Inauterietako argazki lehiaketa, deialdi berria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko api. 16a, 14:11

Datorren urteko inauterietako kartel iragarlea eta programaren azala osatzeko deialdi berria luzatu du Andoaingo Udalak. Aurreko astean epaimahaia bildu zen deialdira aurkeztutako lanen artean saritua erabakitzeko, eta lan gutxi aurkeztu zirela ikusirik, ahalegin berria egitea erabaki zuten.
Udalak, beraz, herritarrak animatu nahi ditu norberak argazki bildumatan dituen argazkiak berrikusi eta bere egunean lehiaketara aurkeztu gabe utzi zituzten horiek Bastero kulturgunera ekartzera, maiatzaren 7 eta 8an hurrenez hurren.

Oinarriak:


•    Lehiaketa herri mailakoa da eta horretan parte hartu ahal izango dute 14 urtetik gorako pertsonek, Andoainen bizi, ikasi ala lan eginez gero.
•    Gaia Andoaingo Inauteriak izango da, eta edukiari eta ideiari dagokienez lanek jatorrizkoak izan beharko dute.
•    Lanak paperean aurkeztu behar dira, gutxienez 20 x 15 zm-ko neurria behar dutelarik eta, gehienez, 30 x 40 zm-koa, eta negatiboekin edo jatorrizko artxibo digitalarekin batera aurkeztuko dira.
•    Argazkiak oinarrizko prozesaketa zein prozesaketa garatuaren bidez eralda daitezke. Argazkiak manipulatu daitezkeela, alegia.
•    Partaide bakoitzak, gehienez ere, 4 aurkeztu ahal izango ditu, txuri-beltzean ala koloretan.
•    Lanekin batera gutunazal itxi bat aurkeztu behar da, eta horren barruan egilearen izen-deiturak, helbidea eta telefonoa; baita aukeraturiko lema azaltzen duen agiria ere. Gutunazalaren kanpoaldean zein argazkien atzealdean, lema baino ez da idatziko.
•    Epaimahaiaren iritziz ezaugarririk egokienak dituen lanarentzat 250 euroko sari bakarra ezarri da. Dena den, Epaimahaiaren iritziz, aurkeztutako lanen artean ez badago bakar bat ere saria jasotzeko adinako kalitate daukanik, lehiaketa hutsik utzi ahal izango du.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!