Bertsoa.com 2006an sortu zen. Zein da zehazki webgunearen eginbeharra?
Gure helburua bertsolaritza sarean zabaltzea da. Bertsolaritza mugimendu handiko kultur jarduera da, eta errealitate hori bertsozaleen eskura jartzea da gure jarduna, bai informazio aldetik eta bai bertso aldetik. Orotariko saioak ematen ditugu. Batzuk gure erredakzioak grabatuak, besteak Hitzetik Hortzerako kideek bilduak, edota Bertsozale Elkartearen bidez jasotzen ditugunak. Horrez gain, saiatzen gara txapelketei ahalik eta jarraipen zabalena ematen. Gutxi gora-behera, urtean, 1.000 albistetik gora eta 130 saiotako bertsoak zintzilikatzen ditugu. Internetek duen abantaila zera da, ez dagoela espazio mugarik.
Hiru kide aritzen zarete webgunea kudeatzen...
Bertsoa.com Bertsozale Elkarteak eta Librean Kooperatibak egiten dugu, lankidetzan. Erredakzioan, Beñat Gaztelumendi, Eneritz Urkola eta hirurok aritzen gara. Beñat eta biok informazioaren arloaz arduratzen gara. Eneritz berriz, Hitzetik Hortzerako erredakzio taldean ere badagoenez, multimedia arloaz arduratzen da gehiago.
Zein dira, batez ere, webgunean lantzen diren gaiak?
Gure bi ardatzak bertsolaritzari buruzko informazioa eta bertsoak dira, eta ekitaldi nagusienak zuzenean ematen ditugu. Horrez gain, azken urteotan, sare-sozialen presentzia ere indartu dugu. Twitterra, esaterako, oso harrera ona izaten ari da eta hori eskertzekoa da.
Bertsozale Elkartearekin lotura zuzena duzue. Zertan bereizten zarete Bertsoa.com eta Bertsozale.com?
Bertsoa.com bertsolaritzari buruzko sareko hedabide bat da, Bertsozale Elkartea bultzatzaileetako bat duena. Bertsozale.com, berriz, Bertsozale Elkartearen webgune korporatiboa da. Biak elkarren osagarri dira, eta bakoitzak dagokion lana egiten du.
Bertsoa.com-etik bereizgarriren bat aipatzekotan, zein aipatuko zenuke?
Orokorrean, bereizgarria proiektuaren filosofia bera da. Euskarak behar dituen bezala, kulturak ere bere hedabideak behar ditu eta bertsoaren munduan badago zer eskainia. Oraindik ere webgunean badago zer hobetua, baina baliabideek asko mugatzen dute lan horretan. Sei urte hauetan, webguneak milioi bat sarrera baino gehiago izan ditu eta jendeak informazio hori kontsumitzen badu, funtzio bat betetzen ari den seinale. Egun, kalitate handiko material asko dago. Gure garaian, bertso-programa, cassete eta liburuetara jotzen genuen. Orain sarea ere badago. Interneten bitartez, belaunaldi berrienganako transmisio hori ere errazagoa da. Azken finean, hori da Bertsoa.com-en ardatza.
Urtarrilean Argia saria jaso zenuten. Esperotako saria izan al zen?
Ilusio handia egin zigun. Argia hedabidea Interneten puntakoa izan da beti eta beragandik saria jasotzeak poza eman zigun. Sariak beti gustura jasotzen dira.
Epaimahaiak hala definitu zuen webgunea: “Kulturaren alor zehatz bati bete-betean eskainitako webgunea da. Gaur egungo teknologiak erabiliz, baliabide gutxi eduki arren, gauza handiak egin daitezkeela erakusten du. Internet bertsotarako plaza digital bihurtzea lortu du”.
Bat dator lehen aipatutakoarekin. Hasi, bertsoplaza digital moduan egin ginen, baina orain, sare moduan definituko nuke. Hamabost urtean Interneten bertsolaritzak ezarpen handia egin du, proiektu asko sortu da. Bertsoa.com ere ez da ezerezetik sortzen; aurrez egindako lan guztiaren ondorengo moduan baizik. Hala ere, aipatu behar da lehentasuna dela bertsozaleak bertsoa plazan bertan gozatzea. Gure webgunea ez da zuzenekoaren ordezkapena, osagarria baizik.
Lehen hiruhilekoan bertsoa.com-ek 60.000 sarrera eta 19.000 erabiltzaile izan ditu. Urtetik urtera datuek gora egiten al dute?
Txapelketa urtea izan edo ez aldea dago, hauek mugimendua markatzen baitute. 2012an, esaterako, baliabide gutxiago ere izan genituenez, erabiltzaile kopurua jaitsi egin zen, baina aurten badirudi gora doala. 2013an egoera aldatu egin da, batez ere, Bertsozale Elkartearen ahaleginari esker. Proiektu honek, eskaintza ez ezik, zabalkunde ahalmena handitzera jo beharko luke eta datozen urteetan hori da helburua. Interneteko hedabide tematiko batek ere, bidea ondo eginda, hedabide orokor batek adinako indarra izan dezake. Gure etorkizuneko giltza zabalkundea da, anbizio handiarekin jokatu behar dugu, eta zabalkundeari dagokionean, mugaraino iritsi.