Udal gobernu taldearen aurrekontu proposamena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko api. 18a, 10:50

Diru sarrerak handitzeko ezintasuna agerikoa den aro ekonomiko larrian, Andoaingo Udalak aurtengoan ere gastuari zorrotz eutsi nahi dio.

Azalpen ekonomikoei erreparatutz gero, horixe da nabarmendu daitekeena. Dauden diru apurrak ondo baino hobeto baliatu nahi dituzte, beti ere gizarte zerbitzuei arreta berezia eskainiz.
Agintarien asmoa hilabete honetan bertan 2013ari dagokion Udal aurrekontua onartzea da, baina horretarako gutxienez oposizioko alderdi baten babesa beharko dute. Egun hauetan negoziazioek abiada bizia hartuko dutela uste da, eta ikusi behar sozialistek, jeltzaleek eta popularrek zein ekarpen egiten dituzten. Martxoaren erdialdera hiru alderdietako ordezkariek eta herriko beste zenbait eragileek aurrekontu proposamena jaso zuten bitartean, Bilduk zuzentzen duen Udal gobernu taldeak jendaurreko aurkezpena antolatu zuen Basteroko ekitaldi aretoan. Martxoaren 26an deitu zuten hitzordura berrogeita hamar lagunetik gora gerturatu zen. Ordubetez, eta pantaila handi batez lagundutik xehetasunez beteriko aurkezpena egin zuten Ana Carrere alkateak, Ainara Rodriguez alkate-ordeak, Miren Agirreurreta Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak eta Pedro Unanue Zerbitzuetako zinegotziak.
Lehenik eta behin 2012ko kontuen likidazioaren berri eman zuten. Urtearen amaierara gastatutakoaren eta jasotakoaren arteko desoreka milioi bat eurokoa izan da:

2012 kontuen likidazioa
  • Gastatutakoa    20.996.672 euro
  • Jasotakoa    19.815.179 euro

Desoreka hori konpontzeko Udalak duen dirubildua edo remanentea baliatu du. Egoera larria dela pentsa badaiteke ere, Udal ordezkariek lasaitasunerako mezua agertu nahi izan zuten. Izan ere, Udalak nahi izanez gero eskura dauka milioi bat euro eskatzeko mailegua. Baina nahiz eta aukera hori hor izan, ez erabiltzeko erabakia hartu dute. Zergatik? Alkateak adierazi zuenez, ez dute maileguak sor dezakeen interesen gatibu izan nahi. Interes horiek gastu korrontean sartuko lirateke hainbat urtetan eta, lehen esan bezala, agintaldi honetan gastua zorrozki zaindu nahi dute.
Ororen gainetik, bi lan ildo lehenetsiko dituzte 2013an:

  • Gizarte Zerbitzuetan murrizketarik ez izatea.
  • Kaleko hoditeria azpiegitura hobetzeko inbertsioari ekitea.

Gizarte zerbitzuetan murrizketarik ez
Miren Agirreurreta zinegotziak zuzentzen duen Gizarte Zerbitzuak lansailean aurrekontu osoaren %80a hiru egitasmoetarako bideratzen da: zaharren egoitza, eguneko egoitza eta etxez etxeko laguntza zerbitzua. Basteron egin zuen aurkezpenean murrizketarik ez zela izango argi eta garbi utzi nahi izan zuen.
Geroz eta gehiago dira Andoainen urtean zehar unean uneko estuasunak dituzten familiak. Datuak argigarriak dira oso, Gizarte Larrialdietarako eskaeren igoera etengabea da 2011, 2012 eta 2013 urteetan.
Udalak lansail honetan beste programa batzuk babesten jarraituko du, hala nola, emakume eta gizonen arteko Berdintasun Plana osatzeko.
Agirreurretak aurreratu zuenez, balizko etxe kaleratzeei edo desahuzioen kasuan protokoloa adosten ari dira alderdi politiko eta eragile sozialekin batera.

Inbertsioak Zerbitzuen lansailan
Pedro Unanue zinegotziak urarekin zerikusia duten hainbat galderei erantzun behar izan zituen. Berak egindako aurkezpenean adierazi zuen lehentasuna ur horniketa eta azpiegitura hobetzea izango zela. Izan ere, Ibiurretik datorren ur guzti horretatik milaka litro galtzen dira azpiegitura kaskarragatik.  Ezagun da hoditeria zaharkitua dagoela Andoainen, Udalaren arabera bost kilometroko luzera duen hoditeria sarea berritu beharra dago.
“Galera hori eurotan zenbat da?”, galdera egin zuten Basteron. Pedro Unanue zinegotziak adierazi zuenez galera hori dirutan 300.000 eurora gerturatzen dela adierazi zuen. Ez da, ez, txantxan hartu beharreko datua.
“Zein da Andoaingo uraren kalitatea?”, galdera hori ere egin zuten. Alkateak Ur Partzuergoak adierazten duenari eutsi zion. Alegia, Andoainera iristen den uraren kalitatea ona dela. Ez zen horretara mugatu eta garai batean Leitzarango ura kalitate eskasekoa zela gaineratu zuen, iragazi gabe iristen zela zehaztuz.
Gaur egungo irizpide zientifikoei erreparatuta, Maindiko iturritik datorren ura ere ez dela edangarria adierazi zuen. Jakin badakiela herritar askok ohituraz ura bertatik hartzen duela, baina ur hori ez dela edangarria errepikatu zuen.
Inguruko herriekin alderatuta eta ikusita azpiegitura nabarmen hobetu beharra dagoela, Pedro Unanuek uraren tasa igotzeko asmoa agertu zuen, “oposizioko kideekin negoziatzen ari gara. Erabat finkatu ez bada ere, hiru hilabeteko bost euroko igoera ezartzea aztertzen ari gara”.

Enplegua
Herritar batek hainbat lanetarako andoaindarrei lehentasuna emateko proposamena bota zuen. Alkateak erantzun zuenez, Udalak azpikontratatzen dituen enpresak ezin ditu herriko langabetuak kontratatzera behartu. Lege urraketa litzateke hori egitea. Alkateak, gehienez ere, lanak esleitzeko lehiaketan herriko jendea kontratatzea merituen artean txertatzeko konpromisoa har dezakeela adierazi zuen.
Hori esatearekin batera, Buruntzaldean enplegua sustatzeko plana martxa jarri berri dela erantsi zuen. Plan horren baitan indarrean dago eskualdeko enpresei bideraturiko dirulaguntzak, enpresariek langabetuak kontratatu ditzaten.

GAINERAKO ATALAK AIPAMEN ESANGURATSUAK
EUSKARA
•    Diru poltsa bat sortu Euskararen Aholku Batzorderako.
•    Euskara ikasleen diru-laguntzetan murrizketarik ez.

HIRIGINTZA
•    Etxeberrieta auzoko Plan Berezia.
•    Algodonerako garajeen proiektua.
•    Sorabillako pasabidea.

KULTURA
•    Jaietarako iazko diru partidari eutsi.
•    Dokumental zikloa abiatu.

ENPLEGUA ETA GAZTERIA
•    Eskualdeko Enplegu Planari abiada eman.
•    Makaldegiko gunea hobetu.
•    Gazte planaren osaketa.

LANGILERIA, ANTOLAKUNTZA
•    Komunikazio bitartekoen sorrera: udal aldizkaria, panelak, webgunea...
•    Parte hartze esperientzia ezberdinen garapena.
•    Hiritarren Arretarako Bulegoa zabaltzeko urratsak eman.

AURREKONTU PROPOSAMENA ATALEZ ATAL
Denera, eurotan    21.457.158
Langileria     8.199.293
Zerbitzuak     4.572.295
Hirigintza     749.500
Gizarte zerbitzuak    3.738.960
Kultura    1.848.460
Euskara    305.000
Ogasuna    1.685.194
Enplegua    358.455

RAJOYRI KRITIKA

Aurkezpen ekitaldian Egonkortasuna eta Finantza Iraunkortasunaren legeari (Ley Orgánica 2/2012, de 27 de abril) kritika egin zioten “Espainiatik inposatutako neurriak” direla gaineratuz. “Neurri hauekin Espainiak maila berean jarri ditu udalerri guztiak, eta udal batetik bestera aldaera handiak daude”. Zorpetze maila, adibidez, Gipuzkoan oso baxua da eta aldiz Espainia mailako hainbat udalerri leporaino zorpetuta daude.
Lege horren arabera Udal aurrekontuak egiterakoan derrigorrez hiru arau bete behar dira:

1– Zero defizita
Gastuen eta sarreren arteko orekari ondo erantzun dio Udalak.

2– Zorraren muga
Lege berri horren arabera 2013ko zor bizia 2012an likidatutako dirusarrera arrunten %95 baino txikiagoa izan behar du.
Andoainek erraz betetzen du eskaera hori, Udalaren zorra %30ekoa delako.

3– Gastuen araua
2012 eta 2013 urteetako aurrekontuen gastu konputagarriaren aldaera (1-7 kapituluak) %1,7 baino txikiagoa izan behar du.
Andoaingo Udalak ez du hirugarren neurri hau betetzen, kontsumoetan edota Udal langilegoarekin gastu korronte handia duelako. Hirugarren neurria betetzen ez badu ere, Andoaingo Udal agintariak lasai agertu dira, “zorionez, gipuzkoarroi Foru legeak babesten gaitu”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!