Adunako Udalak, Joxan Lizarribar zenari

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko api. 11a, 13:19

Adunako Udaleko kideek lerro batzuk idatzi dituzte aste honetan zendutako Joxan Lizarribarren  inguruan. Joxanek Adunan egindakoaren aitortza plazaratu nahi izan dute modu horretan.

Jarraian, eskainitako lerroak: 

Lerro hauen bidez, Adunako Udalak, Adunako talde eta elkarteek, eta Adunako herritarrek esker ona eta egindakoaren aitortza egin nahi diogu Joxan Lizarribarri, eta elkartasuna adierazi nahi diegu bere familiakoei eta lankideei, une gogor hauetan.

Egun hauetan asko azpimarratu dira Joxanek Berrian eta beste zenbait tokitan euskararen sustapenaren alde egindakoak. Gu horren lekuko izan gara, eta aurrez aurre ikusi dugu horietan ez ezik, Refractarios Kelsen enpresan bertan ere euskara sustatzearen alde egin dituenak: Euskara Batzordea osatuz, enpresako idatziak euskaratuz, langileen artean euskararen aldeko motibazioa bultzatuz... Eredua emanez, argi erakutsi digu euskaraz lan egin daitekeela, nahiz eta kate bateko lantegia izan eta kanpokoekin asko lan egin behar izan. Adunako Udalak lan-munduan euskararen erabilera bultzatzearen alde egin zuenean ere, oso erantzun ona jaso zuen Joxanen aldetik, eta elkarlanerako prestutasun osoa azaldu zigun.

Horrez gain, biziki eskertu behar diogu Adunan kultura eta kirola bultzatzearen alde egin dituenak. Herriko talde eta elkarteek beti jaso dute bere laguntza jaietan bestela antola ezin zitezkeen ekintzak antolatzeko, Gorostidi Harria eta antzeko ekimenak egiteko, aurtengo ikasturtean abian jarri den Txulobi pilota elkartea aurrera ateratzeko... Ez dugu ahaztuko herriaren alde egindako guztia.

Gogoan izango dugu, halaber, herritarrak kontuan izatea langileak kontratatzeko garaian. Lan-eskaintzaren bat sortu denean, beti jakinarazi dio Udalari, bando bidez herrian horren berri zabaltzeko. Estimatzekoa da jarrera hori izatea, eta herritarren alde horrela egitea.

Eredugarria izan zara guretzat, eta jarrera ireki eta abegitsuarekin hartu gaituzu beti. Asko ikasi dugu zugandik, eta umezurtz geratu garen arren, ea zuk landatutako hazia indartzea eta behar bezala zaintzea lortzen dugun denon artean.

Adunako Udala (herri eragile eta herritar guztien izenean)

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!