dizkion gazi-gozoez. Harridura apur bat diot, ezen Xabierren lana eta 1936ko gerrako kontuez duen eskarmentua aspaldi ezagutzen baitut eta ez nuen espero, ez, azaldu dituen gaziak gisa horretakoak izatea. Argi esango dut: irudipena dut Xabier –eta berak dioenez beste batzuk ere– hainbat aurreiritziz jantzita hurbildu dela antzezlan hori ikustera, bera horretaz jabe izan ala ez.
Bere zutabean dioenez ba omen dirudi antzezlanean gailentzen den ideia nagusia zera dela: bi aldeek giza eskubideak urratu izana, denek jokatu zutela gaizto, beraz, omen ditzagun biktimak gizatasunez, eta, hortik aurrera, Errepublikaren aldeko milizianoen eta Molaren gudarosteak buruturiko ankerkeriak aldera ezinari buruz hitz egitera lerratu da, azkenerako Melitón Manzanas bera, Frankismoko poliziaburu aski ezaguna, saltsan sartzeraino... Eta arrazoi du guztiz Xabier Lasak: ezin dira, inolaz ere, alderatu milizianoek –euren kontura izan edo ez– buruturiko ankerkeriak eta Molaren agindupeko soldadu, errekete, falangista eta gainerakoek antolatu zuten sarraskia. Non egiten da, baina, konparazio hori 1936 antzezlanean? Nik ez dut, inondik inora, halakorik ikusi eta esango nuke ezta nirekin batera antzezlanean parte hartu duen inork ere.
Non dauka, baina, Lasak botatako gehiegikeriak oinarria? Antzezlana, oso oinarri historiko sendokoa izan arren, fikzioa ere bada, egileak gertakariekin jokatu behar izan baitu bi ordu pasatxoko lana ahalik eta samurren eskaintzeko ikusleari. Fikzioa izateak bi ondorio dakartza: batetik, gertakariak edo pertsonaiak ez datozela zenbaitetan guztiz bat gertaturikoarekin, egokitu behar izan baititu Agirre Sorondok antzezlanak eskatzen zizkion moduetara. Bestetik, esku artean egileak erabili dituen iturri historikoetatik abiapuntua eta ikuspegia aukeratu behar zituen, eta horretan Agirre Sorondok bi oinarri erabili ditu: abiapuntutzat gerra aurreko Harrapazka eguna hautatu zuen, zeinean iñistorra biltzeko herri eginkizunari lotzen zitzaion urnietar asko eta asko baliatu duen, gainera, Batzokiko nesken Uste diñat antzezlana azaltzeko. Hori guztia, nolabait, Errepublika garaian herrian bizi zen giroa azaltzearren.
Eraildakoen kontakizunari dagokionez, baina, Agirre Sorondok hurbilen gertatu zaion bidea hautatu du, hots, garai hartako haurren lekukotasunarena. Ezaugarri horixe baitute nik azken urte hauetan hemen bertan, Aiurrin, idatzitakoek eta Juan Agirrek berak urnietar zenbaitengandik jaso dituen lekukotasunek: informatzaile gehienak garai hartan 10-15 urte bitarte zituzten haur edo nerabeak izan direla. Eta haiengandik zer informazio jaso da lehenik? Zerk sortu zien zirrararik biziena gerra piztu zeneko egun haietan? Bada, herrian izan ziren lehendabiziko hildako edo desagertuak bertatik bertara ikusi eta bizi izanak eta, horiek, zoritxarrez, milizianoek egindakoak izan ziren: Garate Itxaso-Asu, Miel Urbanetakoa, Paulino Mediaville... Eta hildako horien berri eman da lehenik antzezlanean, Azkorteko Kristoaren sakrilegioarekin batera, ez baita ahaztu behar haur horiek Miel Urbanetakoaren gorpua aurrez aurre izan zutela, Garate Itsaso-Asurena bezala, Paulino nola zeramaten ikusi zutela, etab.
Molaren gudarostea sartu ahala zer etor zekiekeen urnietarrek susma zezaketen, eta beldur hori izan zen, hain zuzen ere, askok eta askok Urnietatik kanpo aurrera egin izanaren arrazoia: garbiketa, atxiloketa, hilketa sistematikoa, Errepublikaren alde, ezkerreko alderdien edo euskal abertzaletasunaren alde modu batera edo bestera azaldu edo borroka egin zutenena. Hori, antzezlanean, batez ere Barkaiztegi eta Lasarte familien tragediarekin islatzen da, hiruzpalau eszenatan, beste batzuena (Elustondo, Garmendia, Izeta, Enparantza...) hitzez baizik ez baita azaltzen, bi esneketarien hitzetan. Eta hor ikusi du Lasak arazoa, hain zuzen ere milizianoen gizatxarkeriek protagonismoa hartu izana antzezlanean, bere irudiko matxinatuen gizatxarkerien parean jartzeraino!
Ez da inondik inora nik dudan irudia, antzezlanaren testuinguruan oso garbi gelditzen baita alde bakoitzekoek zer paper jokatu zuten, zein zirkunstantzitan eta zerk eraginda. Uler nezake, baina, Frente Popularraren eta milizianoen irudia kezka iturri dutenengan protagonismo horrek arreta deitu izana, baina besterik gabe, bestelako inolako eduki edo gibeleko asmorik egotzi gabe.
Bada Lasaren beste aipu bat gazia ez ezik mikatza gertatu zaidana: Frente Popularrarekiko ematen den irudia topikoetara lotuegi dagoela esatea (Oriako langile belarrimotzak, mozkortiak, eskrupulorik gabekoak...). Agirre Sorondok Urnietako Frente Popularra irudikatzeko garaian zilegi den hainbat lizentzia hartu du, Oriako Frente Popularrekoak gutxi edo batere ez baitziren azaldu Urnietara bertara. Eta Urnietan bertan bere burua ezkertiartzat zutenen jokabidea oso bestelakoa ere izan zen, Iurramendi apaizaren kontrako ekintzarik prestatzen ari zirela beraietako batek eman baitzion abisua Rafael Barkaiztegiri, herriko bake epaileari. Baina antzezlanean azaltzen diren milizianoen egintza edo gizatxarkeria guztiak benetakoak dira, gehienak azalduta dauzkat idatziz, ez da inongo topikoren beharrik izan haiek janzteko.
Badirudi topiko horietatik eta bereziki Urnietako erailketen erruagatik libre geratzen diren bakarrak jeltzaleak direla. Badirudi horrek ere azkura eman diola Lasari, baina hala da, Urnietan gertaturiko erailketetan jeltzaleek edo inguruko jendeak ez zuten inolako erantzukizunik izan, ongi jakina baita zein kontzientzia eragozpen zituzten jeltzaleek tiroak eman eta bortxakeriara jotzeko garaian. Esate baterako, antzezlanean milizianoek Larburu-enea etxearen aurrean antolatzen duten errepide kontrola, ez zuten haiek antolatu, jeltzaleek baizik Aldapeta edo Montefrio baserrian zegoen gurdi luze-luzea baliatuz, eta antolatu zuten, hain justu ere, Hernani eta Donostia aldetik milizianoek egiten zituzten ibilerak zaindu ahal izateko. Egilearen beste lizentzia bat.
Aipatu ditudan bi puntu horiek argitu nahi nituen gaurkoan, iruditzen baitzait neurriz gain ibili dela Xabier bere gaziak azaltzeko garaian, gure antzezlanari ez dagozkion kontuak nahasiz.
LAUGARREN IRITZIA
Gazitik tirakaXABIER LASA. “Urnieta 1936” antzezlana aurreiritziak jantzita ikusi izana leporatzen dit Jon Unanuek, iritzi gozoen ondoan gaziak adierazi izanagatik artikulu batean. Bada, zer esan... arriskutsuegia iruditzen zaidala aurreiritzietara jotzea, debatea aberastu beharrean txirotu baitezakegu. Arrazoinamendu maila horretara jaitsita, zera esateko tentaldia eduki baikenezake: hilabeteetan antzezlan baten sormen prozesuan buruz eta arimaz inplikatu denak, eta besteak beste, pertsonaje garrantzitsuenetako baten azalean sartu behar izan duenak, bada, antzezpena berak erditu izan balu bezala hartu duela, amak bere semearen antzera ikusten duela, eta beraz, bere hurbiltasun emozionaletik eta subjetibitatetik epaitzen dituela antzezpenari buru ematen diren iritziak. Alabaina, hobe ez bada erabiltzen halako arrazoirik, debatearen kaltetan litzatekeelako esan bezala.
Nik dakidanez, antzezpenaren eragileek Basteroko sarreran ez zuten ikusleon burmuina formateatzen zuen makinarik jarri, antzezpena birjintasun mentaletik ikusi genezan. Basteron sartu ginen 500 ikusleok, nor geure motxilarekin sartu ginen. 36ko gaiari buruzko erreferentzi historikoekin, bizipen pertsonalekin, sentimenduekin… eta abarrekin; elementu guzti horiek markatu gintuzten oholtza gainean eskaintzen zitzaiguna modu batera edo bestera ikusi, sentitu, gozatu, sufritu… genezan. Alegia, antzezpenaren inguruan, nork geure aurreiritzia generamala. Bati, anaia, arreba, alaba… antzezle edukitzeak eta maite duen hura ikusi nahi izateak bultzatuko zion hara joatea; beste bati, 36ko gerran familiarraren bat hilda edo desagertuta edukitzeak eramango zuen hara; hirugarrengo bat, agian, lagunak ikuskizuna oso ondo dagoela esate hutsarekin joango zen. Enfin, kasuistika, amaigabea izan daitekeela.
Nire kasuan, egia da nahiko beteta neramala motxila: 36ko hainbat protagonista eta biktima elkarrizketatzeko zoria izan dut urtetan; ikusita nago orduko oroimen historikoa eta bere biktimen problematika, egun, nola enfokatzen den modu ezberdinetan (batzutan zintzoki, besteetan ez hainbeste, nire ustez); ¨Urnieta 1936¨ antzezpenaren eragileekin egin diren elkarrizketak eta atera den liburuxkak ere irakurrita nituen…
Inongo nabardurarik gabe antzezpenari buruz egin diren aldeko iritziak, horiek dira inongo aurreiritzirik gabe egin direnak nonbait, eta ez dute kontrako objeziorik merezi. Ikusi gabe, soilik irakurri eta entzundakoarekin idatzi diren antzezpenari buruzko laudoriozko artikuluak ere, horiek dira zuzenak, eta ez dute erreplikarik merezi. Nire aurreko iritzi artikuluan antzezpenaren herri ekimena sortu izanagatik, eta edukitako ausardiagatik egindako laudoriozko aipamenak ere zuzenak eta aurreiritzirik gabekoak izan dira nonbait, ez dutenak erantzinik merezi.
Ematen duenez, hemen ¨azkurea¨ eragiten duena ez da antzezpenaren gaineko iritzia aurreiritziak jantzita egin izana, iritzi horrek gazitik eduki izana baizik.
Aurreko nire iritzi artikuluarekin, Basterotik zein zapore edo inpresiorekin irten nintzen azaltzen saiatu nintzen. Zehazkiago esanda, zer eragin zidaten antzezpen aurretik eragileek prentsan –Aiurri-n- egin zituzten adierazpenek, banatu zen liburuxkaren irakurketak eta azkenik, antzezpenak berak.
Ekimen kolektibo baten amaiera izan zen antzezpena Basteron ikusi, eta kalera irtenda, nire irudipen pertsonal hori berehala kontrastatu ahal izan nuen 36ko gerra eta orduko biktimen problematika musikaren, antzerkiaren eta besterik gabe ikerketa historikoaren arlotik jorratu duten zenbait pertsonekin. Bada, haiek ere antzeko irudipenarekin topatu nituen.
Liburuxkan, hain zuzen, zabaltzen den mezua da antzezpena Urnietan gerran hildako guztien oroimenez egiten dela. Hortik letorke nire lehen objezioa sakonekoa. Meliton Manzanas frankismoko biktima gisa omenduko ote genuen galdetzen nuenean, erraz ulertzeko moduko adibide ilustragarria jarri nahi izan nuen aurreko artikuluan. Uste dut argi ulertzen dela esan nahi nuena.
Bestalde, bi ordu eta erdiko iraupena duen antzezpenak berak, liburuxkako ideia hori berrestera datorrela. Izan ere, ematen baitu bi tesi bat, edo hobeto esanda bi tesi transmititzera, iradokitzera... jotzen duela batik bat: “36ko gerran giza eskubideak urratu ziren, eta alor horretan ezkerrekoek eta eskuineko kolpezaleek nabarmendu ziren”, eta “Hildako denek merezi dute omenaldia”.
Baliteke nire errealitatearen pertzeptziorako gaitasuna kamutsa izatea, eta egia esanda, nahiago nuke oker banengo. Baina pertzepzio horixe da jaso dudana azkenean. Baliteke mezu hori ez izatea egileak edo egileek nahi zutena zabaldu, baina hori da jaso dudana, eta zer egingo diogu... Ez bada onartzea artelan bat ikusi edo gozatzerako orduan sentsibilitate, bizipen, pertzeptzio... ezberdinak egon litezkeela mundu honetan.
Izan ere, azken batean, antzerkia, beste kultur adierazpen mota bezala, sormen lana da, kontsumitzeko produktu bat da, egileak, errealitatea ikusteko daukan pertzepziotik abiatuta egin duena.
¨Urnieta 1936¨ ikuskizunera etorrita, Jon Unanuek aitortzen duen bezala, egileak, Urnietako zenbait gertakari erreal kontutan hartzearekin batera, lizentziak hartu ditu, eta fikzioa ere erabili du, bi ordu tediko ikuskizunaren mesedetan.
Elementu guzti horiek moldatuta, ikusleari ikuskizun jakin bat eskaini zaio. 36ko errealitatea modu batera moldatuta eskaini zaio kontsumitzaileari, eta honek, egileak bere pertzepzioa erabili duen bezala, badu eskubidea bere ikusmolde pertsonaletik interpretatzeko ikuskizuna. Alde horretatik, produktu horren sortzaileak prest egon behar du kritika onak zein txarrak jasotzera, kiroltasunez jasotzera. Onartzera, bere lanak interpretazio ezberdinak jaso ditzakeela, eta akaso, berak horrela izaterik nahi ez zuen arren, kontsumitzaileak modu ezberdin, eta batzuta kontrajarri, batean jasoa izateko aukera.
Izan ere, nork dio egilearena ote behar duela izan egia bakarra, irakurketa bakarra? Bere betaurrekotik baino ezin al da ikusi lana?
Produktuak kontsumitzailearengan irakurketa edo interpretazio anitz eta kontrajarriak... eragin izanak, hor aberastasun iturri topatu beharko genuke.
BOSGARREN IRITZIA
Gertakizun lazgarrien oroimena
JOXEBA LIZEAGA. Igaro da hilabete luzea Urnietako Marizulo Taldeak 1936 ikuskizuna Andoaingo Basteron azkenekoz taularatu zuenetik. Eta egia esan, zeresana eman du, batez ere edukiarengatik, besteak beste, astekari honen orrialdeetan irakurri ditugun hainbat iritzi kontrajarrietan ikusi dugunez.
Ez dakit, fikziotik ere dosi handi samarra duen horrelako ikuskikizun baten betebeharra ote den, gertatutako guztia zehatz-mehatz jaso eta eskaintzea. Alegia, hori ez ote den gehiegi eskatzea. Hala ere, obra guztiak bezala, honek ere mezu bat zabaltzen du: omendu ditzagun 36ko gerrako biktima guztiak gizatasunez, eta begira dezagun etorkizunera. Eta hori egiteko antzerki testuak bide bat jorratzen du, eta noski, testu horrek eskaintzen duena, benetako gertaeretan oinarritua egonagatik, ez da biblia. Beraz, har dezagun distantzia apur bat eta adieraz dezagun lasaitasun osoz badituela bere gabeziak.
Hemen, lehen ere aipatu izan ditut gerra garai horretan gure arbasoek izandako bizipenak. Hain zuzen ere, etxean aurrekoengandik jaso ditugun lekukotasunak baitira, kasu gehienetan behintzat, garai hartan gertatutakoaren informazio iturri nagusiena. Gure herriko azpi lotsen nondik norakoak erakutsi zizkiguna.
Izan ere, esan genezake anai arteko 36ko gerra piztearekin bateratsu hasi zela gure adinekoen gurasoen bizitzako bidaia. Eta ia desagertzear den belaunaldi hori da gerra artako oroitzapen zuzenak dituen azkenekoa. Nolakoak dira ordea, oroitzapen horiek? Zenbat dute benetakotik, eta zenbat irudipenetik? Adibide txiki bat jarriko dut. Herriko hiru persona adinduk “harrazpaka eguna” zein egunetan egiten zen galdetuta, honela erantzun zuten; lehenengoak, irailaren bostean egiten zela erantzun zuen; bigarrenak, irailearen hamarrean izaten zela; eta hirugarrenak, irailaren bigarren asteartean izaten zela. Eta hirurak ziurtasun osoa erakusten zuten hori horrela zela adierazteko garaian.
Garbi dagoena da, aurrez aipatu dudan gure gurasoen belaunaldi horri, gerra, eta gerra osteko urteak lapurtu zizkietela, buruan grabatuta dituztela, bala ziztuak, hegazkinen hotsak, agonia ezkilaren hotsak. Fusilatuak, desagertuak, aberri arrotzarengatik lubakietan hilak, deportatuak, errefuxiatuak, espetxeratuak…beste batzuk gerrara joateko deiari muzin egin eta intsumiso edo desertore bihurtu ziren Bidasoaren beste aldeara paseaz. Gosea eta mixeria ezagutu zituzten, gabeziz betetako urte haietan. Eta ondoren, 40 urtez luzatu zen Francoren diktadura iluna. Debekatu zen euskara ia galzorira eramateraino, debekatu zitzaien inauteriak eta beste hainbat jai ospatzea, debekatu zitzaien irri egitea, debekatu zitzaien ilusioa, debekatu zitzaien bizitzea. Eta demokraziaren etorrerarekin batera, hankerkeria guzti horiek barkatu egin ziren, justiziaren aurretik pasa beharrik izan gabe.
Belaunaldi berrietara trasmisio lana egitea garrantzitsua da. Bestela, hauek ez dute jakingo gertaera bakoitza, persona bakoitza dagokion lekuan kokatzen. Diodanaren adibide dugu iaz hiltzen Manuel Fraga. “Caballero de España” izendatu eta hiru egunez jasan behar izan genituen komunikabide guztietan, frankista porrokatu haren hileta elizkizunak, ehorzketa…
1936 itzuliz, Marizulo eta Urnieta´59 lanekin batera, sormen proposamen aintzat artzeko modukoa dela agerian geratu da, formula horrek herriari emozioak trasmititzeko balio izan duelako. Norbaitek, ikusi ostean, aipatu zidan Zuberoako pastoralak gogorarazi zizkiola, edo Iparraldean bere jatorria duten, eta orain Debagoienan berpiztutako Toberak.
Bukatzeko, 1936 obraren amaieran adierazten den gurariarekin bat egingo dut “iñoiz geyo gerta ez dadin”. Edo, Nafarroako Erriberako aiton bati entzun nion moduan: “Es importante que la gente se de cuenta que no es necesario que haiga guerras”.