Jokin Azkue, euskarari lotutako ibilbidea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko api. 11a, 10:42

Ikasketaz psikologoa da Jokin Azkue Arrastoa asteasuarra, baina euskarari lotuta bideratu du bere lan ibilbide osoa. Egun, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzaren arduraduna da. Bere ibilbidearen eta egun dituen egitekoen inguruan mintzatu da.

Ikasketaz psikologoa zara, baina zure lan ibilbidea ez duzu hortik bideratu...
Bilbon ikasten ari ginela, euskara talde bat sortu genuen unibertsitatean. Ikasketetan bertan hasi ginen euskara lantzen. Ikasketak amaituta, euskararekin lotuta jarritu nuen; horixe izan da beti nire gustuko lana, nire bokazioa.

Euskararekin lotuta doa zure lan ibilbidea. Nolakoa izan da orain arteko bide hori?
Eusko Jaurlaritzako langile publikoa naiz eta hizkuntza normalizazioan egiten dut lan; herri administrazioko eta euskara planen arduradun gisa. Horixe da nire ogibidea. Horrez gain, 1996etik 2005era HABEko zuzendari izan nintzen eta 2005etik 2008ra, Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikako sailburuorde zela, herri administrazioko euskara planen zuzendari lanetan aritu nintzen. Era berean, Tolosako zinegotzi eta alkateorde ere izan nintzen EAJ-PNV alderdia ordezkatuz.
Horren ondoren, Eusko Jaurlaritzako nire lanpostura itzuli nintzen. Legealdi berri honetan, Patxi Baztarrikak deitu ninduen Euskara Sustatzeko Zuzendaritzarako. Urtarrilaz geroztik, gizarte eragileei begira garatzen diren programen ardura daramat.

Zein da Euskara Sustatzeko Zuzendaritzaren egiteko nagusia?
Bi atal nagusi ditugu. Batek euskararen korpusarekin du zerikusia eta euskararen estandarizazioarekin lotuta dago. Zenbait elkarte eta erakunderekin lan egiten dugu; Euskaltzaindiarekin badugu hitzarmena, baita Labayrurekin ere, Euskal Herriko Unibertsitateko Euskal Institutuarekin ere lan egiten dugu. Estandarizazioaren atal honetan, bi esparru nagusi ditugu; batetik terminologia lantzen da. Euskalterm izeneko programaren barnean, esparru ezberdinetako terminologia zehatza lantzen da batzorde publikoan. Bestetik, toponimiaren inguruko lana ere egiten da, udal, elkarte eta beste hainbat erakunderi lagunduz.
Azken urteetan, teknologia berrietan ere sartu gara. Esaterako, Windows-en lokalizazioa egin da; euskarara eta software ezberdinak ere euskarara bihurtuz joan gara. Azken boladan, telefono mugikorretarako aplikazioak eta programak euskaraz lantzearen aldeko apustua egin dugu.
Bigarren atal nagusia, gizarte eragileekin garatzen dugun euskara sustatzeko programa da. Bi deialdi nagusi ditugu atal honen barnean. Batetik, euskarazko hedabideena; irratiak, egunkariak, aldizkariak, tokiko hedabideak, internet bidezkoak..., horiek diruz laguntzen ditugu. Eta bestetik, euskalgintzako zenbait programa garatzeko laguntzak ere bideratzen ditugu; familia bidezko programak, aisialdikoak, jardunaldiak, etab.
Horrez gain, guretzat estrategikoak diren elkarteekin hitzarmenak ditugu: EIZIE euskarazko itzultzaile eta zuzentzaileen elkartearekin zenbait liburu eta dokumenturen itzulpen programa dugu hitzartuta. Bertsozale elkartearekin ere badugu hitzarmena bere ohiko programa diruz laguntzeko. Era horretako beste zenbait programa dugu martxan.
Euskarara hurbiltzeko sentiberatze ekimena ere martxan dugu. Euskaraz dakienak erabil dezala eta ez dakitenek ikas dezatela; erraz dezatela modu horretan euskaraz komunikatzeko bide hori.  

Euskal Herriko zonalde ezberdinetan, oso errealitate ezberdinak bizi ditu euskarak. Nola bideratzen duzue hori?
Programak garatzen ditugunean, kontuan hartzen dugu lurralde bakoitzean nolako ahalegina egin behar den. Ez da berdina Gipuzkoako eskualde euskaldun batean garatu beharreko programa bat, edo Arabako zenbait zonaldetan garatu beharrekoa. Eragin maila beti hartzen da kontuan. Araban, esaterako, oso herri txikiak dira, baliabide txikikoak eta zaila izaten da zenbait programa aurrera ateratzea. Bizkaiko ezkerraldeko zonaldean berriz, arazoa ezberdina da; jende asko bizi da, oso herri handiak dira, baina euskarak indar gutxi du. Harreta berezia jartzen da baldintza horietan guztietan.

Nola ikusten duzu euskararen egoera gure eskualdean?
Ikastetxeek lan handia egin dute eta gazteek euskara erabiltzen dute nagusiki eskola inguruan. Eskolaz kanpoko ekintzetan, ordea, erabilera asko jaisten da eta hortxe dugu erronka. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Politika eta Kultura Sailak eta Soziolinguistikako klusterrak, ikerketa bat egin berri dute eta argi geratu da badagoela gabezia bat eskolatik kanpoko ekintzetan. Eskaintza erakargarria prestatu behar dugu gazteek euskara erabil dezaten. Euren harreman sareetan euskara indartu behar dugu eta hor zeresan handia dute helduen euskalduntze eta alfabetatze programek eta hedabideek. Aisialdiari dagokionez ere, ahalegin berezia egin behar dugu eurek erabiltzen dituzten tresnetan euskara indartzen. Telefono mugikorrak, tabletak..., horietan guztietan euskarazko eskaintza erakargarria sortu behar dugu.

Euskarari lotutako ibilbide honetan, zein izan da zailtasunik handiena?
HABEko zuzendari izan nintzen garaian, AEKren normalizazio prozesua burutu zen, eta oso momentu zailak pasa genituen. Urte haietan, erasoaldia etorri zen Estatuaren aldetik eta zenbait alderdiren aldetik; AEK zenbait joerekin lotu nahi izan zuten eta horrek euskalduntze eta alfabetatzearen kriminalizazioa ekarri zuen. Egoera gogorrak sortu zituen horrek guztiak. Azkenean, AEKren normalizazioa burutu zen eta egoerak lasaitzera egin zuen.
Horrez gain, euskalgintzak gaur bizi duen egoera ekonomiko zaila ere aipatu behar dugu. Orain arte, ekarpen handiak egon dira ekimen pribatutik eta krisialdiaren eraginez, beherakada handia etorri da. Zenbait eragile egoera zaila pasatzen ari da. Administrazioak ahalegina egin du hori xamurtzeko. Bestalde, kontuan hartu behar dugu  krisialdia ez dela kolpetik bukatuko eta egoera honetatik atera bitartean, eraginkortasuna bilatu behar dugula. Ditugun baliabideak ahalik eta modu eraginkorrenean erabili behar ditugu, betiere euskararen erabilera indartzea helburu izanik.

Euskara politikarekin oso nahastuta egon izan da...
Oso urte txarrak pasa izan ditugu. Ahalegin berezia egin beharko genuke euskara politikagandik banantzeko. Alderdi guztien artean diagnosi bateratua egin beharko genuke, gero aurrera egiteko. Alderdi bakoitzak sentsibilitate ezberdina du euskararekiko, baina garai bateko  distantzia eta aurreiritziak gainditzen ari garela iruditzen zait. Orain, denok batera aurrera egiteko garaia da.

Duela aste gutxi ospatu zen Korrika. Euskarak badu, oraindik ere, horrelako ekimenen beharrik...
Bai. Gizartea mugiarazten du Korrikak; jendea motibatzeko balio du, euskara eta euskaltegiak hor daudela lau haizeetara zabaltzen du. Euskararen etorkizuna bermatua dagoela ematen du, baina bizitasuna lortu behar dugu. Horretarako, oso baliagarriak dira Korrika bezalako ekimenak. Bestalde, pentsaera ezberdina dugun eragileak biltzeko ere baliagarria da. Aurtengoan, oso berezia izan da Eusko Legebiltzarreko alderdi guztietako ordezkariak Korrikan ikustea, inoiz ez bezala. Gaur egun euskararekiko sentiberatzeko kanpainak egin behar dira eta Korrikaren leloa bide horretatik zihoan.

Etorkizunari begira, zeintzuk dira Euskara Sustatzeko zuzendaritzaren jomuga nagusiak?
Legealdiari begira, bi dira lehentasun nagusiak. Batetik, helduen euskalduntze eta alfabetatzean ahalegin berezia egin beharra daukagu. Oraindik ere, asko dira euskaraz ez dakitenak eta horri irtebidea eman behar zaio. Aurrekontuen proposamenean, iazko kopuru berak mantendu ditugu arlo honetan. Bigarren lehentasuna, euskarazko hedabideak izango dira. Hauen kasuan ere, mantendu egingo da diru-laguntzetarako aurreikusitako diru kopurua. Hizkuntza politikaren aurrekontua %9,4 jaitsi da aurten, baina ahalegin berezia egin dugu bi arlo horiek zaintzen, horiek baitira gure lehentasun nagusiak. Saiakera egingo dugu finantziazio egonkor baterako bideak bilatuz, eta batez ere, eraginkortasuna bilatuko dugu hitzarmen eta deialdi guztietan.
Euskararen korpusaren inguruan lan egingo dugu Labayru, Euskaltzaindia eta euskara elkarteak biltzen dituen Topagunearekin eta horrez gain, esparru jakinak lantzeari ekingo diogu: teknologia berrien programak landu, hedapen zabala duten aplikazioak indartu, enpresa munduko erabilera planak sustatu, euskalgintzako garatze bideko programa zehatzak indartu..., horiek izango dira gure lerro nagusiak.
Guretzat oso garrantzitsua izango da lankidetza sustatzea. Guk bakarrik, administrazio bezala, ezin dugu euskara sustatu. Ezinbestekoa dugu euskara munduan dabiltzan gizarte eragileekin lankidetzan aritzea eta bide hori jorratzeko gonbitea luzatzen diegu. Badakigu hori ez dela egun batetik bestera lortzen, baina ahalegin berezia egin behar dugu lankidetza hori sustatzeko.

Asteasuarra zara izatez. Mantentzen al duzu lotura zure jaioterriarekin?
Umetan Asteasun egiten nuen bizimodu osoa, baina hamalau urterekin Tolosara joan nintzen ikastera. Lagun berriak egin nituen han eta Asteasurekin nuen lotura pixka bat eten egin nuen. Gaur egun, bertan bizi dira guraso eta senideak; haiek dira herriarekin dudan lotura sendoena. Horrez gain, gustura joaten naiz urtero Asteasuko jaietara. Txistua joz kalejira egiten dugu eta oso egun polita izaten da.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!