Hainbat ekintza Onddo Gazte Asanbladaren eskutik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko api. 11a, 10:28

Maiatza ekitaldiz betea izango da Amasa-Villabonan. Frontenis Txapelketa, haur-jolasak, argazki rallya, erromeria... Urteurrena ospatu asmoz, orotariko ekintzak antolatu dituzte Onddo Gazte Asanbladako kideek. Beñat Karrera, Manex Urkia eta Kepa Iguaranek hartu dute hitza. 

Egun, 17 eta 23 urte bitarteko 20 lagun inguruko taldea dabil Onddo Gazte Asanbladako antolakuntza lanetan: “Gazte guztiak animatu nahi ditugu, guregana bil daitezen. Lasai etor daitezela, inongo konpromisorik gabe gainera. Askotan, hasiberriak, lotsagatik edo, ez dira gugana etortzera ausartzen, baina guztiok hasi ginen hortik, eta guk, denak animatu nahi ditugu. Astero elkartzen gara, ostiraletan, gaueko 22:30ak inguruan, udaletxeko arkupean. Orain maiatzeko ekitaldiak antolatzen bagabiltza ere, urtean zehar, egin ditzakegun ekintzen proposamenen inguruan hitz egiten dugu. Guztia elkarlanean egiten dugu. Askok ‘elkarte itxi’ bat dela pentsatzen du, baina gu erabat irekita gaude. Pena bada ere, gehienak mutilak gara, oso neska gutxi etortzen da”, azaldu du hirukoteak. Momentu honetan, Onddo Gazte Asanbladak duen arazoetako bat egoitzarik eza da. Orain arte, Sacemgo etxetxo txiki bat izan da euren pausagune, baina kideen iritziz, lokal hau ez da bideragarria: “Herrigunetik urruti egoteaz gain, barrutik, etxe baten estruktura du eta horrek ekitaldiak egiteko garaian asko mugatzen gintuen. Horrez gain, ezkutuko lekuan dagoenez, lapurreta asko izan ditugu. Guretzat, beharrezkoa da lokal bat edukitzea. Ekintzaren bat antolatzen dugunean materiala non utzi ez dakigula ibiltzen gara. Egoitza izatea guretzat oso lagungarria litzateke”, adierazi dute.

Herritarren parte-hartzea, beharrezkoa
Ekintzen antolakuntzak beti izaten du arrisku bat: harrera zein izango den ez jakitearena. Onddokoen iritziz, “askotan ekintzak antolatzen ditugun arren, jendearen erantzuna eskasa izaten da. Gazte Asanbladakook antolatutako ekintzak diren arren, herritar guztiei zabaldutako ekintzak dira. Maiatzean, adibidez, besteak beste, erromeria eta bertso-afaria antolatu ditugu, beraz, jendea ez  dadila etxean gera, har dezala parte”. Maiatzeko ekitaldiez gain, urteroko moduan, Santio jaietan ere Onddo Gazte Asanbladakoek antolatutako egun bat izan ohi da. Aurten, uztailaren 26a, ostirala, izango da egun hori: “Urtero 200 lagun inguru biltzen gara bazkarian, guztiak mozorrotuta. Orain hiru urte egin genuen Gazte Egunean mozorrotuta ateratzearen proposamena eta oso harrera ona izan zuen. 200 lagun horiei urtean zehar ere antolatutako ekitaldietan parte hartzeko deia egin nahi diegu. Gugana gerturatzeak ez du konpromisorik hartzea esan nahi; parte-hartzea da garrantzitsuena”, adierazi dute.

Herriari bizitasuna
Onddoko kideen iritziz, “herrian gazteen mugimendua egotea eta mugimendu honek ekintzak antolatzea garrantzitsua da. Gainerakoan, gazteak lokaletan sartzen dira eta ez dira handik mugitzen. Ekintza desberdinek herriari bizipoza ematen diote. Larunbat iluntzetan herrira irten eta zerbait egotea polita da”. Hainbat urtez ‘Onddorock’ antolatu badute ere, aurten beste formatu bat ematea pentsatu dute: “Egia esan, aurreko edizioak ez dira uste bezain ongi atera eta aurten inguruko talde gazteei aukera ematea pentsatu dugu. Azken finean, ondo pasatzeko ez dago talde entzutetsuen beharrik”.

Egitaraua

Maiatzak 3, ostirala. Umeentzako pelikula Aljibean.
Maiatzak 11, larunbata. Argazki lehiaketa.
•    10:30ean izen-ematea Errebote plazan.
•    11:00-13:00. Herrian zehar argazkiak ateratzeko aukera. Guztira, hiru argazki aurkeztu ahal izango dira. Irabazleak, sari moduan, bi pertsonentzako afaria jasoko du.
Maiatzak 12, igandea. Erromeria Komizarren.
•    11:00. Irteera Komizarrera Errebote plazatik. Komizarren, pintxoak eta edariak dastatzeko aukera izango da, trikitilari eta bertsolariak.
Maiatzak 18, larunbata. Aiztondoko gazteen topaketa (Asteasu-Zizurkil-Alkiza).
•    Oraindik antolakuntza lanetan badabiltza ere, bazkaria, jolasak, trikipoteoa eta kontzertuak izango dira.
Maiatzak 25, larunbata.
•    Goizean, haurrentzako jolasak Errebote plazan.
•    12:00. Frontenis txapelketako finala Behar-Zana pilotalekuan. Frontenis txapelketan 16 urtetik gorako edozein herritako bikotek har dezake parte. Izena ematea: apirilaren 18tik 26ra bitartean onddogazteasanbladabillabona@hotmail.com helbidean; eta 18:00etatik 19:00etarako ordutegian, udaletxe azpian izena eman ahal izango da.
•    21:00. Bertso-afaria, Harituz elkarguneko kideen eskutik, Berdura plazan. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!