Asteasuko haurren inguruko azterketa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko api. 11a, 10:36

Iaz hasi zuten Asteasuko herriaren eta bere biztanleen inguruko azterketa soziologikoa. Xehetasun handiz egindako azterketak, herriaren argazkia eskaini die Udaleko kideei. Haurren inguruko datuak eskaini ditu Patxi Olasagasti zinegotziak.

Patxi Olasagastik bideratu du azterketa prozesua eta hark eman ditu beharrezko azalpenak: “Hauteskundeetara aurkeztu ginenean, garbi genuen diagnosi zehatza behar genuela. Aldaketak egin nahi genituen, baina horretarako, beharrezkoa zen gaur egungo Asteasu ondo ezagutzea”.

Inkestak, adinka banatuta
Diagnosi zehatza lortzeko, lau inkesta ezberdin egin dituzte; zortzi eta hamaika urte arteko haurrei, hamabi eta hemezortzi urte arteko gazteei, hemeretzi eta hirurogeita bost urte arteko herritarrei eta erretiroa hartutako helduei. “Herritarren parte hartzea sustatzeko modua ere eman digu azterketa prozesuak. Udala eta herritarren arteko distantzia handi xamarra izaten da oso maiz, eta egoera hori ez zen gure gustukoa. Inkestak egiteak, herritarren parte hartzea bultzatu du. Herria ezagutu eta hobetzen saiatzeko erabiliko dugu bildutako informazioa eta hori onuragarria izango da denentzat. Inkesta honi esker, herria bera da hitz egiten ari dena. Bilera irekiak egin izan bagenitu, ziur aski ez zitzatekeen jende gehiegirik azalduko; modu honetan, berriz, adin eta egoera ezberdinetako herritar askok parte hartu du. Oso prozesu aberatsa izan da eta bildutako datuak, oso fidagarriak”, azaldu du Patxik.

Gipuzkoako barnealdea
Asteasuko egoera hobeto ezagutzeak, gainera, inguruko beste zenbait herriri buruzko berri ere eman dezake, Patxi Olasagastiren aburuz: “Gipuzkoako barnealdeko herri askoren ezaugarriak biltzen ditu Asteasuk. Hemengo errealitatea beste hainbat herritakoarekin pareka daiteke eta oso baliagarria izan daiteke zenbait erabaki hartzeko garaian”.
Urteak pasa ahala gizartean gertatzen diren aldaketak neurtzeko ere baliatuko dute Asteasuko azterketa: “Herria ez dago geldirik, etengabeko aldaketan dago. Jendearen gustuak, ohiturak, kultur zaletasunak..., etengabe aldatzen doaz. Garrantzitsua da gure gizartea nora doan ikustea. Gizarte guztiak bezala, Asteasun ere modernitaterantz goaz. Interesgarria da ikustea prozesu horretan nola erlazionatzen diren baserriak ohiturekin eta kalea modernitatearekin”.

Haurren bizimodua, xehetasun guztiekin
Haurrei egindako inkestak utzitako emaitzak aurkeztu ditu Patxi Olasagastik lehendabizi. Zortzi eta hamabi urte arteko laurogei gaztetxori egin zieten galdeketa: “Heldutasunerako bidea egiten ari dira adin horretan. Eskolako garapenerako oso garai garrantzitsua da eta baita pertsonaren sozializaziorako ere. Asteasuko haurrak adin horretan oso gutxi ateratzen dira herritik; ikasketak, familia, lagunak, eskolaz kanpoko jarduerak..., hori guztia herrian bertan dute. Horrek esan nahi du gizarteratze prozesua Asteasun egiten dutela ia bere osotasunean eta garrantzitsua da haien errealitatea ezagutzea”.

Kirolariak
Eskolaz kanpoko ekintzen inguruko galdeketa egin diete gazteei: “Haurren %76ak astean hiru eta bost egun artean eskaintzen dizkie eskolaz kanpoko ekintzei eta gehienek Asteasun bertan egiten dituzte”. Haurrek aukeratzen dituzten ekintzen artean, gehiago dira kirolaren aldeko hautua egiten dutenak: “Oso haur gutxi dira eskolaz kanpoko ekintza berezirik egiten ez dutenak, eta gehienek kirola aukeratzen dute”.

Etxeko lanak
Haurrei egindako inkestatik beste ondorio batzuk ere atera daitezkeela azaldu du Patxi Olasagastik: “Etxeko lanak egiten nork laguntzen dien galdetutakoan, %28,75ak amak laguntzen diela erantzun du, eta %23,75ak bi gurasoek laguntzen dietela. Horrez gain, askoz ere ohikoagoa da haurrak eskolara amak eramatea, aitak eramatea baino. Horrek esan nahi du oraindik ere emakumeek hartzen dutela etxeko martxaren ardura”.

Eskola
Eskolaren inguruko galderak ere egin dizkiete gaztetxoei. Hala azaldu du Patxik: “Haurren %76a pozik joaten da eskolara eta %96a gustura dago bere irakasleekin. Horrek garbi uzten du eskola oso ondo baloratuta dutela eta ez dagoela arazo berezirik. Oso garrantzitusa da hori adin honetako gazteekin”.

Irakurketa
Herriko gazteen kultur zaletasunak ere aztertu dituzte. Zortzi eta hamaika urte artekoen %41,25ak egunkaria irakurtzeko ohitura du. “Ez da datu txarra. Gehienbat kirol inguruko berriak irakurtzen dituzte, baina bestelako albisteen inguruko interesa pizten hasi zaie”.
Irakurtzen dituzten liburuen inguruan galdetuta, berriz, datu interesgarri bat bildu dute Asteasun. “Herri euskalduna da gurea, eta bildu ditugun datuak nahiko harrigarriak izan dira. Gazteek irakurtzen dituzten liburuen %66,25 gaztania hutsekoak dira. %6,25ak aukeratu zuen euskarazko liburuak bakarrik irakurtzea. Kontuan hartu beharreko datuak direla iruditzen zait, oso serioak. Ondo aztertu beharko da zein den joera horren arrazoia”.
Irakurketarekin lotuta, liburutegiaren erabilera sustatzeko beharra ikusi du Patxik: “Udalak dirutza handia jartzen du liburutegia zabalik izateko, baina haurrek ez diote erabilera handirik ematen. Ez dago hori sustatzeko plan zehatzik, eta horri ekin beharko diogu; liburutegia ez dadila izan internet erabiltzeko toki hutsa, eman diezaiogula erabilera aberatsagoa. Gai hori landuko duen talde bat sortzea izango da eman beharreko lehendabiziko pausoa”.

Internet sarea
Gaur egun, internetak ere garrantzia berezia du gaztetxoen gizarteratzean: “Zortzi eta hamaika urte arteko haurren %82,5 konektatzen da internetera eta horietatik gehienak, bakarrik daudenean. Kontuan hartu behar dugu zortzi eta hamaika urte arteko haurrez hitz egiten ari garela eta bakarrik aritzea, arazo izan daiteke. Komeni da gurasoek honen berri izatea. Mugikortasunarekin zerikusi estua du internetak; gazteek, herritik mugitu beharrik gabe, toki eta jende ezberdina ezagutzeko aukera dute internetari esker. Horrek onura handiak dakartza, baina baita arriskuak ere. Joera hori arretaz jarraitu beharrekoa da”.

Telebista
Gaztetxoek telebistan ikusten dutena ere aztertu dute Asteasuko Udaleko kideek: “Gazteen %42,75ak joera handiagoa dute telebistan gaztelaniazko saioak ikusteko euskarazkoak baino. Honek ere joera aldaketa bat dagoela adieraz dezakeela iruditzen zait”.
Antzerkia, zinea, herriko jaiak..., horiek guztien inguruko galderak ere egin dizkiete gazteei. “Gustuak aldatzen ari direla antzematen da. Musikaz galdetuta, esaterako, gehienek pop-rock musikaren aldeko hautua egiten dute eta askoz ere gutxiago dira trikitixa edo bertsoak aukeratzen dituztenak. Gizartea aldatzen doa eta horrekin batera, baita gustuak ere. Landa inguruan bizi bagara ere, gazteen joera eta gustuek geroz eta harreman handiagoa dute hirietako gazteek dituztenekin. Hori ondo antzematen da inkestako erantzunak aztertuta”, azaldu du Patxik.

Gastronomia
Janari gustuak ere aldatzen ari direla antzeman du Patxik inkesten erantzunei begiratuta. “Gehienek pasta, arroza eta haragia aukeratzen dute jaki gustukoen inguruan galdetuta. Barazkiak eta lekak dira gutxien gustatzen zaizkienak. Garai batean, horiexek ziren landa eremuko biztanleen elikaduraren enbor nagusia. Aldaketa gertatzen ari dela adierazten dute datuok. Horrez gain, janari azkarra gazteen %35ari gustatzen zaio. Aurreko belaunaldietan askoz ere txikiagoa zen portzentai hori. Kanpotik datorren kultura gure egiten ari garela adierazten du honek guztiak”.  

Berdintasuna
Mutil eta nesken arteko harremanak ere aztertu dituzte: “Gai garrantzitsua da hori. Berdintasunaren inguruan dituzten ideiak aztertu nahi genituen. Orokorrean, berdintasuna ondo onartua dago, bai nesken artean, baita mutilen artean ere. Nabarmentzekoa da, hala ere, mutilek neskek baino lan gehiago egiten dutela etxean: ohea egin, mahaia bildu, arropa lisatu..., mutilek gehiagotan egiten dituzte horrelakoak. Beharbada, berdintasunaren aitzakian, zenbait neska betebeharrak alde batera uzten hasiak dira. Ondo aztertu beharreko gaia da hau ere”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!