Euskal Herriko herri musikako tresnak Gurean ikusgai

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko api. 15a, 15:15

Oiartzungo Soinuenea izeneko museoaren erakusketa ibiltaria da honako hau. Juan Mari Beltranen hirukotearen emanaldi batekin zabalduko da bihar, hilak 16, 18:30ean, Gurea antzokian.

Herri musikako tresna tradizionalen erakusketa izango da ikusgai Villabonako Gurea erakusketa gelan apirilaren 16tik 27ra bitarte. Hainbat musika instrumentu eta hots-jostailu ikusi ahal izango dira erakusketa erakargarri eta didaktiko honetan; lau taldetan banatuko dira, hain zuzen, musika tresnak: kordofonoak, aerofonoak, menbranofonoak, idiofonoak eta hots-jostailuak, guztiak ere Euskal Herriko musika tradizionalean aspaldi erabiliak.

Erakusketa, lehen aipatu moduan, apirilaren 16an zabalduko da, Juan Mari Beltranen hirukotearen emanaldi batekin. Emanaldia Gurea antzokian izango da, 18:30ean. Bertan, Euskal Herriko eskualde desberdinetako musikaren hainbat kantu, doinu eta dantzari egingo zaio errepasoa; alegia, erakusketan ikusiko diren soinu tresnetako asko astinduko dituzte Juan Mari Beltran, Ander Barrentxea eta Andoitz Antzizar musikariek.

Hauxe izango da erakusketaren ordutegia: astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 20:30era, eta larunbatetan 10:00etatik 13:00etara. Erakusketa zein musika emanaldia doakoak izango dira, eta Villabonako Udaleko Kultura Sailak antolatu ditu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!