Peroteko langileak Alemaniara

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko api. 17a, 12:54

Zizurkilgo Huyck Wangner, Perot, enpresako langileek borroka etengabean jarraitzen dute, urtarrilaren 18an zuzendaritzak aurkeztutako 75 langile kaleratzeko erabakiari aurre eginez. Gaur, Alemaniara abiatuko dira. 

Urtarrilaren amaieran greba orokorrean hasi zirenetik, dagoeneko, ia hiru hilabete igaro dira. Urtarrilaren 21ean, astelehena, enpresako kontseilariek eta hauen abokatuek Zizurkilgo lantegiko ordezkariak bilera batera deitu zituzten. Bertan, ustekabeko berria eman zieten: 81 langiletatik 75 kaleratuak izango zirela, hots, lantegia itxi egingo zutela. Donostian egindako bilera hartan emandako arrazoiak, nagusiki, bi izan ziren: alde batetik, papergintzaren sektorea eta multinazionalak jasaten ari diren krisia eta bestetik, Zizurkilgo lantegian dagoen makineria zaharkituta dagoela eta hau eraberritzeko gehiegizko inbertsioa egin beharko litzatekeela (haien esanetan, 19 eta 24 milioi euro ingurukoa). Arrazoi horiek medio, Zizurkilen egiten den lana beste herrialde batzuetako lantegietara eramateko asmotan dira multinazionalaren jabeak, besteak beste, Austria eta Alemaniara.

Negoziaziorik gabe hilabete igaro ondoren, martxoaren 6an, kaleratze agirien zain zeudela, enpresak atzera bota zuen EREa. Pare bat aste beranduago, martxoaren 25ean, zehazki, bigarren EREa aurkeztu zuten. Bigarren negoziazio epea apirilaren 25ean amaituko da. Egin beharreko bilerak egin dituzte, baina ez dute akordiorik lortu. Joan zen ostiralean izan zen azkena eta langileek ezetza eman zioten enpresaren azken proposamenari: 13 langilerentzako lanpostua atzerrian eta 40 eguneko kalte-ordainak, 18 hilabeteko mugarekin. Hilaren 25era bitarte adostasunik lortzen ez badute, zuzendaritzak kaleratzeak komunikatuko lituzke eta  langileek auzitara joko lukete.

Egoera honi aurre egin nahian,  hiru hilabete hauetan, hainbat ekintza burutu eta bitarteko desberdinak erabili dituzte Zizurkilgo Huyck Wangner lantegiko kideek, besteak beste, manifestazioak, bideoa eta hainbat kontzentrazio egin dituzte. Horrez gain, enpresaren kanpo aldean, hilerri bat ere irudikatu dute. Borrokarekin jarraituz, gaur, enpresako 25 langile Alemaniara abiatuko dira, Reutlingen herrira hain zuzen. Bertan kokatzen da Xerium Technologies taldeko plantarik  garrantzitsuena. Zizurkilgo enpresako langileak bertako langile batzordearekin eta IG Metall sindikatuarekin batuko dira bertan. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!