Liburuaren Eguna apirilaren 27an Urnietan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko api. 16a, 14:12

Iñistorra euskaltzaleen biltzarrak Aiurrirekin batera eta Udalaren babesarekin Nazioarteko Liburuaren egunaren harira postua ipiniko du. Azokakoa ere Pirritx eta Porrotx pailazoen emanaldirako sarrerak erosteko lehen eguna izango da. Aurten liburuez gain antzezlana eskainiko da Saroben. Poxta Zahar taldearen urteurreneko ospakizunekin batera, ederra izango da apirilaren 27a.

Liburu azoka
Arratsaldean San Juan plazan


Azken urteotako ohiturari jarraituz, irakurzaletasuna sustatzeko azoka antolatu du Iñistorra euskaltzaleen biltzarrak. Apirilaren 23an Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzen dela eta, egun horren bueltan Urnietan bi liburu postu ipini ohi dira. Aurten lau egun beranduago izango da, apirilaren 27an hain zuzen. Larunbatarekin ospatuko da, beraz, Urnietan liburuaren eguna. Euskal literaturaren eta nazioarteko idazleen lan berrienak eskuratzeko aukera aproposa. Egun horretan ere pailazoen saiorako aurresalmentari hasiera emango diote. Maiatzaren 22an arituko dira Egape ikastolako jolastoki estalian. Beraz, pailazoak ikusteko asmoa duenak apirilaren 27tik aurrera sarrerak eros ditzake.
Aurtengo edizioan, azokak jarraipena izango du antzerki emanaldiarekin. Oarsoaldeko Dejabu konpainiak “Gure bide galduak” eskainiko du Saroben arratsaldeko 19:00etan hasita.  

 

Antzerki saioa
Iluntzean Saroben


Trantsizio garaia hizpide duen antzezlan ezagun eta saritua da “Gure bide galduak” izeneko obra. 2012an Donostiako Antzerki Saria jaso zuen, aurretik ere ikusleen eta kritikaren oniritzia jaso ondoren. Euskal Herrian barrena ibili dira eta antzezlan honen azkenetako saioa ikusteko aukera dago Urnietan bertan. Oso lan gomendagarria da.
1936 ikuskizunarekin antzerkiarekiko zaletasuna piztu den sasoi honetan, “Gure bide galduak” antzezlana ikusteko aukera baztertu ezin daitekeen kultur proposamena da.
Sinopsia: “Bost aktore eta zuzeneko gitar doinuekin sortutako antzezlana da. Taldean sortua eta eraikia. Konpainian ohikoa dugun moduan errealismo magikoz zipriztindutako ikuskizuna da, Euskal Herriko  historia hurbila abiapuntu hartuta: Franco hil ondorengo lehen urteak, mundua benetan alda zitekeela pentsatzen zen garaia, hain zuzen. Utopia, amets eta desenkantuari buruzko kontakizuna da Gure bide galduak. Gure memorietatik berreskuratutako piezekin sortutako gaurko ipuina”.
Konpainia: Dejabu.
Antzezleak: Miren Alkala, Iñigo Aranbarri, Maria Alonso, Urko Redondo eta Ainara Gurrutxaga. Musikaria zuzenean: Arantxa Vicedo.
Kritikak dioena: “Era harrigarri samurrean irudikatzen ditu 70etako urte ilun eta gogorrak, baserritik giro kaletarrera joandako neska baten bizipenetan”.

“GURE BIDE GALDUAK”
Apirilak 27, larunbata
19:00. Sarobe. Sarrera: 5 euro.
Iraupena: 90 minutu.
Sarrerak egunean bertan salgai.
Antolatzaile: Iñistorra. Laguntzaile: Udala.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!