Arropa birziklatua, krisiari aurre egiteko irtenbide bat

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko api. 11a, 10:33

Maiatzean eta ekainean arropa birziklatua egiteko ikastaroa eskainiko du Tytti Thusberg finlandiarrak Amasa-Villabonan. Moda eta diseinuaren munduan ibilbide luzea egina du, baina berezitasun batekin, arropa birziklatua diseinatu eta egiten du.

Izatez finlandiarra zara. Noiz etorri zinen Euskal Herrira? Zerk bultzatuta?
Finlandiatik irten eta beste herrialde batzuk ezagutzeko gogoa nuen. Hona etorri aurretik, banuen Euskal Herriaren berri; nire osaba, 1974an, Donostiako “Txuri Urdin” hockey taldeko entrenatzaile izan baitzen. Horrez gain, Finlandian mutil euskaldun bat ezagutu nuen eta Euskal Herriko hainbat istorio kontatu zidan. Oso interesgarriak izan ziren hizketaldi haiek, izan ere, 90. hamarkadan ez zegoen euskal kulturaren ezagutzarik. Gaur egun, ordea, gauzak asko aldatu dira. Bertako jendeak hemengo gastronomia, paisaiak... ezagutzen ditu. Internetek horretan asko lagundu du.  1996an, sortzaile gazteen lehiaketa bat irabazi nuen, Smirnoff International Fashion Awards SIFA, izenekoa hain zuzen. Sari honi esker, Hego Afrikan finalista izan nintzen eta arte eta diseinuko beka bat eman zidaten. Beka horrekin Donostiara etorri nintzen. Euskal kultura, euskara eta bertako ohiturak oso interesgarriak iruditu zitzaizkidan. Gainera, garai hartan artilezko feltroarekin aritu nintzen lanean eta horren harira, zirkuluaren sinbologia aztertu nuen, ondoren nire lanetan erabiltzeko. Hemen era horretako sinbologia asko dago, besteak beste, hilarrietan agertzen direnak. Baina egia esan behar badut, maitasunagatik geratu nintzen. Finlandian ezagutu nuen mutil euskaldun hura, egun, nire senarra da.

Moda diseinatzailea zara. Noiz eman zenituen lehen pausoak?
Txikitatik egiten ditut nire arropa. Oso gustuko nuen arropak eta etxean zegoen Singer markako josteko makina zahar batekin ikasi nuen josten. Proba desberdinak egiten nituen, tela desberdinekin, ezertarako balio ez zuten maindireekin... Gaztetan ere, denbora asko pasatzen nuen bigarren eskuko dendetan arropa begiratzen. Horrela, ikasketak ere diseinuaren arlotik egin nituen. 1990ean jostun eta artisau-jantzigintza titulua eskuratu nuen. 1992an goi-mailako joskintza ikasketak egin nituen, eta 1995ean moda diseinatzaile titulua eskuratu nuen.
Karrera amaituz geroztik hainbat lehiaketa, galeria eta pasarelatan hartu dut parte, besteak beste, London Fashion Week-ean, Tenerifeko zine ekologiko eta naturalaren festibalean, Balenciaga museoan, Helsinkiko Desing Forumean eta Europako Ekodiseinua festibalean. Horrez gain, hainbat proiektutan ere parte hartu izan dut. Gaur egun, AEG ikastetxeko (moda eta ehunen diseinuko eskola) irakaslea naiz.
Nire ibilbidean, betidanik kezkatu izan naute ingurugiroak eta materialek duten bizitza motzak. Horregatik, urteek aurrera egin ahala, neronen marka sortu dut. Nik diseinatzen ditudan arropa edota osagarri guztiak material birziklatuekin eginak dira. Era honetako modari moda mantsoa deritzo, slow fashion hain zuzen. Moda honek, etika eta ekologia ditu bere oinarrian. Nik esaterako badut, segurtasun-uhalekin osatutako poltsen bilduma bat eta horri Slowbag deitu diot. Horren inguruko xehetasunak www.tyttithusberg.com webgunean aurki daitezke.

Zer da zehazki arropa birziklatua?
Arropa birziklatuak bigarren eskuko jantziak dira, noski. Lehen aipatu moduan, nik egiten dudan modari slow fashion deitzen zaio. Arlo honetako diseinatzaileok ez dugu denboraldiaren arabera lan egiten; zerbait esan nahi dugunean edo ideiaren bat adierazi nahi dugunean sortzen ditugu jantziak. Moda honen oinarria norberaren esentzia eta nortasuna azaleraztea da. Diseinuak norberaren nortasunari egokitutakoak eta atenporalak dira. Momentu honetan, esaterako, bigarren eskuko ehunekin soinekoak eta gonak egiten ari naiz. Lehengaia aurrez erabilitako arropa edota aurreko denboraldietatik saldu gabe geratu den arropa da, denak ere, bigarren eskuko dendetan erosiak. Lehengai hauek erabiltzen hasi aurretik, hori bai, garbitu egiten ditut.
Gaur egungo modaren mundua kontsumista da oso. Denboraldi bakoitzean tendentzia berriak sortzen dira eta aurreko urteetakoak, egoera ezin hobean egon arren, “zaharrak” geratzen dira. Ni ez nago diseinu onaren aurka, dirua eta ingurugiroa etengabe xahutzen duen sistemaren aurka baizik. Are gehiago esango nuke; nire ustez, diseinu on batek ingurugiroarekiko errespetua agertzen du. Izan ere, arropa bat material onekin egina badago eta diseinu ona badu, bizitza luzea izango du.

Zure ustez, zer behar da moda diseinatzaile on bat izateko?
Diseinatzaile on batek eskola espezializatuetan egindako ikasketak behar ditu, diseinu eta ehun-joskintza ikastaroak hain zuzen. Hezkuntza sakonik gabe, ezinezkoa da diseinatzaile on bat izatea. Diseinatzaile batek hasieratik jakin behar du jantzi bat nola osatzen den, hau da, patroiak eta josteko teknikak jakin, ehun eta osagarri desberdinak ezagutu, bere jarrera zein den jakin, joste prozesua zein den jakin, etab. Hori guztia alderdi sozioekonomikoa eta ingurumenarena ahaztu gabe. Honi guztiari sormena, diziplina eta jakin-mina, ez modarekikoa bakarrik, orokorrean, bizitza eta kulturarekiko jakin-mina gehitzen bazaizkio, diseinatzaile on bat izatera iris daiteke bat.

Maiatzean, arropa birziklatuaren inguruko ikastaroa eskainiko duzu Amasa-Villabonan . Jendeak zergatik animatu behar du ikastaroan parte hartzera?
Norbaitek oinarrizko joskintzarako interesa badu, edo etxean aldatu nahi dituen jantziak baldin baditu, edo joskintzarako proiekturen bat badu eta nola egin ez badaki, ongi etorriak denak. Nik aholkuak emateaz gain, teknika errazak erakusten ditut. Hala ere, horrelako ikastaroetan gehien gustatzen zaidana ideien trukaketa da. Parte-hartzaileek beren ideiak besteekin partekatzen dituzte eta hori oso positiboa izaten da.

Ikastaroaren nondik-norakoak
Amasa-Villabonako eta Zizurkilgo Udaletako kultura sailek antolatu duten ikastaro berritzailea da “Arropa birziklatua egiteko ikastaroa”. Maiatzaren 6tik ekainaren 24ra bitartean, Tytti Thusberg irakasle finlandiarrak jantzigintzaren inguruko teknikak irakatsi eta aholkuak emango ditu. Astean behin, astelehenetan, 17:00etatik 20:00etara izango dira klaseak Txermin auzoan kokatzen den lehengo jubilatuen egoitzan. Amasa-Villabonan eta Zizurkilen erroldatuta daudenek 65€ ordaindu beharko dituzte; gainerakoek, berriz, 80€. Ikastaroa maiatza eta ekainerako aurreikusia badago ere, izen-emateko epea apirilaren 26an, ostirala, amaituko da. Ikastaroan parte hartu nahi duten guztiek, beraz, apirilaren 26a baino lehen kultura@villabona.net helbidera idatzi edota 943691655 telefonora deitu beharko dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!