Jokin Lizeaga eta Oihana Kortazar igandeko maratoiaren izarrak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko api. 16a, 10:08

Igandean goizeko 09:30tan Xoxokatik abiatuko dira lasterkariak eta bidean Onddi, Adarra, Zaburu eta Onddo mendiak igaro beharko dituzte.

Maldan gora eta behera, igoera eta jaitsiera ikusgarriak dituen proba da Urnietakoa. Iaz, herriko kirolari talde batek abiatu zuen 300 korrikalarien parte hartzearekin. Arrakasta probaren aurkezpenetik bertatik izan zutela esan daiteke. Izan ere, gehienezko parte hartze kopurua aise bete zen eta denak ere -antolatzaileak, auzotarrak eta lasterkariak- lasterketarekin gustura geratu ziren.
Aurten arrakastaren bidetik jarraituko dute, kirolarien artean ikusmina areagotu egin delako. 355 partaide izango ditu aurtengo edizioak eta aspaldi bete zuten gehienezko parte hartze kopurua. Gauzak horrela jarraitu bitartean, Urnietako urteko ekimen esanguratsuenetakoa izango da.
Proba behar bezala bideratzeok ezinbestekoa da auzotarren eta Urnietako hainbat herritarren laguntza bidearen seinalizazioan nahiz egunean bertan sortzen diren hamaika lanei erantzuteko. Auzolanari esker, beraz, lasterketa ikusgarria ondo bidean igarotzen da.

Eguraldiari begira
Aurreko egunetan eta egunean bertan egin dezakeen eguraldiaren aurreikuspenei begira ibiliko dira lasterkari gehienak. Euria eginez gero, ibilbidearen zati gehiena arriskutsu eta labainkor izango da. Horri edukiko beharko liokete beldur gehien.
Kontrara ere, aurreko asteburuko hego haizea eta beroa ez dira batere mesedegarri hogeita bat kilometroko ibilbidea sufrikarioa bilakatu daitekeelako.

FABORITO BAKARRA
JOKIN LIZEAGA URNIETARRA
Iazko probak izan zuen alde ilun bakarrenetakoa Jokin Lizeaga urnietarraren lesioa izan zen. Proba prestatzen ari zela, tibia aldean barne haustura izan eta lasterketan parte hartu ezinik izan zen. Lastima, bera zelako faborito nagusia.
Aurten, ordea, sasoiko dagoela esan daiteke eta ezustekorik ezean proba irabazi eta helmugan marka berria jar dezake.

EKAMUKEZKOETAN
OIHANA KORTAZAR
Azken orduan baiezkoa eman duen lasterkaria Oihana Kortazar izan da. Munduko txapelduna, beraz, Urnietako lasterketan izango da. Zalantzarik ez da elgetarraren parte hartzeak dizdira berezia emango diola lasterketari.


AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!