Emekumeak ikuskizuna, bikaina

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko api. 11a, 10:39

Martxoaren 8ko ospakizunei lotuta, emanaldi ikusgarria eskaini zuten Andoaingo zenbait emakumek. Berrogei pertsonatik gora igo zen Basteroko eszenatokira, ikuskizun ederra eskaintzera.

Musika eta literatura uztartzen zituen ikuskizuna eskaini zuten martxoaren 15ean, Bastero Kulturgunean. Eszenatoki gainean, berrogei emakume andoaindar izan ziren. Aurretik, sei hilabete luzeko lana egin zuen bost taldekidez osatutako talde eragileak. Garazi Kamio, Ariane Kamio, Aran Mujika, Esti Mujika eta Ixiar Oreja, burubelarri aritu dira emanaldia osatzen. Garazik eta Estik eman dituzte ekimenaren inguruko azalpenak: “Iazko martxoaren 8ko ospakizunetarako, Udalak Aran Mujika taldekideari dei egin zion, emanaldi ezberdin bat antolatzeko asmoa zutela eta. Aurreko urteetan, kamera kontzertuak antolatzen ziren, baina ez zuten harrera handiegirik izaten ikusle aldetik. Formatu hori alde batera utzi, eta herritarren parte hartzean oinarritutako saio bat antolatzeko eskaera luzatu zioten Arani. Hamabost emakume elkartu ginen iazko lehen emanaldi hartan, eta hark jarri zuen aurtengorako bidea”.

Musika eta hitza
Ikuskizun berezia antolatu zuten martxoaren 15erako. Musika, dantza eta literatura batu zituzten, emakumearen inguruko hausnarketa egiteko. Gidoia egitea izan zen talde eragilearen lehendabiziko lana: “Ardurak banatu genituen. Musikan adituak zirenek, emankizunaren arlo horren ardura hartu zuten, eta gainerakook, ikuskizunaren joskurak eta gidoia lantzen aritu ginen. Guztien artean osatu genuen ikuskizuna, pixkanaka”, azaldu dute.
Andoainen musika eta dantza munduan dabiltzan emakumeen zerrenda osatu eta deiak egitea izan zen hurrengo lana. Berrogei emakume baino gehiagoz osatutako zerrenda osatu zuten guztien artean. “Talde eragileko partaideen lagunak, ezagunak..., zerrenda hazten joan zen eta berrogeitik gorakoa izatera iritsi zen. Bagenekien Andoaingo emakume asko zebilela musika munduan, baina ez horrenbeste izango zirenik. Poza hartu genuen”. Proposamena entzutean, berehala eman zuten baiezkoa partaide guztiek.

Belaunaldiz belaunaldi
Izenburu berezia jarri zioten ikuskizunari: Emekumeak. Garazi Kamiok azaldu du hitzaren esanahia: “Emeak eta emakumeak hitzen arteko jokoa da. Zazpi atal ezberdinetan banatu genuen ikuskizuna. Kronologikoki, belaunez belaun jasotako balio ezberdinak bildu genituen. Atal bakoitzari izenburu berezia jarri genion: Amantala, maindirea, emegaldua, emezurtza, ametsak, ama eta amarauna. Guztiek ere, M hizkia dute lotura gisa, emekume hitzarekin bat eginez. Arropa garbitzera errekara joaten ziren garaitik, gaur egungo internet bidezko komunikaziora iritsi arteko bidea egin genuen ikuskizunean. Tartean, emakumeon beldurrak eta arazoak ere islatu nahi izan genituen. Atal bakoitzak bazuen bere kantua, bere doinua. Batzuek alaiagoak, beste batzuk ilunagoak..., Guztiok batera abesten amaitu genuen emanaldia”.

Dantza eta artea
Musikariez gain, dantzariak ere agertu ziren Emekumeak ikuskizunean: “Izaskun Forkadak, esaterako, koreografia berezia prestatu zuen El Tango de Roxanne kanturako. Funky eta tangoaren arteko nahasketa eskaini zuen, oso berezia. Badakit bereziki Izaskunen saioa ikustera etorri zenik izan zela. Urki dantza taldeko kideek ere parte hartu zuten ikuskizuneko atalen batean”.
Garazi Kamiok berak egin zituen aurkezle lanak, atal ezberdinen arteko loturak eginez eta eszenatokiaren atzealdean, Artekintza tailerreko kideek prestatutako ikusentzunezkoa eskaini zuten: “Ikusleei asko gustatu zitzaien. Lan handia egin zuten Artekintzakoek hori guztia prestatzen. Herrian bada lanean ari den jende mordoa eta hori guztia taulagainean islatzea lortu zuen ikuskizunak”, azaldu dute.

Aberastasuna
Adin guztietako emakumeak batu zituen Emekumeak emanaldiak. Hala azaldu du Esti Mujikak: “Oso polita izan zen elkarlan hori ikustea. Hamasei urte zituzten musikari gazteenek eta hirurogeita hamabost helduenak. Emanaldiaren hasieran, horrez gain, hamar urteko neskatxa batzuen kantuak ere izan genituen. Oso polita izan da horren adin eta ibilbide ezberdineko jendea batzea. Ikuskizunean parte hartzeko deitu genienean, berahala eman ziguten baiezkoa, guztiek ere, eta prestutasun hori eskertzekoa da”.

Zailtasunak
Emanaldiaren aurretik, ordea, entsegu asko egin behar izaten da eta hortxe bilatu dituzte zailtasunik handienak: “Ez da batere erraza berrogei pertsonen entseguak koordinatzea. Oso ohitura ezberdinetako jendea bildu ginen; batzuk profesionalki aritzen dira musikan eta dantzan, beste batzuk entseguetarako ia denborarik gabe zebiltzan..., hori guztia bateratzea ez da batere erraza. Hasierako asmoa hiru entsegu orokor egitea zen, baina oso zaila egin zitzaigun modu horretan gauzatzea. Azkenean, entsegu txikiagoak bideratu genituen, bakoitzak ikuskizunean zegokion zatia presta zezan. Entsegu orokorrak ere egin ditugu, guztia ondo bateratzeko. Estuasun momentuak pasa ditugu, baina oso emaitza aberatsa eman du, merezi zuen. Elkarrengandik ikasteko balio izan digu”, azaldu du Estik.

Helburuak
Elkarren arteko harreman polita sortu da emanaldiaren harira, hala azpimarratu dute Esti eta Garazik: “Lehen ez genuen elkarren berri handiegirik eta emanaldiak, horretarako bidea eman digu. Horrez gain, zenbait partaidek urte asko darama Andoaindik kanpo bizitzen eta emanaldi honek, itzuli eta herrikideekin harremana berreskuratzeko aukera eman die. Emanaldiaren helburu nagusia, herritarren parte hartzea bultzatzea zen eta hori ondo beteta geratu da”.

Harrera ona
Pozik ageri dira ikuskizunak izandako harrerarekin: “Hirurehun eta berrogeita hamar ikusle inguru izan genuen eta ikusitakoarekin oso pozik atera ziren. Jende askok geratu gaitu kalean, zoriontzeko. Gu ere oso gustura geratu ginen. Aurreko bi asteetako tentsio eta urduritasunak ahaztu, eta gozatu egin genuen. Oso emanaldi txukuna atera zen, ondo osatutakoa”.

Maila handia
Andoaingo emakume musikarien maila altua azpimarratu dute Estik eta Garazik: “Gazte jendea oso indartsu dator, oso ahots indartsuak dituzte eta eszenatoki gainean indarrez ageri dira. Horrez gain, bandako kideak, dantzariak..., guztiek agertu zuten maila handikoak direla. Askotan, bakoitza bere aldetik aritzen gara lanean eta ez dugu elkarren berri izaten. Emanaldiak elkar ezagutzeko ere balio izan zuen”.
Ezusteko politak hartu dituzte talde eragileko kideek: “Pianoak, akordeoiak... horrelako instrumentuak jotzen dituen jende asko dago herrian, baina ibilbide bereziagoa egin duenik ere bada. Rosa Zozayak, esaterako, urte asko darama rock taldeetan bateria jotzen. Bestelako ezusteko politak ere izan ditugu. Inork gutxi zekien Ixiar Beraza herritarrak kantua ikasi zuela eta bere saioak harridura handia sortu zuen”.

Etorkizuna
Datorren urteko emanaldiaz galdetuta, zalantza egiten dute Estik eta Garazik: “Oraindik ez da horretan pentsatzeko garaia. Aurtengoak lan handia eman digu eta orain atsedenerako tartea behar dugu. Datorren urteko martxoaren 8ko ospakizunetarako proposamen ezberdinak egon daitezke, aurtengoa bezain aberatsak eta osatuak. Gauza asko egin daiteke. Garaia iristean aztertu beharreko gaia izango da. Momentuz, apirilaren 26an egingo dugu afaria dugu buruan. Partaideak bildu eta elkarrekin gozatzeko momentua izango da”.

Bideoak ikusgai: www.youtube.com/aiurri
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!