Udalak Santio jaiei buruzko materiala eskatu du

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko api. 12a, 14:38

Amasa-Villabonako Udaleko Kultura Saila Santio jaiei buruzko atzera begirako erakusketa bat osatzeko lanean ari da. Hasiera batean, jaietako egitarau zaharrei buruzko erakusketa bat egitea zen asmoa, baina udalaren artxiboa arakatzen hasi eta erakusteko moduko material dezente zegoela konturatu dira. Erakusketa ekaineko bigarren hamabostaldian izango da, Gurea erakusketa gelan, eta herritarrek etxean dituzten jaietako egitarau edo argazki zaharrak eraman ditzakete, erakusketa osatzen laguntzeko. Hauxe da zehazki Kultura Sailak eskatzen duena: 

1980 aurreko argazki edo bideo zaharrak, 1967 aurreko jai egitarauak, edota beste edozein material, interesgarria baldin bada, hala nola jantziak, kartelak, esku-orriak, gutunak, etab.

Material horiek udaletxeko Kultura Saileko bulegora eraman daitezke, 9:00etatik 14:00etara, apirileko astelehenetan. Printzipioz, argazkiak eta jaietako egitarau zaharrak eskaneatu eta beren jabeei itzuliko zaizkie. Baten batek zalantzaren bat izanez gero, edo informazio gehiago beharko balu, Kultura Sailarekin jar daiteke harremanetan 943691655 telefonoan edo kultura@villabona.net e-mailean. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!